GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Anariren laugarren diskoa giro barnekoiez bustirik dator

Anari Alberdi musikariaren iraupen luzeko laugarren diskoa atzo aurkeztu zuten Donostian. Azkoitiarraren zigilu propioa daramaten hamar kantu berri batzen dituen lana itxura erakargarriko digi-pack eran bilduta dator eta BideHuts diskoetxea arduratu da diskoaren edizioaz. Diskoa aurkezteko bira azaroaren 5ean abiatuko da, Donostiako Gazteszenan.

p046_f01_250x148.jpg

Koldo OTAMENDI |

Ikusmin handia zegoen Anariren disko berria ezagutzeko, eta Donostiako Le Bukowsky aretoko prentsaurrekora gerturatu zen komunikabide eta kazetari kopurua horren isla argia izan zen. Anari Alberdi mahaiaren erdian eserita agertu zen komunikabideen aurrera BideHuts zigiluko Asier Zulueta eta diskoan parte hartu duten musikariez babestuta. Hortaz, Mikel Txopeitia (bateria), Drake Olazabal (baxua) eta Borja Iglesias (gitarra) izan zituen lagun «Irla izan» diskoaren ingurukoak azaltzeko orduan. Gertu zebilen ere Karlos Osinaga, Txap, diskoa erregistratu duen soinu teknikaria.

2008an hasi zen Anari disko berrirako zirriborroak idazten, «Zebra» diskoa aurkezteko kontzertu bira amaitu eta gero. Urte berriarekin heldu zen taldeko musikariekin batera kantuak entsegu lokalean zorrozteko lana. Denbora tarte horretan, apenas egon da aukerarik Anari eta taldea taula gainean ikusteko, nahiz eta bakarkako emanaldi batzuk eskaini izan dituen Borja Iglesias gitarra jotzailearen alboan. «Irla izan» diskoa osatzen duten hamar kantuen grabaketa Andoaingo Garate estudioetan burutu zen uztaila eta abuztua bitartean. Soinu teknikari lanetan Karlos Osinaga aritu zen, 2005ean «Zebra» diskoa grabatu zuen teknikari berbera eta Anariren aspaldiko kolaboratzailea.

Hamabi urteko ibilbidean argitaratu dituen estudioko lau diskoak ezberdinak direla aitortu zuen Anarik, «nahiz eta lotura bat izan lan guztien artean. `Zebra' diskoarekin `Habiak' lanean egindakoa apurtu nahi izan nuen, beste era bateko diskoa eginez. Honakoan, berriz, ez dut inolako aurreiritzirik izan eta kantuak era naturalean sortu dira». Aipamen berezia izan zuen Anarik diskoan parte hartu duten kolaboratzaile guztientzako, bakoitzak egindako lana goraipatu zuelarik. Beñardo Goietxek (Morau eta Agotak) azpi-ahotsak egin ditu, Maite Arroitajauregik (Mursego proposamenean egun) txeloa jo du, Joaquim Pascualek (Surfin Bichos, Mecromina) Hammonda eta pianoak, eta Karlos Osinagak (Lisabö) gitarrak. Guztien lanarekin oso gustura geratu dela adierazi zuen Anarik. «Beñardorekin lan egiten aurreko diskoan saiatu nintzen, baina ez zen posible izan. Oraingoan lortu dut. Joaquinek Hammonda jotzeko duen erak ukitu berezia eman die zenbait kanturi. Maite eta Karlosek, berriz, aurreko lanetan ere parte hartu izan dute». Diskoaren masterizazioa, aldiz, Kaki Arkarazoren ardura izan da.

Biniloa, abendurako

Anariren iraupen luzeko laugarren diskoa hamar kantuz osatuta dago. Kantu guztiak Anariren sorkuntzak dira eta kantuen hitz guztiak ere Anarik egindakoak dira. Zentzu horretan, testuak egiterako orduan Iñigo Aranbarriren papera aipatu zuen Azkoitiko musikariak. «Testuen lehen zirriborroak egin eta gero, Iñigorekin elkartzen naiz eta bion artean orrazten ditugu testuak. Ez dut nire burua idazle kontsideratzen eta bere laguntza asko eskertzen dut».

BideHuts zigiluko arduradunek atzokoan esandakoaren arabera, «Irla izan» lanak binilo formatuan ikusiko du argia Durangoko Disko eta Liburu Azokaren karira. Azken boladan musika talde ugarik hartu dute biniloa berreskuratzeko erabakia, eta BideHuts zigiluaren erreferentzia anitz ere molde horretan kaleratu dituzte. Anariren esanetan, «zigiluak egiten didan opari ederra da binilozko edizioa».

Datorren astean abiatuko dira «Irla izan» diskoa aurkezteko zuzeneko emanaldiak. Azaroaren 5ean Donostiako Gazteszena aretoan hasiko den kontzertu birak, Gasteiz (Jimmy Jazz aretoa), Bilbo (Kafe Antzokia), Berriozar, Igorre eta Durango (Plateruena antzokia) izango ditu hurrengo geltoki datozen hilabeteotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo