GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Galder GONZALEZ eta Edurne LARRAÑAGA I Euskal Herriak Bere Eskolako kideak

Sar ditzagun Boliviako irakaspenak Curriculumean

Arazoa ez da testu liburuak ez direla egiten Euskal Curriculumaren arabera, baizik eta testu liburuak berak direla espainiar eta frantziar curriculumak inposatzeko tresnarik eraginkorrena

Ezaguna da euskaldunok ez dugula geure curriculum propio baten arabera ikasteko eskubiderik. Euskal Curriculuma sortzeko prozesuan milaka pertsonek parte hartu badute ere, oraindik ezin da eskoletan aplikatu. Ezaguna da historikoki euskaldunok curriculumaren inguruko kezka izan dugula ere, hau da, belaunaldi berriek hezkuntzaren bidez barneratzen dituzten ezagutza, jakintza eta baloreen gaineko kezka. Urrunera jo gabe, Euskal Herriko Ikastolen arabera, XXI. mendeko hezkuntza erronka nagusia curriculumarena da, hizkuntzarenaren gainetik. Edukiak. Euskaldun egiten gaituena hizkuntza da, bai, baina ez da hori bakarrik.

Erronka honetaz aspaldi konturatu ziren estatuak. Modu ezkutuan edo inposaketaren bidea erabiliz, eduki arrotzak barneratzen saiatu dira, euren kosmobisioa inposatuz eta munduari begiratzeko ikuspuntuak txertatuz. Adibide tamalgarri ugarirekin topo egiten dugu. Ulergaitza iruditu arren, Hendaiako herritar batek XX. mendea Lehen Mundu Gerra, Gerren arteko garaia eta Bigarren Mundu Gerratik aurrerako pasarte historikoen arabera banatzen duen bitartean, Irungo batek (handik metro batzuetara dagoen lurraldean) XXI. mendea II. Errepublika, Gerra eta Frankismoa eta trantsizio demokratikotik aurrerako pasarteak kontuan hartuta banatzen ditu. Hori erabat ulergaitza da! Horrela ez dago herria egiterik! Zorionez, badira egoerari aurre egiten diotenak eta eguneroko lanarekin ikastetxeetan ekarpen handiak egiten dituztenak.

Azken asteotan jakin dugu Nafarroako Gobernuak Euskal Herria terminoa duten liburuak eskoletatik at nahi dituela, hainbat ikastetxeri mehatxu zuzena eginez (testu liburu arrotzak erabili edo diru laguntzak kendu). Gainera, liburu beltzen zerrenda bat osatu dute, hau da, inoiz, inola, inon, erabili ezin diren liburuak zerrendatzen dituena. Eta hori gutxi balitz bezala, «testu liburu onak» zeintzuk diren ere esaten digute. Noski, nahiago duten testu liburuen ekoizlea Santillana izateak (Euskal Herrian batzuetan Zubia izenarekin agertzen dena), «liburu hauek bai eta beste horiek ez» esateak ikastetxeen autonomiaren eta ikastetxe bakoitzak garatu beharreko hezkuntza proiektuaren aurka egiteaz gain, euren izaera totalitarioa argi eta garbi uzten du. Nafarroako Gobernuan agintean direnek inkisizio eta faxismo garai ilunetako hainbat portaera bere egin dituztela esan liteke.

Eta Euskal Autonomia Erkidegora joanez gero, antzeko egoeraren aurrean gaude. Bertan «Educación para la Paz» izeneko gaia txertatu nahi dute eskoletan, gatazka politikoa estaliz, alde bateko biktimak ikastetxeetara eramanez eta irakasgaia adoktrinamendurako erabiliz. Rubalcaba bera izan da, aste honetan, gaia ateratzen azkena: «Zerbait gaizki dago EAEko hezkuntzan gazte askok biolentzia legitimatzen badute». Hezkuntza Saila urteetan zehar euren esku egon zela ahaztu zaie. Hau da, berak esaten duena egia izango balitz, eurena litzateke erantzukizuna. Azken finean, Celaak edo Rubalcabak esandakoak aitzakiak baino ez dira: hezkuntzan ere Espainia «bat, handia eta askea»rentzat besterik ez dago tokia eta ez dute onartzen artaldean euskaldun gisa hezi nahi duen artzainik. Laster etorriko dira Nafarroan bezala liburu baimendu eta ez baimenduekin, vascos buenos eta vascos malos zerrendekin, ikastetxe zehatz batzuen aurka ekiten.

Joan zen ekainean, Boliviako agintari Evo Moralesek Santillana argitaletxea herrialdetik kanporatzeko determinazioa erakutsi zuen. Haren esanetan, Santillana argitaletxeak ez ditu Boliviaren beharrak asetzen, kapitalaren eskuetatik sortutako tresna bat da eta, horregatik, kapitalaren mesedetan dagoena. Hori gutxi balitz bezala, Boliviako jatorrizko herriak gutxiesten ditu, kultura batzuk besteen gainetik jarriz, erreferentzia kulturalak hirietako bizitzara mugatuz eta argazkietan Boliviako errealitatea erakusten duten pertsonak estaliz. Boliviaren kasuan, gainera, testu liburuak Espainian ekoizteak eta, hortaz, bertako irakasleen esku ez egoteak pisu handia izan du erabaki hori hartzerakoan.

Bien bitartean, ikusten dugu nola Euskal Herrian Santillana bezalako argitaletxeei pisu handiagoa ematen zaien. Prisaren (Cuatro, «El País», La Ser, Alfaguara) argitaletxe horrek testu-liburuak negozio handi gisa ikusten ditu eta gure agintariek oraindik negozio handiagoak eskaintzen dizkiote. Era berean, gure ikastetxe askotan, baita D eredukoetan ere, Santillana erabiltzen da batik bat. Eta hemendik hilabetera Durangoko Azokan postu eder bat izango dute euren produktuak eskaini eta euskaldunok eros ditzagun.

Baina ez gaitezen tematu. Santillana adibide bat da eta Boliviakoa geure eguneroko lanean txertatu genezakeen adibide bat baino ez da. Arazoa ez da testu liburuak ez direla egiten Euskal Curriculumaren arabera, baizik eta testu liburuak berak direla espainiar eta frantziar curriculumak inposatzeko tresnarik eraginkorrena. Testu-libururik gabeko eskola batean inposaketa egitea askoz zailagoa da. Horregatik nahi dute Nafarroan Santillana erabiltzea, horregatik nahi dute irakasgai bat txertatu EAEn, horregatik behartu zuen Munduko Bankuak Bolivia Santillanako liburuak erabiltzera.

Ikusten dugunez, ez dira garaiak erasoen aurrean geldi egoteko, indarrak bildu eta Euskal Curriculuma, hezkuntza sistema propioa eraikitzeko garaia da. Egunero, auzolanaren bitartez, mobilizazio eta eraikuntzaren bitartez, geure edukiak era libre eta kritikoan garatu beharko ditugu. Boliviatik ikasteko garaia da: kanpora ditzagun gure ikastetxeetatik arrotzak zaizkigun edukiak (baita eduki horiek jasotzen dituzten testu liburak ere bai) eta geurea eraikitzen jarrai dezagun, Euskal Curriculuma!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo