GARA > Idatzia > Ekonomia

Herrikoak, akzio harpidetzen bitartez, milioi bat euro biltzeko kanpaina abiatu du

Ipar Euskal Herrian ehunka enpresa proiektu eta lanpostu sortzea eta egonkortzea ahalbidetu du 30 urteotan Herrikoak elkartasunezko maileguen bidez. Bide horretan sakontzeko akzio harpidetza berri bati ekin dio, hiru hilabetetan milioi bat euro biltzeko xedearekin.

Arantxa MANTEROLA |

Ipar Euskal Herriko ekonomia sustatzeko xedearekin, duela 30 urte sortu zen Herrikoa, enpresen finantziazioa bideratzeko elkartea. Kapitala, nagusiki, herritarrengandik heltzen zaio eta, maila apalagoan, baita banketxe eta finantza erakundeetatik ere.

Atzo Baionan iragarri zutenez, zortzigarrengoz, akzio harpidetzen bidezko kapital-emendatzeari ekin dio Herrikoak. «Helburua hiru hilabetetan milioi bat euro biltzea da», esan zuen Pierre Mendiboure Herrikoaren lehendakariak. Dirua proiektu berriak garatzeko, estutasunean dauden enpresak laguntzeko eta lanpostuak sortu edo finkatzeko bideratuko da. Horrela egin dute orain artean ere, 4.165 akziodunen ekarpenek 300 proiektu baino gehiago lagundu eta 2.575 lanpostu egonkortzea ahalbidetu baitu Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, batez ere barnealdeko eskualdeetan.

Mendibourek dei berezia egin zien herritarrei «gure etorkizun ekonomikoaren eragile» izan daitezen. Gutxieneko harpidetza 50 eurokoa dela gogoratuta, harpidetzen direnek zergetan kenketak egiteko aukera izango dutela nabarmendu zuen: «Herrikoa elkartasunezko enpresa izendatua izan da. Finansol ziurtagiria du eta, horrenbestez, baldintzak betetzen badira, akziodunek harpidetzaren %25 kendu ahal izango dute zergetatik».

Eragin zabalagoa

Herrikoaren jardueraren itzala ez da soilik bere funtsekin zuzenean eskain ditzakeen mailegutara mugatzen. Izan ere, elkartearen laguntza duten enpresa proiektuek askoz ere errazago lortzen dituzte maileguak ohiko banketxe eta finantza erakundeetatik.

Herrikoarentzat «dibidendu soziala finantzarioa baino garrantzitsuagoa izaki», bertako garapena eta lanpostuen sorrera bultzatzea nahiago duten aurreztaileei dei berezia egin zieten.

1.000 HARPIDEDUN

1.000 harpidedun berri aurkitzea da Herrikoaren erronka. Elkartasunaren bidez tokiko garapena sustatu nahi dutenek www.herrikoa.com webgunean dute informazio guztia. Hamar lerroko testua

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo