GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ana Perez, Emilse Benabides eta Josean Bueno Irakasleak eta STEE-EILAS sindikatuko kideak

Eskola 2.0: okerreko bidetik

Ordenagailuen hornidura ezin da edozein modutan egin, planteamendu metodologiko eta didaktikoak egoki landu gabe, ordenagailuen erosketa antzua izan baitaiteke

Eskola 2.0 Hezkuntza Sailaren programa da, informazio eta komunikazio teknologia berriak gelara eramateko. Interesgarria dirudi, baina programaren lehen urratsak eman eta gutxira hasi dira Berritzeguneko arduradunen eta inplikaturiko irakasleen haserreak eta kexak. Eskola 2.0 programa horren barruan, EAEko eskoletara 20.000 ordenagailu berri bidaliko dituzte; zergatik kexatzen dira irakasle horiek? Ez zaie akaso nahikoa iruditzen? Ez dirudi kexa hori oso zentzuzkoa denik. Azter dezagun gaia, bada, eta hobeto ulertuko dugu haserrea.

Hasteko, aipatu behar da ordenagailu horiek ez dituztela ikastetxeek eskatu. Rodriguez Zapatero Estatu espainoleko presidenteak maiatzean plazaratu zituen neurrietako bat da Escuela 2.0 programa hori, Estatu espainolak autonomia erkidegoekin erdibana gauzatu beharrekoa (Estatuan, 400.000 ordenagailu, arbel digitalak, WIFI konexioak). Berehala, EAEko Celaa sailburu sozialistak bat egin zuen egitasmoarekin eta ekainean adierazi zuen EAEko Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleentzat 20.000 ordenagailu erosiko zituztela (aurrekontua, 12.660.004,12 euro).

Ikusten denez, gauzak goitik behera egiten ari dira, Zapaterok hasi eta Celaak jarraitu: horrela helduko dira 20.000 ordenagailu horiek eskoletara, zerutik eroritako opari gisa. Kontua da eskola horiek askotan ezetza jasotzen dutela baliabide gehiago eskatzen dituztenean (ordu-kreditu batzuk, laguntza-irakasleak, obra eta konponketak, hornidura informatikoa bera...); eta orain, Zapatero eta Celaaren graziaz, eskatu ez dituzten ordenagailuak eta arbel digitalak egokitzen zaizkiela; baina hori bai, 5. mailako geletarako. Nagusikeriaz tratatuta sentitzeko nahiko motibo badira. Eskoletako irakasle eta arduradunek jakiten dute zeintzuk diren beren beharrak, zer behar duten eta non; eta hori guztia eskatutakoan hainbestetan ezetza jaso ondoren, hara non halako hornidura egokitzen zaien. Eta gero, Hezkuntza agintariek ez dute lotsarik edozein forotan esateko ikastetxeen autonomia dela giltzetako bat eskolaren hobekuntzan. Ikastetxeen autonomia aintzat hartuko balute, irakasle eta zuzendaritza taldeak errespetatuko balituzte, gauzak nahitaez beste modu batean egingo lituzkete, eta beharrezkoa den hornidura informatikoa bestela antolatuko luke Hezkuntza Sailak.

Gainera, ordenagailua tresna bat izanik, garrantzitsuena ez da ordenagailuak geletara eramatea, baizik eta prozedura eta bideak ezartzea tresna horretaz egoki baliatzeko, eta probetxugarria izatea ikasleek ikas dezaten. Horretarako beharrezkoa litzateke aurretiko lana, 5. mailako edukiak eta helburuen gainean, informatika baliabide berriekin egokiago lantzeko horiei buruzko ezagutza. Bada, hau da planaren gabezietako bat: falta da, oraingoz, 5. mailara begira, egokitzapen didaktiko eta metodologiko zehatza irakasleoi laguntzeko. Erosi, bai, baina zertarako? Ez dago oso argi ikasgelaren eguneroko lanetik ikusita. Irakasleen lepora jausiko da egitasmoaren zama nagusia.

