Nafarroako Bertsolari Elkarteak 25. urtemuga ospatuko du gaur Iruñean
GARA | IRUÑEA
Salbador Madariaga, Manolo Arozena, Bittor Elizagoien, Xabier Silveira, Julen Zelaieta eta Saioa Alkaiza bertsolarien jardunaren bitartez Nafarroako Bertsozale Elkarteak 25. urtemuga ospatuko du gaur iluntzean, 20.00etatik aurrera, Iruñeko Plaza de la Cruz institutuan. Sarrera doakoa izango da.
Ekitaldia aurten 19. edizioa duen «Bertsoaroa 2009» udal zikloaren laugarren txanpa izango da, eta hainbat belaunalditako bertsolari nafarrak bilduko ditu. Gai-jartzaile lanak Mikel Taberna eta Alaitz Rekondok beteko dituzte. Ekitaldia berezia izango da oso, elkartearen historia eta etorkizuneko erronkak hartuko baitituzte ahotan bertsolariek.
Bautista anaiarekin batera bertsolaritzak Nafarroan izan duen bultzatzaile nagusienetakoa den Salbador Madariaga arantzarra, eta lau aldiz Nafarroako txapeldun izandako Manolo Arozena goizuetarra izango dira saioko bertsolari beteranoenak. Gazteenak, berriz, Berako Julen Zelaieta eta Saioa Alkaiza iruindarra izango dira.