Lander Garro idazlea
Egurgileen memoria
Ziega batean lehen aldiz sartu nintzen egunean, murruetan zenbat izkribu zegoen, horrexek jo zidan begira. “Epailearen aurrean, dena ukatu”, zioen pintada batek. Beste batek, beste hau: “Gora Euskal Herria”. Pintada singlea, inondik ere, baina testuinguru horretan bereziki egiazko bilakatzen dena, bereziki pisu. Murruan idazten duenak hitz egin nahi du, barruan daukana kanporatu, konpartitu. Patuak zer ote dakarren, ziega batean hori jakitea ezinezkoa da: itxi behar bagaituzte, entzun gaitzatela behintzat.
Nola ahaztu Txikiren hitzak, ezta? “Askatasun haizea naiz”. Sentimendu horixe eraman zuen Txikik berarekin. Hau esanda, Mikel Laboa datorkit gogora. Bera hil baino bi urte lehenago lagun artean hasi nintzen esaten berari buruz dokumental bat egin behar genuela. Inork ez zidan arrazoirik kendu, baina ez nuen ekimena aurrera eramateko konplizerik aurkitu. Amets garestiegia zen, nonbait, herri txiro eta azpigaratu honentzako. Orain, Mikel betiko joan den honetan, berari buruzko dokumentalak iristen zaizkit, eta harrituta geratzen naiz zein irudi traketsez eginda dauden.
Orain denok esaten dugu pioneroa zela, «Euskal unibertsala», eta nik dakit beste zer, baina hemerotekan begiratzen hasiz gero ohartuko gara, bizi zen artean kasu zirkinik ez geniola egiten, edo ez ziotela egiten, behintzat, egin behar ziotenek; esate baterako, telebista publikoaren buruzagi nazionalistek. Gaur paparrean eramateko irudi dena, atzo txilioak egiten zituen agure zoroa zen; artista, eta, beraz, ezerosoa, urrun mantentzeko modukoa. Baina ez gaitezen harritu. Egizue kontu bi politikari bulego batean biltzen diren bakoitzean ehunka zuhaitz mozten direla geure herrian. Eta halakoxea da gure herria; gaur zuhaitzak mozten dituzte, baina bihar sustraiak eramaten ere saiatuko dira, kimu berriak ez daitezen sortu.