Behobia-Donostia, gero eta ikusgarriagoa
Behobia-Donostia lasterketak 20 kilometroko ibilbidea du, gutxi gorabehera; hala ere, ez da korrikalari profesionalentzako proba, eta parte hartzaile gehien-gehienak kirola maite duten herritar hutsak dira. Hori bai, kirolari osoak ere badira. Ez da faltako burutik eginda daudela uste duenik, atseden egun batean maratoi erdia korrika egitea ez baita ohikoa. Hala uste dutenek arrazoia badute, aurten iaz baino 2.000 ero gehiago zenbatu beharko dituzte: 18.440. Izan ere, horixe da lasterketan parte hartzeko izena eman duten lagunen kopurua, inoizko handiena. Eta ez dirudi parte hartzaile kopurua emendatzearen arrazoia ibilbideak zenbait metro gutxiago izatea denik, argi baitago luzexeagoa izango balitz ere, jendetza horrek berdin-berdin emango lukeela izena. Kirolzaleak direlako, eta kirola telebistan ikustea baino zerbait gehiago dela uste dutelako, eta helmugan lehenak izango ez direla jakin arren, lasterketa irabazi gabe ere irabazten aterako direla badakitelako. Elkartzea, bereziki herri bilkuretan parte hartzea, lagunekin eta ezezagunekin esfortzua partekatzea gustuko duen jendeak egingo du proba; falta direnak gogoratu eta errebindikazioak bertan ere agertu behar direla usten duen jendeak beteko du ibilbide ikusgarria. Ikusgarria, paisaia halakoa delako eta urtez urte jende horrek guztiak lasterketa ikusgarri bilakatu duelako.