Celaa sailburuak, ekaineko adierazpenetan esan zuen irailean ordenagailu berriak eskoletan egongo zirela; «en un tiempo récord», izan ziren bere hitzak. Baina ez zen horrela izan eta oraindik ez dira heldu. Esaten da seguruenik otsailean helduko direla. Baina, noski, 5. mailako irakasle guztiek egin dute beren urteko plana, martxan daude, eta ikasleak beren liburu eta koadernoekin ari dira lanean. Dirudienez otsailean helduko diren ordenagailu eta abarri nolako probetxua aterako zaion, laguntza edo oztopo izango diren, ikusteko dago oraindik. Gestio txarrak lardastu du, ez da onartzekoa gauzak horrela antolatzea. Badaude kezkatzeko motibo gehiago. Urteetan dirua inbertitu da sare informatikoa kable bidez ikasgela guztietara helarazten. Eta oraingo plan hau WIFI bidez datorkigula esaten digute. Gainera zalantzak badira WIFI sareek osasunean eragin kaltegarria ez ote duten; kezka hau hainbat eragilek ere plazaratu dute. Koherentzia falta ere badago: Lopez lehendakariak eta Celaa sailburuak software librearen aldeko adierazpen publikoak egin dituzte, baina aldi berean Microsoft lizentzia eskatzen dute 20.000 ordenagailuen lizitazioan. Zein da egiazko apustua?

Azkenean, Eskola 2.0 planari begira antolatu den prestakuntza planak piztu du bereziki irakasleon haserrea. Inprobisazioa eta antolaketarekin haserre daude Berritzeguneetako arduradunak (irakasleari laguntzeko guneak dira Berritzeguneak). Eta zer esan eskola eta irakasleei buruz? Derrigor bi orduz astean joan behar dute prestakuntza saioetara 5. mailako irakasle guztiek. Baina ez dago irakasle ordezkorik, eta horrek arazo handiak sortzen ditu eskoletan; gainera, zuzendaritza taldeek irailean ikasturtearen planifikazioa egin zutenean ez zuten honen berri izan, eta orain aurreikuspenak eta ordutegiak hankaz gora jarri behar dira. Kontuan hartu behar da hainbat eskoletatik beste herri batera joan behar dutela irakasleek prestakuntza saioak egitera. Irakasle, Berritzegune eta ikastetxeentzat zama astuna bihurtzen ari da proiektua, are gehiago egin den antolaketa honekin. Ez da harritzekoa irakasle eta ikastetxe batzuek prestakuntzari uko egin izana.

Zein da kontua? Eskolaren hobekuntza oinarritik lantzea baino propaganda politiko merkea bilatzen dela? Komunikabideetan adierazi beharra dago modernitatea heldu dela EAEko geletara, kosta ahala kosta? Madrilgo Gobernuaren iniziatibei jarraitu behar zaie, edozein modutan? Eskoletako arduradunekiko, irakasleekiko eta hezkuntza inguruko profesionalekiko errespetua falta da eta autoritarismoz jantzitako prozedurak soberan daude. Baina batez ere zera falta da, lan serioa, irakasle eta ikastetxeekin lankidetzan, hezkuntza hobetzeko beharrezkoa duguna.

Lekuan lekuko estrategiak, lehentasunak eta aukerak aintzat hartuta, baliabide gehiago -baita informatikoak ere- behar dira gure ikastetxeetan. Honek zerikusi gutxi du egin denarekin; ordenagailuen hornidura ezin da edozein modutan egin, planteamendu metodologiko eta didaktikoak egoki landu gabe, ordenagailuen erosketa antzua izan baitaiteke. Informazio eta komunikazio teknologien esparruari dagokionean gure eskoletan -eta ingurukoetan ere- esperientzia interesgarriak egiten ari dira azken urteotan; bultzatu, zabaldu eta balora ditzagun. Eta benetan berritze teknologikoa bultzatu nahi badugu, ikastetxeetan informatika gai hauen ardura daramaten irakasleon lanaren orduak behar bezala onartu beharko lirateke Lanpostuen Zerrendan, izan ditzaketen ondorio guztietarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo