GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Genets Angelukoak bere dotoreziarik handiena erakutsi nahi du 100 urte beteko dituen honetan

Genets Angelukoa ere 100 urtekoen klubean sartzera doa, Realarekin, Athleticekin eta Avironekin batera. Angeluarrak mendeurrena ospatzeko prestatzen ari dira, 2010. urtean beteko baititu 100 urte. Hala, ospakizunez beteriko denboraldia izango dute honakoa.

p038_f01_42060.jpg

Jon LEUNDA

Denboraldi garrantzitsua da honakoa Genetsentzat. Angeluko taldeak 100 urte beteko baititu, eta hori ospatzeko modukoa da. Hala ere, lehen taldeak ez du denboraldia ongi hasi, eta bidea zuzentzen ez badute, agian hori izango da aurtengo denboraldiak izan dezakeen arantzarik handiena.

1910. urtean sortu zen Genets, eta garai hartan talde garrantzitsua bihurtu zen. Aviron, Biarritz, Arin Luzien, Maule, horiek baitira Ipar Euskal Herriko talderik zaharrenak, eta Euskal Herriko zaharrenetakoak ere bai. Zoritxarrez, Ipar Euskal Herriko taldeei buruz, oso gauza gutxi ezagutzen da Hego Euskal Herrian, horretarako interesa ere ez baita oso handia izan.

Lapurdiko futbol taldeak errugbiaren itzalpean bizi izan dira urte askoan, baina apurka-apurka ari dira azaleratzen, eta gaur egun oso goian dabiltza bai Genets, bai Aviron, orain dela dozena bat urte inork uste izango ez zuen lekuan. Atzera begiratuta, ordea, Akitaniako Ligan eman ditu urterik gehien Genetsek. Ipar Euskal Herriko talderik onenetakoa izan da beti, baina tartean beste talderen bat sartu izan zaio gehienetan. Aviron izan du bere bizi osoko aurkaririk gogorrena. Angelu eta Baiona elkarren ondoan daude, eta lehiakortasuna areagotu egin du horrek, errugbian, Avironen eta Biarritzen artean gertatzen den bezalaxe.

Dena dela, hori-berdeen urterik onenak azken hamarkadakoak izan dira, nahiz eta berriro ere bigarren taldea izatea egokitu zaion, Avironek aurre hartu baitio. Orain dela hamar bat urte beren proiektua aurkeztu zuen Angeluko taldeak, eta dozena bat urteren buruan Bigarren Mailan egon zitezkeela esaten zuten. Aste batzuk geroago, Avironek gauza bera egin zuen.

Asmo horiek ezinezkotzat hartu zituzten zaleek, baina berehala ikusi zuten ez zela astakeria. Arazoa Aviron izan zen beste behin ere; izan ere, Baionako taldeak sekulako abiadura hartu baitzuen, eta Akitaniako Lehen Mailan egotetik N1 Mailan egotera pasa baitzen bost urtetan. Besteak beste, sekulako balentria egin zuten Kopan, eta Genets berriro ere bigarren lekuan geratu zen, komunikabide eta zaleen arreta oso-osorik bereganatzen baitzuen beren betiko aurkariak.

Hala ere, egindako lanaren fruituak jasotzen hasi zen Genets ere, ez beren aurkari zuzenak bezain azkar, baina bai apurka-apurka. 2002-03 denboraldia bikaina izan zen. Taldea Akitaniako Ohorezko Mailan zegoen, eta Akitaniako Kopa irabazteaz gain, Lehen aldiz Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko parada izan zuen. Frantziako Kopan izan zen eta Guingampen aurka jokatu zuten angeluarrek.

Neurketa Biarritzen jokatu zen, Agilera estadioan, partida ikusi nahi zuten guztiak sartzeko adina lekurik ez baitzen Angeluko Saint Jean zelaian. 10.000 ikusle bertaratuta, erabat bete ziren harmailak. Partida ikusgarria izan arren, neurketaren amaieran Didier Drogbak gola egin zuen, Lehen Mailako taldeari garaipena ekarriz. Artean jokalari afrikarra ez zen gaur bezain ezaguna.

Horiek gorabehera, hurrengo denboraldian Angeluko taldeak CFA 2 Mailara igotzea lortu zuen -Estatu espainoleko antolamenduarekin alderatuta, Hirugarren Mailaren eta Bigarren B Mailaren tarteko bat dela esan daiteke-. Helburuak betetzen ari ziren, nahiz eta beharbada ez zen nahi bezain azkar gertatzen ari.

2004-2005 denboraldia ere bikaina izan zen Genetsenzat, eta CFA Mailara igotzea lortu zuen lehen aldiz, eta hortxe jarraitzen du. Maila horretan jokatzeak profesionalizazioaren ateak ere zabaltzen zituen -Estatu espainolekoarekin alderatuta, Bigarren B Mailaren pareko bat dela esan daiteke-.

Eta gauzak zer diren; izan ere, maila horretan Avironekin topo egin zuen berriro. Baionarrak sekulako abiadura hartu, eta N1era azkar igo baziren ere, azkenean maila hori galdu zuten denboraldian, Genets CFA Mailan zegoen, eta hala, betiko bi aurkariak aurrez aurre ziren berriro ere.

Bi denboraldi horrela egin ostean, Baionakoek zapuztu zieten Angelukoei maila honetan egindako denboraldirik onena. Angeluarrek ia sasoi osoa lehen postuan pasa bazuten ere, Avironek denboraldi amaiera bikaina eginez Genets gainditu zuen, eta bera igo zen N1era. Hantxe geratu zen berriz ere Genets, betiko aurkaria gainditu ezinik. Duela bi denboraldi izan zen hori. Aurten gauzak ez doaz ongi jokoan. Azken postuan daude, eta partida bakar bat ere irabazi gabe. Horixe izan daiteke aurtengo okerra, ospakizunez beterik izan behar duen denboraldia, tristuraz amaitzea; baina hori konpontzeko bidea egitea badago oraindik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo