Darfurreko gatazka gainditzen saiatzeko bildu dira ABko buruak
Darfurren duela sei urtetik bizi duten gatazka gainditzeko bideak bilatzeko asmoz bildu dira Abujan Afrikako Batasuneko agintariak. Mahai gainean dauden proposamenen artean, Darfurreko krimenak aztertzeko nazioarteko eta Sudango epaileez osaturiko epaitegia eratzea dago.
GARA |
Afrikako estatuburuak bilera egiten hasi ziren atzo Abuja Nigeriako hiriburuan 2003tik sutan dagoen Sudango Darfur eskualdeko gatazka konpontzeko neurriak eztabaidatzeko. Egun Nigeria buru duen Afrikako Batasuneko (AB) Bake eta Segurtasun Kontseiluaren bilerak nazioarteko elkarte honek Darfurren gainean prestatu duen txostena aztertuko du.
Bileraren hasieran, ABko Batzordeko buru Jean Pingek gatazkari aurre egiteko arazo ugari daudela esan zuen: «Eskuartean dugun arazorik zailena da, inolako zalantzarik gabe». «Bakea eta adiskidetzea bultzatzeko ekimenak zailak dira eta orain arte egin ditugun saiakerek porrot egin dute», onartu zuen Pingek.
«Gure itxaropena bilera honek nazioarteko komunitateari Sudanera bakea, adiskidetzea, justizia eta demokrazia eramateko agindu eta norabide argia ematea da», adierazi zion France Presse agentziari ABko Bake eta Segurtasun komisario Ramtane Lamamrak bilera hastear zela.
Thabo Mbeki Hegoafrikako presidente ohia buru izan duen zazpi pertsonek osaturiko taldeak prestatutako barne dokumentuan Darfurrerako «epaitegi kriminal hibridoa» sortzea proposatzen da. Sudango eta atzerriko epaileek osatutako epaitegi horrek epaituko lituzke Darfurren izandako krimenak.
Egia eta Adiskidetzearen Batzordea osatzea ere proposatzen da agirian, duela sei urte indarrean dagoen gatazka honek eragindako kalteak aztertzeko.
300.000 pertsona inguru hil dituzte Darfurren, NBEren arabera. Khartumek, ordea, 10.000 hildako baino ez direla izan esaten du. Horrez gain, 2,7 milioi errefuxiatu ere izan dira.
Abuja Nigeriako hiriburuan hamabost estatuburu bildu dira. ABren gonbitea jaso arren, Omar el-Beshir Sudango presidenteak ez du Abujako bileran parte hartu. Nazioarteko Epaitegi Penalak atxilotzeko agindua emana du Sudango presidentearen aurka, eta, ondorioz, Omar el-Beshirrek Ali Osmane Taha presidenteordea bidali du bilerara. Amnesty Internationalek eta Nigeriako hamaika gobernuz kanpoko erakundek Abujara joanez gero Sudango presidentea atxilotzea exijitu zuten.
Syrten (Libia) uztailean izan zuten gailurrean, ABko kideek Nazioarteko Epaitegi Penalari ez laguntzea erabaki zuten, atxilotzeko aginduak «Sudaneko gatazka ahalik eta azkarren gainditzeko egindako ahaleginak zapuztu ditzakeelako». Ginean eta Nigerren bizi dituzten krisiak ere aztertuko dituzte Abujan, Cedeao Afrikako Mendebaldeko Estatuen Komunitate Ekonomikoak eskatuta.
«Zimbaweko batasun nazionaleko gobernua ez da eraginkorra», salatu zuen atzo Johannesburgen Manfred Nowak NBEko torturaren aurkako kontalariak Harareko aireportutik kanporatua izan ostean.