Aritz SOUND SYSTEM I Kazetaria eta musika adiktoa
Azkena, mesedez, azkena izan dadila
Ostirala, 2009ko irailaren 25a. Barakaldoko hiru rap taldek kontzertua eskaini behar dute Bilboko Azkena aretoan (aretoa alokatu dute horretarako). Sarrera 3 eurotan jarri dute salgai. Eszenatokira igotzen lehenengo taldea 121 Krew da (www.mypace.com /121krewhiphop). «Euskal presoak Euskal Herrira» dioen banderola dj-aren mahaian jarri eta hasi dira emanaldiarekin. Rap baseen gainean euskaraz abestutako letra zorrotzak ditu taldeak. Bigarren abestia amaituta, beste taldeko lagun batek (aretoa alokatu duenak) esaten die aretoko arduradunak presoen aldeko banderola kendu ezean, kontzertua suspendituko duela (aretoko arduradunak banderola derrigorrez kendu behar zutela esan omen zion, «sí o sí», egin ezean hartuko ziren neurriak zehaztu gabe). Taldekoek, harrituta, euren artean hitz egin eta kontzertuarekin ez jarraitzea erabakitzen dute. Gertatutakoaren berri eman, barkamenak eskatu eta, norbaitek horrela nahiko balu, dirua itzultzeko prest daudela esaten diote jendeari.
Hurrengo taldeek (Bitxos Raros K eta Betto Snay), 121 Krewkoekin hitz egin eta gero, kontzertuarekin jarraitzea erabakitzen dute. Nola liteke? Informazio guztia eduki asmoz taldeko abeslariarekin, kontzertua antolatu zuenarekin, gau horretan aretoko arduraduna zenarekin eta aretoko nagusiarekin hitz egin dugu. Hasieratik azken bi horien bertsio kontrajarriak jaso ditugu. Aretoko arduradunak horrelako sinbologia politikoak onartzen ez dituztela dio eta horregatik exijitu ziola taldeari banderola kentzea (behin kontzertua hasita zegoela); aretoko nagusiak, berriz, taldeek sinbologia politikoak erakuts ditzaketela dio, baina behin kontzertua hasita dela. Aretoak ez die aurrez taldeei baldintza horien berri ematen. Taldekoek zentsura jaso dutela salatzen dute eta euren adierazpen askatasuna zapuztua izan dela. Aretoko nagusiak, berriz, kontzertua suspenditzea taldearen erabakia izan zela dio, eta garrantzirik ez duen gertaera bati gehiegizko bonboa ematen ari zaiola. Harriduraz entzun ditugu azken hitz horiek, are gehiago musikaria izandako norbaiten ahotik.
Arreta jarri behar diegu horrelako gertaerei edo besterik gabe pasatzen utzi? Sufritzen ari garen betekada errepresiboaren ondorioz izua eta beldurra zabaldu da jendearen artean. Besteak beste, euskal presoen aldeko elkartasun adierazpide oro zentsuratua, kriminalizatua eta zigortua izaten ari da sistematikoki eta, askotan, errepresio horren beldurrez, horrelako neurriak hartzen dira. Negu Gorriaken «Borreroak baditu milaka aurpegi» kantua hedatuz doa...