Elkarretaratzeak egin dituzte unibertsitateetan azken asteotako errepresioa salatuz
GARA |
Urriko azken asteazkenarekin bat eginez, eta Presoen Aldeko Taldeek (PAT) deituta, mobilizazioak egin zituzten atzo EHU-UPVko Leioko campusean eta Bilbon kokatutako Arangoitiko Irakasle Eskolan, San Mameseko Ingeniari Eskolan eta La Casillako Ingeniaritza Teknikoko Eskolan. Orain dela aste pare bat ezker abertzaleko ordezkarien kontra izandako polizia operazioa eta amnistiaren aldeko mugimenduko kideen kontra Auzitegi Gorenak emandako epaia salatu zituzten elkarretaratzeetan.
Gasteizko campusean ere mobilizazioa egin zuten euskal preso eta errefuxiatu politikoen etxeratzea aldarrikatzeko. 35 bat ikaslek parte hartu zuten ekimenean.
Bizkaiko unibertsitateetan egindako mobilizazioetan adierazi zutenez, ezker abertzaleko kide ezagunen atxiloketa eta kartzelatzea «operazio politikoa» izan da. Hain zuzen ere, antolatzaileen arabera, «Euskal Herria benetako prozesu demokratiko bati lotzeko ahalegina izan da sarekada honekin zigortu nahi izan dutena».
Gaineratu zutenez, «Estatu espainoleko gobernuak eskuburdinekin erantzun dio herri honetara konponbide demokratiko bat ekartzeko lanari» eta «errepresio politikoa da espainiar gobernuak, frantziarraren laguntzaz Euskal Herriari egiten dion eskaintza bakarra».
Auzitegi Gorenak Askatasuna eta Amnistiaren Aldeko Batzordeen kontra emandako epaia eta ezarritako kartzela zigorrak ere kritikatu zituzten: errepresio politikoa eremu berrietara hedatzen eta intentsitatez igotzen ari dela nabarmendu zuten, eta horri bidea irekitzeko, errepresioaren aurkako lana zigortu nahi dutela ohartarazi zuten.
Kartzeletan eragiten dituzten muturreko egoerak «mantentzeko», preso politikoekiko elkartasuna ezabatu nahi dutela gaineratu zuten.
Ikasteko eskubidea
Horrekin batera, euskal preso politikoen ikasteko eskubidea ere urratzen dela salatu zuten. Are gehiago, azaldu zutenez, EHUko Gobernu Kontseiluak 2004an adostutako Kartzelan dauden Ikasleen Harrerako Protokoloa deiturikoa ez dute betetzen.
Ildo horretatik, Iñaki Goirizelaia errektoreari egoera aldatzeko eskatu zioten, ez baitu horren alde ezer egin, nahiz eta bere hauteskunde programan hitzeman «espetxe espainiarretan preso daudenei ikasketak eskaintzeko beharrezko zuzenketak egiteko prest zegoela.
Bestalde, Ertzaintzak atzo, Mutrikuko Arrano tabernara sartuz, bertako euskal preso politikoen argazkiak kendu zituela salatu zuten.