Ruben Duran: «Gure etxeak gotorleku izan behar du»
GARA | IRUN
Goiz eta arratsaldez entrenatu zen atzo Irungo Real Union taldea Hendaiako Belzenia futbol zelaian. Igandean Cadizen aurka izandako porrot mingarriari buelta emateko lanean aritu ziren Iñaki Alonsoren mutilak. Prentsaurrekoan, Ruben Duran jokalariak emaitzen bolada txarrari nola amaiera eman argitu zuen. Bere aburuz, «Gal estadioak gotorleku izan behar du».
«Cadizen aurkako porrota oso gogorra izan da, baina horri nolabait buelta eman behar diogu. Bada, Cadiz ahaztu eta Celtarengan pentsatzen hasi behar dugu, ea behingoz puntuak hirunaka batzen hasten garen. Gure etxeak gotorleku izan behar du eta horretarako gure atea hutsean mantentzetik eta aurreko jardunaldietan egindako akatsak zuzentzetik hasi behar dugu».
Arlo pertsonalean sarturik, igandean hasierako hamaikakoan sartzea «ezusteko pozgarria» izan omen zen jokalari galiziarrarentzat. «Nire betebeharra da entrenatzaileari gauzak zail jartzeko lanean jarraitzea», adierazi zuen.