GARA > Idatzia > Kultura

«Ihes ederra», Etxarte eta Urrutiaren komiki-eleberria

Idoia ERASO | BAIONA

Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutiaren «Ihes ederra» komiki-eleberria argitaratu berri du Alberdaniak. Bi istorio paralelo kontatzen ditu baliabide literario eta artistiko ugariz baliatuta. Istorioaren eta egituraren berezitasunak liburuak eskain ditzakeen irakurketa maila ezberdinekin bat egiten du.

«Komikia, poesia, prosa... erabiltzen dugu; gero guk `tarteak' deitzen ditugunak ere hor daude, ezezagunak izan daitezkeen gaiei buruzko erreferentziak eskaintzen ditu, irakurketa bideratzen du», azaldu zuen Alain M. Urrutia margolariak aurkezpenean.

«Ihesa beti ederra da», adierazi zuen Urrutiak. Ihesa, eleberriak aurkezten dituen bi alderdietan, maitasunean edo bikote harremanetan eta politikan. Liburuan jorratu diren bi eremuetan konkistak dituen berdintasunak ere atzeman daitezke: dela, liluraren bitartez pertsona bat menderatzea, dela herri eta kulturen artean gertatzen dena, bi arloen arteko paralelismoak eginez.

Lanaren egiturak gaur egungo gizartearekin bat egiten duela ere nabarmendu zuen Hedoi Etxarte idazleak: «Distrakziorako ohitura handia dago gaur egungo gizartean, eta gure liburuaren estetikak horrekin bat egiten du». Ikus-entzunezkoa jaun eta jabe den gizarte honetan, egileek ere joera horri heldu diote, izan ere, liburua osatzen duten irudiak lengoaia zinematografikoaz baliatzen dira.

Irakurlearentzat «goxokiak»

Gaur egungo errealitatearen ispilu izan nahi duen liburuak, Euskal Lurraldea herri asmatura garamatza. Federazio Frantsesaren barruan dago Euskal Lurraldea. Lurraldearen maparik ez da agertzen, «aukerak ez ixteko eta bakoitzari bere mapa egiteko aukera emateko», nabarmendu zuen Alain M. Urrutiak.

Aukera irekiera «Ihes ederra» liburuaren hainbat eremutara zabaltzen da. Liburua eta be- reziki irudiak, xehetasun be- reziekin jantzirik daude. Arrazoi hori dela-eta, bakoitzak bere ezagutzari eta sentsibilitateari esker dituen loturak antzematen ditu. «Irakurle bakoitzari `goxoki' bat ematen diogu, bakoitzak ulertzen dituen jokoak dira», azaldu zuten bi egileek.

Aipatzen diren askotariko gaiak eta Bidasoaren bi aldeetan dauden ezagutza mota ezberdinak direla-eta, lan honek «irakurketa ezberdina izango du Hego eta Ipar Euskal Herrian», adierazi zuen Etxartek. Alain M. Urrutiak honakoa gaineratu zuen, ordea: «Jendearen arteko zubiak eta loturak egiten dira liburuarekin, bakoitzak ibilbide banatua izaten du, eta guk zubiak sortu nahi ditugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo