Txikienek eguneroko errutinak kantuz eta euskaraz egiteko liburu eta diskoa
Ane ARRUTI |
Ohetik altxa, gosaldu, mukiak kendu, jostailuak kutxan gorde, hortzak garbitu, fardela aldatu... 0 eta 6 urte bitarte dituzten haurrei egunero dituzten errutinak euskaraz eta kantuz egiteko aukera eskaini nahi die Bizkaiko Urtxintxa Eskolak guraso, hezitzaile, begirale zein irakasleei. Horretarako, «Katramila. Goizetik gauerako abesti-jolasak» liburu eta diskoa aurkeztu zituen atzo.
Estilo ezberdinetako 29 kantu bildu dituzte bertan. Goizeko zortzietan hasi eta gaueko hamarrak arte, ordu erdiro errutina bat egiteko jolasak dira. Guztiak bere pentagramarekin eta azalpen pedagogikoarekin lagunduta.
Ane Olabarri proiektuaren koordinatzaileak azaldu zuenez, «hainbat balore kontuan izanda sortu dugu bilduma: parekidetasuna, bizikidetza eta kulturartekotasuna, besteak beste».
Diskoa aurkezteko, Miribillako eskolan kontzertua eskaini zuten atzo eta haurrek bertako Igela-Mela euskararen maskotarekin abesteko eta dantzatzeko aukera izan zuten.