Mikel Aramendi Kazetaria
Desastrearen irakaspenak
2001az geroztik Afganistanen gertatu zaienarekiko paralelotasuna begien bistakoa da. Argibide gehiago behar izanez gero, Afganistanen bertan sobietarrei gertatua gogora daiteke
Gordon Goldsteinen liburua berrirakurtzeko beta aurkitu beharko du Obamak, mahai gainean dituen auzi ugarien hutsarte batean. Hobe Murphyren aburuen azken bertsioa alboan, zalantzak argitzeko. Afganistango hauteskundeen komeriaren amaierak betikoa berretsi baitu: okertu daitekeena, okertu egiten da, eta egoerarik okerrena ere izan daiteke are okerragoa. Bi hilabetez «egositako» emaitzak iruzurrezkoak zirela eta bigarren itzulia egin beharra lotsagarria zela? Ba ondoren etorri denaren aldean...
Obamak Etxe Zuriko giltzak eskuratu zitueneko egun bertsuetan eman zuen argitara Gordon Goldstein nazioarteko segurtasun arazoetan adituak «Lessons in disaster: McGeorge Bundy and the path to war in Vietnam». Bertan, 1960ko hamarkadan Kennedy eta Johnson lehendakarien segurtasun aholkulari nagusia izan zen Bundyren ikuspegiak eta gogoetak hausnartzen dira, irabazi ezinezko gerra hartan AEBak nola murgildu ziren ulertu nahian. Argigarria den arren, Vietnamgo desastreari buruzko hamaikagarren liburu estatubatuarrak ez zukeen aparteko hautsik harrotuko duela hilabete, S. McChrystal jenerala Afganistanerako 40.000 soldadu gehiago eskatzen hasi zenean, Obamaren bozeramaile batek jakinarazi ez balu «arreta handiz ari zirela irakurtzen Goldsteinen lana» Etxe Zurian. Kaikuenek ere ulertzeko modukoa zen mezua: «Aurrerago jo baino lehen, berma iezaguzue lehenik ez garela berriro beste Vietnam batean sartzen ari...».
Hemen bailegoke koska: Goldsteinen ustez, Bundyren (eta, bidenabar, haren aholkuak ontzat eman zituzten lehendakarien) hanka-sartze nagusia izan zela zuzen eta zehazki definitu gabeko helburuen bila gero eta soldadu eta bitarteko militar gehiago erabiltzea, emandako urratsen emankortasuna behin ere aztertu gabe, aurrerakako ihesaldi etengabean. 2001az geroztik Afganistanen gertatu zaienarekiko paralelotasuna begien bistakoa da. Argibide gehiago behar izanez gero, Afganistanen bertan sobietarrei gertatua gogoratu daiteke, protagonista zuzenenetako hainbatek askotan kontatu dutena berrirakurriz.
Eskola errealistaren aldagai funtzionalista dei genezakeen ikuspegi horren errezeten benetako endredoak, ordea, hortik aurrerakoak lirateke. Zer ote da, hitz lauz, egungo Afganistanen «xedeak zehatz eta zuzenki» definitzea? Edota, zuzena ote da lortu ezin den xede bat, hobekien definitua bederen? «Al Qaeda desagerraraztea» helburu zuzena -epe eta modu planifikagarrian erdiesteko modukoa- ote da gaur egungo AEBentzat? Hala balitz, nahikoa ote da? Eta gisa horretakoak.
Goldsteinen ikuspuntua jada ontzat emana badute, berriz, has daitezke hausnartzen Obama eta haren aholkulariak. Hauteskunde prozesu barregarri horretatik abiatuz. Zein zen prozesuaren helburua? Talibanak isolatzea? Karzai agintetik kendu eta haren ordez itxurosoago bat ipintzea? Herritarren artean oniritzi eta sinesgarritasuna izango duen agintaria finkatzea, gero harekin estrategia kontrainsurgente eraginkorragoa abiarazteko? Inguruko herrialdeekin bakerako elkarlana zilegitzea? Hala bazen, zorrotza daukate begia.