Hondakinak hondakin badira ere, artelanen distira hartu dute
«Zakarrontziak astintzen» izenburupean, nazioarteko bederatzi artistek zaborrean topatutako materialaz baliatuta egindako obrak ikusgai jarri dituzte Koldo Mitxelena Kulturunean. Horren bidez, besteak beste, gehiegizko kontsumoaren arazoa utzi dute agerian.Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Neurriz kanpoko kontsumoa ohitura bilakatu den egunerokotasun honetan, nazioarteko bederatzi artistek gehiegi eroste horrek sortzen dituen arazoak eta ondorioak ekarri dituzte auzitara Koldo Mitxelenan «Zakarrontziak astintzen» erakusketaren bidez.
Egileek egindako artelanak zabortegietan bildutako hondakinez eginda daude, izan ere, guk behar ez dugun hori besteek berriro erabiltzeko aukera dagoela erakustea da helburuetako bat. Irudi desatseginak dira batzuk, baina errealitatea erakusten dutenak, eta hala, begiak ireki nahi dizkio ikusleari.
Aurkezpenean Artelekuko Ana Salaberriak azaldu zuen moduan, lehendabiziko urratsa kontsumoa gutxitzea da: «Gutxiago erosita, gutxiago sortuko dugu. Ondoren materialak berrerabiltzea dator, eta etekin gehiago ezin denean atera, birziklatzeko ordua izango da».
Alfonbraren beste aldean
Artelan hauek, beraz, gogokoak ez ditugun gauzetatik datoz, hau da, «jendeak gehiago ikusi nahi ez dituen gauza horietatik» azaldu zuen Seve Penelasek, erakusketako komisarioak. Hori irudikatzeko, alfonbraren metaforaz baliatu zen Penelas: «Gizakiak atsegin ez duen hautsa alfonbra azpian ezkutatzen du erratzaz, eta hau berriro lurrean jarrita, bizkarra ematen dio ezerosoa den horri. Gizakiaren arazoak islatzen ditu `hauts' horrek».
Gaur egun, «zaborrarekin zer egiten den» jakitea, hondakinaren helmuga ezagutzea da ezerosoa. Penelasek gaineratu zuen arteak ez dituela arazoen erantzunak, ezta irtenbideak ere: «Arteak galderak sortzen ditu, ispiluaren beste aldea erakutsiz». Erakusketan, besteak beste, Chus Garciaren obra dago ikusgai: aretoa kolore ezberdinetako zaborrontziek zeharkatzen dute, Pantone kolore gama edota ortzadarra irudikatuz.
Hasierako edertasunaz harantzago, ikuslearen jarreraz galdetzen du. «Gela erdibituta dago, hau da, alde batean edo bestean kokatu beharra du ikusleak. Zein jarrera du bakoitzak esaterako gehiegizko zaborraren gainean? Bizitza aukeren kate jarraia da, eta hemen ere erabaki beharra dago», gaineratu zuen Penelasek.
Erakusketarekin batera dokumentazio areto bat sortu dute eta alfonbraren metaforari keinua eginez, Donostiako Zinemaldian egon ziren artistek zapaldutako tapiz gorria jarri dute sabaian; beraz, bertan dagoen oro, hautsa bezala, alfonbraren azpian ezkutatuta geldituko da.