Euskal Bibliotekarekin amets eginez sartu da Joan Mari Torrealdai Euskaltzaindian
Amets egin zuen atzo Joan Mari Torrealdaik Euskaltzaindian sartzeko ekitaldian. Euskal Bibliografia eta Biblioteka osatzea «amets bezala ikusten dut nik gaur, baina bihar egingarria, zergatik ez?», adierazi zuen. Eta berak bakarrik ez, Foruko frantziskotarren elizan bildu ziren guztiak gonbidatu zituen helburu beraren alde amets egitera.
Xole ARAMENDI | FORUA
Joan Mari Torrealdai euskaltzain osoa da atzoz geroztik. Bere jaioterrian, Foruan, egin zuen sarrera ekitaldian lagunak, senitartekoak, ordezkari politikoak, euskal kulturgintzako eragileak eta Euskaltzaindiko kideak izan zituen alboan.
Euskal Herriak oraindik bete gabe duen erronka, Liburutegi Nazionala, hartu zuen hizpide Torrealdaik. «Bibliografiatik bibliotekara. Esperantzari leihoa» izenburuko hitzaldian baikor agertu zen Torrealdai, bihar lortzeko modukoa dela esanez. «Euskal Herri osoko Biblioteka bat ametsa ala ameskeria da? Amets bezala ikusten dut nik gaur, baina bihar egingarria, zergatik ez?», aldarrikatu zuen.
Euskal Bibliografia eta Biblioteka abian jartzeko egitasmoen errepaso historikoa eginez abiatu zuen hitzaldia. Ahalegin haien mendeurrenaren atarian gauden honetan -urte batzuk barru beteko dira ehun urte Fernando Quadra Salcedo eta Odon Apraiz bibliografia lanetan hasi zirenetik-, orduko lana gaurko eredutzat aldarrikatu du.
Garai hartako eragileek dokumentuari zioten fedea nabarmentzekoa iruditzen zaio Torrealdairi. «Euskal nortasuna babesteko eta garatzeko lanabes egokiak dira dokumentuak. Bibliografoek aurrez aurre ikusten dutena isiltasun dokumentala da, eta hori ez denean ezjakinkeria, manipulazioa, gezurra. Euskal Herri diferentziatua izatea dago jokoan, berezitasun kulturalaren legitimitatea. Fronteko ukoari erantzun nahi diote. Azken batean konfrontazio politikoa da nagusi urte horietan. Baina bibliografoek politikoki barik kulturalki erantzun nahi diote ukoari. Atentzioa ematen du zenbateko fedea duten dokumentuan, liburuan, kulturan. Ematen du dokumentuak argitzen duen egia besterik gabe zabalduko dela», azaldu zuen.
Izenaz -Biblioteka Nazionala edo Euskal Biblioteka-, eta kokagune fisikoaz harantzago, Lakuako Gobernuaren atzerapenaren atzean bi arrazoi aipatu zituen Torrealdaik: «Bat, Eusko Jaurlaritzak hasiera hartan ez zuela Biblioteka lehenetsi. Lehentasunetan sartu ziren EiTB eta Euskadiko Orkestra, baina Biblioteka ez. Eta gero, barne zatiketa administratiboa», gogoratu zuen euskaltzain berriak.
Horren harira, ondorengoa adierazi zuen: «Zatiketa administratiboaz hitz egitean maiz edo beti, ezina adierazteko, EAE, Nafarroa eta Iparraldeko administrazioen zatiketa aipatu ohi da. Eta gutxiago barnekoa, lurralde historikoena. Biblioteken antolaketan eragin handia izan du». Ibilbide historiko honetan, ezin ahaztu «ahoan bilorik gabe mintzatuz, aitzindari izan den Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia».
Beraren esanetan, «orduan ez bezala, ez gaude zero puntuan». Mende honetan aurreratutakoari orduko markak gehituta -«oraindik ere bizirik daudelako»- etorkizun aberatsa amesten du Torrealdaik: «Pizkunde garaian diseinatu zen liburutegiaren xedea zen euskal jendeari dagokion guztia biltzea: bibliografia bere eremu guztietan, euskarazko liburua, euskal lurretan jalgia, euskaldunei buruzkoa, euskaldunek idatzia. Pizkundeko gogoari teknologia txertaturik sor daiteke Euskal Gutenberg egitasmoa, analogikoa, digitala, birtuala, hots, liburua euskarri guztietan hartuko duena», gaineratu zuen.
Egindako bidean atzera begira jarri eta zera esan zuen: «Topikoa onartuz suposatzen da euskaldunak ez duela idatzi, edo gutxi idatzi duela. Zergatik suposatzen da hori? Idatzi dutena ez delako ezagutzen. Eta zergatik ez da ezagutzen? Inoiz ez delako sistematikoki arakatu».
Esperantzari leihoari irekiz, Foruko frantziskotarren elizan bildutakoak amets egitera gonbidatu zituen. «Zein egoeratan legoke gaur euskal kultura, baldin eta 1919an Euskaltzaindia sortu zen bide beretik Euskal Bibliografia eta Euskal Biblioteka sortu izan balira? Aukera hura galduta ere, non ote geundekeen gaur, baldin eta 1982an Euskadiko Orkestra sortu zen bide beretik Euskal Bibliografia eta Euskal Biblioteka sortu izan balira? -galderak luzatu zituen-. Sekula ez omen da beranduegi, eta ospatzeko modurik izan dezagula Pizkundeko saioen ehungarren urtean».
Makina bat besarkada jaso zituen atzo Joan Mari Torrealdaik. Izan zen bat, berezia, Jose Antonio Arana Martija «aitabitxia»k ekitaldian bertan eskaini ziona. Hitzezkoa. «Gure artean nahi eta behar zaitugu, Joan Mari», esan zion, «Euskaldunon Egunkaria''ren auzia dela-eta euskaltzain oso berria epaiketaren atarian dagoenean.
Honelaxe amaitu zuen Arana Martijak Torrealdairi erantzunez egin zuen hitzaldia. «Alexandriatik digitalizaziora» izenburupean, beste hainbat konturen artean, Torrealdaik bibliografiaren arloan egindako lana nabarmendu zuen. «Azken hogeita bost urteetan, atsedenaldirik izan gabe, 25.000 fitxa bete eta taxutu ditu», gogoratu zuen. «Euskararen alde egin duen lana amaiera ezinezkoa da», gaineratu zuen.
Hitzaldiaren ondoren beste besarkada bat eman zion Arana Martijak gainontzeko euskaltzainek bezala, Euskaltzaindira ongietorria emanez.
«Topikoa onartuz, suposatu egiten da euskaldunak ez duela idatzi, edo gutxi idatzi duela. Zergatik suposatzen da hori? Idatzi dutena ez delako ezagutzen. Eta zergatik ez da ezagutzen? Inoiz ez delako sistematikoki arakatu», adierazi zuen.