«Bizitzari txistuka», dantzatzera baino kantatzera egiten du gonbita Betagarrik
Aurreko diskoekin alderatuta, Betagarri talde gasteiztarraren «Bizitzari txistuka» (Elkar) azken lanak badu berezitasun bat. «Dantzatzeko baino, kantatzeko da; agian erritmo biziak baino, `tempo' ertainekoak gehiago direlako», adierazi zuen Iñaki Ortiz de Villalba abeslariak atzoko aurkezpenean. Azkarateko Katarainera jo dute grabaziorako, baina horretan ere izan dute berrikuntzarik: estreinakoz, taldekoek sortu berria duten estudioan ere jorratu dute.
Anartz BILBAO |
«Azken hamasei urteetan oholtza gainean» izan den Betagarri ahotan hartuta, «gure herriko pasadizo berezi bati buruz» hitz egiten dugu, aurkeztu zituen atzo Angel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunak gasteiztarrak, «taldeak jotako kasik bederatziehun zuzeneko inguru eta sortutako dozenaka kantuak» gogorarazita.
1992 eta 1993 artean jaiotako taldeak «Bizitzari txistuka» diskoa plazaratu zuen atzo, zortzigarren harmaila -aurreneko maketa eta erremix lana kontutan hartu gabe-, «Hamaika gara» plazaratu eta hiru urtera. Izan ere, egunerokoan bizi ditugun «gorrotoaren eta maitasunaren» isla da lan berria argitzen duen izenburua, «batzuetan txistua joz eta besteetan tu eginez» erantzuten baitiogu guk geuk ere bizitzari.
Dantzatzeko baino...
Iñaki Ortiz de Villalba taldeko abeslariaren esanetan, «aurrekoen aldean, dantzatzeko baino kantatzeko» omen da aproposagoa lan berria -txistuka-, agian ohiko erritmo biziak baino, «tempo ertainekoak ugariagoak» direlako. Gainera, errepiketan eta, «inoiz baino pop» gehiago aurki daiteke.
Lana Azkarateko Katarain estudio ezagunetan ez ezik, Gasteizen, beraiek erosi eta sortu berri duten estudioan, grabatu dute aurrenekoz -lokalean bertan-; «erosoagoa delako, batez ere ahotsarentzako», Iñakik aitortzen duenez.
Elkarrek argitaratu eta hamalau kantu batzen dituen lanean, talde osoak hartu du parte abestien konposaketa lanetan, «lan talde handia» osatuta. Hitzak, berriz, -Betagarrik sinatzen ditu guztiak- Unai Lobo tronpeta jotzaileak idatzi ditu gehienak, bateren bat Iker Uriarteri -berea da «Denbora» singlea- eta Iñaki Ortiz de Villalbari utzita. Eta ekoizpen lanak Triku eta Iosu Izagirre baxu jotzaileak burutu dituzte, «taldeak biziki eskertutako lana». Zazpikoteak, gainera, Fat Fish eta Indarrap taldeko El Puto Tito rap kantarien laguntza ere izan du errimetan.
Gaiei dagokionez, batzuetan izen ezagunak oso dakartzate kantuetan, Cassius Clay edo Joe Strummer (The Clash) esaterako, baita baita Sweet Mary dantzazalea bezalakoak ere -asmatutako pertsonaia da-. Gizarte kritikak ere tokia du, guda zibileko ahaztuei eskainitako kantuan -hor dugu «Lucio» faltsifikatzailea ere-, edo telebista mintzagai duen «Peep Show» abestian.
Taldeak atzera begirada bat bota ote duen edo lanak nostalgia puntua duela iritzi eta galdetuta, «agian bai, gu ere zahartzen goaz eta», erantzun zigun Lobok. Hori bai, aitortu zigunez, «taldeak gehiegi pentsatu gabe egiten ditu lanak, aurretiaz gaiak landu gabe eta oharkabean».
Zuri beltzean
Itxurari erreparatuta, ematen du iraganera so egin eta hastapenetako ska dotorezia berreskuratu nahi izan duela taldeak, zuri beltza oinarri hartuta.
Azaroan lan berria zuzenean ematen hasiko dira Euskal Herrian, eta udaberrian Europa aldera joko dute. Udan, berriz, Japoniara joan nahiko lukete.
Aurrenekoz lokalean grabatu duten lan berrian inoiz baino pop doinu eta «tempo» ertain gehiago jorratu dituzte, eta taldekide guztiek hartu dute parte kantuak sortu eta garatzerako orduan.
«Amets berri batzuk sortzen dira disko bakoitzaren atzean», esan zigun atzo Valdes Elkarreko arduradunak, «Bizitzari txistuka» aurkezterakoan. Betagarri aspaldiko taldea da, eta «nonbait eskuartean bizitzaren sekretu bereziren bat du». Irauteko, «zure lanbidean jarraipena behar duzu, egiten duzun horretan sinistu behar duzu», eta horrelakoa da Betagarri, ska generoari lotua, «bertan dohain humano bereziak aurkitu zituztelako seguruena», jende xumearentzako musika baita ska: «lakarra eta gozoa». A. B.