GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Afganistango apustua okerra dela berriz agerian

NBEk Afganistandik «ezinbestekoak ez diren» bere langile atzerritarrak aterako dituela iragarri izanak AEBen eta NATOren indarrentzat gauzak ondo ez doazen zantzu argia dirudi. Joan den astean Kabulen NBEren egoitza bati egindako erasoak badu zerikusirik kanporatze horrekin, NBEk berak aitortu duenez. Aldi baterako joango direla, Nazio Batuen lanak han jarraituko duela eta gainerako azalpenak esan beharrekoak dira, baina talibanen eraso-ahalmenak hobeto azaltzen du, nonbait, atzo iragarritako erabakia, hala nola Barack Obamaren apustuak gero eta itxura okerragoa izatea ere. Sostengu militarra emendatzeko Hamid Karzai presidente afganiarrak ustelkeriaren kontra konprometitu beharko lukeela aditzera ematea, bestalde, oso bitxia da, Karzai AEBek eta NATOk jarritako presidentea baita. Bernard Kouchner Kanpo ministro frantsesak argiago esan zuen atzo: «Denok dakigu Karzai ustela dela, baina gure gizona da eta legitimatu egin behar dugu». Hala ere, Karzai legitimatzeko ahalegin nagusiak ere huts egin du, nabarmen huts egin ere, hauteskundeetan izandako iruzurraren ondoren eta Abdullah Abdullah hautagaiak bigarren itzulian parte hartzeari uko eginda, Karzai iruzurtiak AEBen onarpena du, baina ez afganiarrena. Legitimitaterik gabe eta arlo militarrean aurrera egin gabe, hasieratik ez ote zebiltzan oker aztertzeko motiborik badute AEBek eta NATOk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo