Xabier SILVEIRA I Bertsolaria
Euskal Herriko Txapelketa
Auskalo zergatik eta zertarako, nork, non eta nola erabaki duten mundu guztiak orain pokerrean jokatu behar duela, baina nabarmena da ez dela kasualitatez gertatzen ari
Xakea gustatzen zait, pixka bat. K letrarekin hasten den jokoa dela badakit -Kramnic, Kasparov, Karpov-, baina jokatzen bi minutu soilik iraun ditzaket, gero haur batek ere irabaziko dit. Ustez -ez nago ziur- gorroto dut musa, trauma ez hain infantilak medio, eta gorroto ditut mahai jokoak. Oka, partxisa, cuatro en... Droga izena daukate gehienek, gainera. Baina aspaldi honetan mahai baten inguruan maiz biltzen naiz jokatzeko, eta kartekin jokatzeko gainera, egunero milaka euskaldunek egiten duten antzera.
Bada moda bat mundua konkistatzen ari dena eta, Euskal Herriak oraindik mundu izaten jarraitzen duenez, gu ere bete-betean harrapatu gaituena. Texas hold'em-a da. No limit Texas hold'em. Mugarik gabekoa, alegia. Pokerraren Cadillac-a, Poker modu guztien arteko joko gorena. Jokalari bakoitzari, hasteko, bi karta banatzen zaizkio berak bakarrik ikusi eta erabili ahalko dituenak. Jarraian lehenengo apustuaren txanda dator. Kartak banatzea dagokion jokalariaren ezkerretara den lehenbizikoak mahaian egin daiteken apustu minimoaren erdia jarriko du derrigor (itsu txikia). Hurrengoak, hau da, ezkerretara den bigarrenak, bikoitza jarriko du (itsu handia). Ondorengo jokalariek jokoan sartzeko itsu handia berdindu edo igo beharko dute edo kartak bota eta hurrengo eskuari itxaron. Behin apustu guztiak berdinduta, hiru karta aterako dira mahai gainera, flop-a. Eta bigarren apustuen txanda. Ondoren beste karta bat (turn) eta berriz apustu egin. Oraindik inork ez badu etsi azken karta botako da mahaira (river-a). Azken apustuen txanda.
Hiltzaile eta mafiosoekin zinemak behin eta berriz lotu duen joko-jolas hau kirol bihurtzetik hurbilago da, ordea, mito horretatik baino. Entrenamendu fisikoa, goi mailako ikasketak dauzkaten jokalariak, izar dirudunak... Geroz eta politago marrazten digute dena EPT edo gisa horretako telebistarako prestatutako txapelketetan. Auskalo zergatik eta zertarako, nork, non eta nola erabaki duten mundu guztiak orain pokerrean jokatu behar duela, baina nabarmena da ez dela kasualitatez gertatzen ari. Nabarmena, kasinoetan ia edozein arroparekin -«txandal con rayas no»- sartu baitaiteke, nabarmena Interneten euro bat aski baita -askotan hori ere ez- jokatzen hasteko. Baina horrek ez nau gehiegi beldurtzen. Erran dut moda mundiala dela Texas hold'em-a, baina ez dakit Euskal Herrian bezala leku aunitzetan sartu ote den, hain bat-batean, hain indartsu. Herri eta auzo guztietan daude koloretako txip borobilak garraiatzeko maletinak dauzkaten tabernak, zenbatezinak diren bezala gazteen lokal eta lonjetan jokatzen diren tinbak. Poker elkarteak ere perretxikoak bailiran azaltzen zaizkigu han-hemenka, sagardotinba ere laster izango da...
Ez dakit bada, nik, gauzak horrela izanik, zergatik ez den Euskal Herria existitu ere egiten pokerraz ari garenean. Donostian Espainiako Txapelketaren saio bat jokatu berri da, Bilbon egingo da, eta on line jokatzen duten ehunka euskal herritar Espainiako zein Frantziako ordezkari gisa EPT (European Poker Tour) zein WPT (World Poker Tour) zirkuituetara joateko lehiatzen dira web-kasinoetan. Noizko utziko dugu EHPT, Euskal Herriko Poker Txapelketa?