GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Qatarreko kaleak alfonbra gorriz estalita, luxua nagusitu da Doha Tribeca lehen zinemaldian

New York hiriko zinemaldian oinarrituta, Qatarrek ere bere zinemaldia egin nahi izan du. Lau egunetan zehar Dohan mundu guztiko filmak ikusiko diren arren, askok arreta xekeak xahututako dirutzan jarri du.

GARA |

Atzo eman zitzaion hasiera Qatarreko emirerrian Doha Tribeca zinemaldiari. Estreinako jaialdia da aurtengoa, izan ere honakoa da lehen edizioa.

Igandera artean 33 pelikula izango dira ikusgai, horietatik hamabi arabiarrak, eta gainontzekoak Mendebaldekoak edo nazioarteko beste herrialde batzuetakoak. Izan ere, «Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko lotura edo topaketa irudikatzeko asmoa» dute antolatzaileek.

Zinemaldiak kultur aniztasuna sustatzea du helburu, baina arreta berezia eskainiko dio halaber eskarmentudun zuzendarien lanak hasiberrien lehen lanekin uztartzeari. Amanda Palmer Doha Trebica zinemaldiaren zuzendariak azaldu duenez, «gure helburua ez da lehiaketan oinarritutako jaialdia izatea, baizik hasiberriei eta bitarteko handirik ez dutenei bultzada emateko oholtza izatea».

Horiek horrela, zuzendariaren hitzetan, sariak ez dira «gehiegikerian» oinarritutako. Horrenbestez, 34.000 euroko bi sari izango dira; bata pelikula arabiar onenarentzat eta bestea nazioarteko lan onenarentzat.

Zinea bai, baina baita luxua ere

Lehiaketaz haratago, ikusmira Qatarreko emirrak, Hamad Ben Jalifa Al Thani xekeak, xahututako dirutzak bereganatu du. Izan ere, aurreikusita dauden hainbat ekitaldiren handitasuna izugarria da. Adibide bat jartzearren, 300 kazetari daude lanean jaialdian eta denek izango dute Qatarretik barrena luxuzko autoetan mugitzeko aukera.

Igandera artean Hollywoodeko hainbat izar izango da emirerrian, besteak beste Robert de Niro edo «Slumdog Millionaire» filmeko Danny Boyle zuzendaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo