Beñat Intxausti fitxatu ostean, taldea osatu du Euskaltel-Euskadik
GARA | BILBO
Euskaltel-Euskadik osatu du azkenean 2010. urteko taldea. Miguel Madariaga eta Igor Gonzalez de Galdeanok osaturiko bikoak fitxaturiko azken txirrindularia Beñat Intxausti zornotzarra da. Urtebeteko kontratua sinatu du Euskaltel-Euskadirekin 23 urteko igotzaile bizkaitarrak.
Hauxe da talde laranjaren seigarren fitxaketa, Orbea taldetik Minguez, Sesma, Sicard eta Castroviejo igo ostean, eta Contempolis Ampotik Gorka Izagirre ekarrita. Orotara 24 txirrindulari bildu ditu Euskaltel-Euskadik datorren urterako.
Afizionatu mailan Seguros Bilbao taldean aritu ostean, Josean Fernandez «Matxin»en aginduetara eman du orain arteko profesional ibilbidea Intxaustik. Nicolas Mateos taldean lehenbizi, Saunier Duvalen gero eta Fuji-Servetto taldean aritu da azkenik. Azken egunotan, berriz, aipatu taldearekin zuen kontratua etetea adostu du zornotzarrak.
«Beñatek ulertu du hemengo txirrindulariak kanpoan ez dituztela hobeto zaintzen», adierazi zuen Miguel Madariagak. Akordioaren sinadura eta aurkezpena, gaur bertan izango da, 12.00etatik aurrera, Derioko Euskadi Fundazioaren Gela Pedagogikoan.