Kalean da 23.000 kontzeptu jaso dituen Elhuyar zientzia eta teknologia hiztegia
Maider EIZMENDI |
Zientzia eta teknologia arloko 23.000 kontzeptu, horien definizioak, dagozkien erdal terminoak eta 607 artikulu entziklopediko jasotzen ditu «Elhuyar zientzia eta teknologia hiztegi entziklopedikoak».
Atzo egin zuten argitaratu berri den baliabidearen aurkezpena Txillida Lekun. Lanaren zuzendariak, Antton Gurrutxagak, ekitaldian gogorarazi zuenez, azken zortzi urteetan egin den eta 200 adituren parte hartzea izan duen lana da honakoa. Hiztegi entziklopedikoan 50 jakintza arlotan erabiltzen diren kontzeptu nagusiak landu dituzte. Gurrutxagak «euskara dagokion tokian jartzeko onuragarritzat» jo zuen hiztegia, eta, horrez gain, zientzian eta teknologian interesa duen ororentzat erabilgarria dela nabarmendu zuen.
Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak lan honen premia hartu zuen hizpide eta, azken urteetan euskarak zientziaren eta teknologiaren arloetan duen presentzia handitu eta terminologia lanak ugaritu diren arren, hiztegia euskararen normalizaziorako mugarri garrantzitsua dela adierazi zuen. Nogerasek gogoan izan zituen lan honetan bidelagun izan den UPV-EHUren prestutasuna eta Euskadiko Kutxak emandako babesa. «Proiektua ikusten jakin zuten», adierazi zuen. Hain zuzen ere, bertan izan ziren EHUko errektore Iñaki Goirizelaia eta Euskadiko Kutxako Elias Atutxa, eta biek ala biek argitalpen berri honen garrantzia nabarmendu zuten.
Momentuz, liburu formatuan eta CD-Romean argitaratu dute, baina «laster» Interneten arakatzeko aukera izango dela aurreratu zuten.