GARA > Idatzia > Kultura

Generoko lanen atzean egileek heriotzari dioten beldurra dago

«Beldurrezko zinema ez da begi berberez ikusten herrialde guztietan». Hala baieztatu du Ives Montmayeur zuzendariak «Viva la muerte!» dokumentalaren bidez. Ondorioen artean dioenez, Estatu espainiarrean «leku berezia» eskaintzen zaio izua eragiten duen generoari.
p043_f02.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Ives Montmayeur zuzendari eta dokumentalista frantziarra Astearen jarraitzaile sutsua da jaialdiaren hastapenetatik eta geroztik urtero etorri da Donostiara beldurrezko zinemaz gozatzera. Aurten, gainera, bere azken lana aurkezteko helburuarekin bertaratu da. «Viva la muerte! Autopsie du nouveau cinéma fantastique espagnol» dokumentalean, hamar urtez Estatu espainiarreko beldurrezko zinemaren inguruan bildutako informazioa plazaratu du. Bilketa lana, gaian adituak diren zuzendari entzutetsuak elkarrizketatuz egin du; besteak beste, Alex de la Iglesia, Alejandro Amenabar, Guillermo del Toro eta Jaume Balaguero.

«Beldurrezko zinemak beste herrialdeetan baino arrakasta handiago du Estatu espainiarrean, baina, horretaz haratago, errespetuz tratatzen den generoa da. Estatu frantsesean, esaterako, maila txikiagoko zinema mota dela sinesten da», gaineratu zuen Montmayeurrek. Dokumentalean urratsa utzi duten filmak aztertzen ditu: «Tesis», «El dia de la bestia» edo «Rec» arrakastatsua, herrialde askorentzat irizpide izan dena. «Beldurrezko film espainiarrek -gehitu zuen- ez dute nahikoa pantailan agertzearekin, ikuslea ukitu nahi dute azalean izua sentiarazi arte; egitura fisiologikoa duela esango nuke». Hainbat zuzendarik eskaini dituzte beren ikuspuntu eta bizipenak dokumentalean, denen artean puzzle handi bat osatuz. Gehienek heriotzaren inguruan sentitzen duten beldurrak eraginda egin dituzte beldurrezko film luzeak, «erantzun ezin diren galderei erantzuna emateko saiakeran».

Emakumea: maitasuna eta izua

VI. Komiki Jardunaldien harira, Eva Conde donostiarrak bere irudiak aurkeztu ditu estreinakoz Astearen barruan. Emakumea oinarri hartuta, estilo gotikoa duten marrazkiak dira. «Beldurrak iradokitzeko orduan emakumezkoaren begiradan jarri naiz, izuaren uneko sentimenduak bilatu ditut», azaldu du Condek. Parte hartzearen garrantzia ere azpimarratu du, izan ere, «norberaren herrian izena egitea ez da gauza erraza, are gutxiago komikiaren munduan». Marrazkiak azaroaren 30era arte izango dira ikusgai Principe zinemetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo