Kiskali arren, askatasun gosez argirantz doaz Piztiak taldearen «Gabeko kalapitxixak»
Eskarmentu handiko ondarroar taldeak «Gabeko kalapitxixak» lana eman du autoekoizpenean, diziplina anitz ukitzen dituen egitasmo berritzaile bateko lehen pausua. Gero, film laburra eta arte erakusketa helduko dira.
A. BILBAO | BILBO
Lagun onak dira, sortu beharra dute eta azken lan eta egitasmoarekin harritu egin gaituzte. Aspaldiko Piztiak hirukoteari buruz ari gara, bere erritmoa jarraituz eta askatasun osoan «Gabeko kalapitxixak» lana plazaratu berri duena, Buztanbeltza zigiluan autoekoiztua.
Norbanakoaren askatasuna aldarri duen lana kantu homonimo harrigarri batek irekitzen du, eta baikortasunez argitzen da gero. Eta orain 25 urteko «Pornographiaz» kantua berreskuratuz ixten da, Kirmen Uribe sarituaren lehen hitzak musikatzen dituen TU-K taldearen kantua (Txomin Uribe eta Josu Aranbarriren aurreneko taldea) berreskuratuta.
Gaueko tximeletak, kiskaliko dela jakin arren, etengabe argirantz egiten duen bezala, «aukera egin eta okertzeko eskubidea» aldarrikatzen du Piztiak taldearen lanak. Kirmenez gain, Josu Aranbarri, Txomin Uribe eta Josu Eizagirrek idatzi dituzte hitzak, eta Pettik lagundu du ahotsetan.
Parte-hartze zabala
Diskoa egitasmo askoz zabalago baten lehen atala baino ez da. Bigarrena, Josu Eizagirrek egingo dituen bideoklipak eta film laburrak osatuko dute. Piztiak taldearen soinu banda izango duen film laburra «esperimentala» izango da, eta «bideo artearen bidetik» joko du. Hirugarren eta azken atala, berriz, Josu Aranbarri baxu jotzailearen arte erakusketak itxiko du. «Aspertuta nago cd formatu txiki-txikian arte lanak egiten!», kontatu zigun atzo, eta horregatik, jendeari «diskoko liburuxkan sartzeko aukera» emango zaio bertan ageri diren marrazki eta komiki binetez osatutako erakusketan. Gainera, «parte-hartzailea» izango da, eta «bisitariak sortzaile» izango dira.
Eta pausu hauek heldu artean, azaroaren 27an aurkezpen festa egingo dute Ondarroan, Txuma Murugarren eta Pettirekin bat.