Jesus Mari Mendizabal 2009/10/27
Hutsegiteak
EL DIARIO VASCO
Ez dakit bihar den ala datorren hileko 28an Gipuzkoako PPren Congreso Provinciala. Izan ere, Borja Sémper Idazkari Orokorrak (...) bi datok zekartzan egun bakarra ospatzeko. Hutsegite bat.
Kontua da, Iban Ugartek aurretik beste gutun bat atera zuela publikora (gaztelaniaz hemen eta euskaraz beste egunkari batean, oso oker ez banabil), esanez probintziako PPri «joka zezala euskararen alde, bai; baina gezur-mezurrik gabe, sin mentirijillas», Congreso Provincial horretan irakurriko den testuetako bat (sic, bat) euskaraz izango omen delako kariaz. Eta, arestian aipatu egunean, Borja Semperrek erantzuten dio hitz-jario arin ironikoan, besteak beste, «el euskera no necesita de defensores, que se defiende bien solito». Beste hutsegite bat.
Hori da alea, alajainkoa! Ez. Ez euskara, ez gaztelania, ez guaraniera dira, berak bakarrik, defendatzen, sostengatzen eta bizian mantentzen, ez bada non edo han jendea erabiliko, praktikan ipiniko eta bizirik iraunaraziko duenik. Euskara defendatuko bada, hiru baldintzok bederen behar dira bete: bat, dakienak erabiltzea; bi, ez dakienak ikastea (ahalegintzea zinez, gezur-mezurrik gabe, hemen urte mordoa bizi izanda); eta hiru, euskara dakitenei hitz egiten uztea (ez dakiten jaun-andre geroz eta gehiagok galarazten digutelako mintza-praktika maiz), eta irakurtzeko aukerak ematea. Zergatik ez du PPko Idazkari Orokorrak bere gutun publikoa, behingoagatik eta gaiagatik, euskaraz eman? Hutsegitea hori ere.