Rigako Katedraleko nesken haur abesbatza nagusitu da Tolosan
Tolosako Leidor antzokian bildu ziren kantuzaleek gozatu ederra hartu zuten atzo. Japon, Hungaria, Holanda, Txekia, Alemania, Australia... hainbat herrialdetatik iritsitako abesbatzek parte hartu dute nazioarteko lehiaketan eta ezin esan kale egin dutenik. Sari-emate ekitaldian ederki azaldu zen aurten eskaini duten maila ona.
Xole ARAMENDI | TOLOSA
Entzuleez beteta zegoen Leidor, baina mutu geratu zen Japoniako Yuuka abesbatzaren saioaren ostean. Minutu batzuk lehenago, guztiak harritu ziren agertokitik jaitsi eta kantariak entzuleen artean sakabanatzen ikusi zituztenean. Kantuan hastearekin bat naturaren doinuak nagusitu ziren areto osoan -kantarien eztarritik harrigarriro ateratzen ziren- eta entzuleek Japoniako mendi edo parke ederretara bidaiatu zuten. Ondoren, isilunea.
Hau gutxi ez eta Eduardo Mocoroaren «Txantxibirin» abesti ezagunaren interpretazioarekin aho zabalik utzi zuten bat baino gehiago. Japoniarrena izan zen Tolosako sari-emate ekitaldian parte hartu zuen azken taldea, amaiera ezin hobea eskainiz.
Yuuka abesbatza nagusitu da aurten ahots nahasiko taldeei dagokienez, folklore sailean. Polifonia alorrean, berriz, bigarren saria eskuratu du.
Abesbatza honez gain, ahots nahasien atalean eman diren hiru sari nagusiak Alemaniako Via Nova abesbatzak -lehen saria polifonian, bigarrena folklore atalean- eta Australiako Sydney Chamber Choir-ek -hirugarren saria bi ataletan- jaso dituzte. Aurten lehen aldiz parte hartu du Australiako talde batek.
Rigako nesken abesbatza
Eguneko protagonista nagusia Rigako Katedraleko nesken haur abesbatza izan zen. Txundituta utzi zituen bai epaimahaikideak, baita entzuleak ere. «Badaukate soinua ateratzerako moduan zerbait, airean flotatzen geratzen dena. Hain gazteak izanda, hain egiten dute modu naturalean...», zioen Xabier Sarasolak, Tolosako epaimahaiko lehendakariak.
Izan ere, hiru sari eskuratu dituzte Rigakoek. Batetik, haur abesbatzen sari nagusia letoniarrentzat izan da. Honez gain, euskal abesti baten interpretazio onenari dagokiona eskuratu dute -Javier Bustoren «Gizon on bat» kantuari esker-. Eta gainera, Rigako Katedraleko nesken abesbatzak ordezkatuko du Tolosako lehiaketa datorren urtean Varnan (Bulgaria) egingo den Europako Abesbatzen Sari Nagusian.
Aukera hau puntuazio onena eskuratzen duen taldeari ematen diote Tolosako lehiaketaren antolatzaileek. Ondorioz, berez Holandako Wishful Singing abesbatzari dagokio aipatu saria (461 punturekin), baina bi eragozpen dituzte holandarrek. Batetik, talde profesionala da eta bestetik, ez dute kantarien gutxienezko kopurua betetzen, hamabi kide eskatzen baititu Europako Sari Nagusiaren araudiak. Beraz, Rigako Katedraleko nesken abesbatza (443 puntu) joango da Varnara maiatzean.
Holandarrak irabazle suertatu dira ahots taldeei dagokienez, musika profanoaren atalean eta bigarren geratu dira musika erlijiosoaren alorrean. «Ez daukate fisurarik. Kantu naturala, aberatsa, freskoa da. Errepertorio berria eta ezberdina eskaini dute. Eta eszenan sekulako presentzia daukate. Ikusgarriak dira», nabarmendu zuen Xabier Sarasolak.
Hungariako Discantus abesbatza nagusitu da musika erlijiosoaren atalean eta bigarren saria eskuratu du profanoaren alorrean. Japoniako PVD Vocal Ensemblerentzat izan dira hirugarren sariak bi sailetan.
Sarasola pozarren zegoen aurten ikusitako kalitatearekin. «Maila oso altua izan da sail guztietan. Izan ere, sei abesbatzek eskuratu dituzte lehen sariak lortzeko moduko puntuazioak, beraz, maila ikaragarria da. Askotan hamarren soil batek erabakitzen du sailkapena».
Oso gertutik ezagutzen du Tolosako nazioarteko lehiaketa -«1986tik nator», zioen beasaindarrak- nahiz eta hiru urte besterik ez diren abesbatzen jarduna epaitzen ari dela. «Badirudi hobetzeko tarterik ez dagoela baina ni harrituta geratzen naiz urtez urte. Eta hori kontuan izanda lehiaketa ez dela beharbada lekurik onena hau ikusteko, tentsioa tarteko», esan zuen.
«Maila oso altua izan da sail guztietan. Izan ere, sei abesbatzek eskuratu dituzte lehen sariak lortzeko moduko puntuazioak. Askotan hamarren soil batek erabakitzen du sailkapena. Badirudi hobetzeko tarterik ez dagoela, baina ni harritu egiten naiz urtez urte erakusten duten maila ikusita», nabarmendu zuen Xabier Sarasolak, epaimahaiko lehendakariak.
Bai janzkeragatik -urdin elektriko koloreko alkandora eta oinetakoak soinean-, bai oholtza gainean kokatzeko eta mugitzeko duten moduagatik, berehala bereganatu zuten Leidorreko entzuleen arreta Holandako Wishful Singing taldeko kideek.
Opor batzuetan, belaontzian zihoazela, haizerik ez eta aspertzen ari ziren bost lagunen istorioa da eurena. «Lehendik abesbatza batean arituak ginen eta abesten hasi ginen. Era horretan sortu zen taldea», azaldu zuen Marjolein Verburg-ek, Salamancan ikasitako gaztelera txukunean. Abesteaz gain, gorputz adierazpena bereziki lantzen dute. «Antzerki pixka bat egitea gustatzen zaigu, kantatze soiletik harago. Umorea ere lantzen dugu», gaineratu zuen.X. A.