GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Musika sektorearen inguruko gogoetak

Blanca Izkue | Musikagintzako langilea

Beste behin ere, musikaren industriak duela urte asko pairatzen duen krisi estrukturalak azkenaldi honetako krisialdi koiunturalean hartu dituen norabideak aztergai. Baina oraingoan, bake santuan utziko ditugu gure aldamenekoak, sektorearen barruko eta sakoneko saioetan garatuko baita. Proiektua Euskal Herriko promotoreen elkarteak gauzatu du, eta datozen asteartean eta asteazkenean Barakaldoko BECen izango dira eztabaida saioak. Elkarte honek iaz hasi eta berriki bukatu du Euskal Herriko musikaren inguruko hainbat arlotako egoera aztertzen duen dokumentala. Musikariak, diskoetxeak, promotoreak, managerrak, erakunde publikoak, zuzeneko aretoak... gure musikak (hemen egiten dena, esan nahi da) gaur egun dituen alde eta kontrako ezaugarriak agertzea espero da aipaturiko dokumentalean, «Musika hizpide, musika lanbide» izenburukoa. Sektoreko profesionalei espresuki erakutsi diete bideoaren edukia, non musikaren alorrean diharduten hainbat pertsonen iritziak jaso diren, eta adierazpen horiek ondorengo eztabaida saioen oinarria izango dira.

Dokumentalaren atalek bideratuko dituzte eztabaidaren gaiak, taldeka jorratuko direnak: industriaren ibilbidea, kultur politika, laguntzak, subentzioak, programazioa, promozioa eta zabalkundea.

Jardunaldi hauek gaur egun egokiak eta eraginkorrak izango ote diren eztabaida-preludioa dago gure artean orain. Musikagintzaren barruan, batzuk sosak eta indarrak beste zereginetan inbertitzearen aldekoak dira. Beste batzuek, aldiz (lana burutu dutenak eta aldamenekoak), hemendik zerbait garrantzitsua aterako delako esperantza dute. Krisialditik atera ez, baina agian bide berrien argia sumatzen hasiko garela, alegia.

Seguruenik umore onez hasiko dena, ikusteko dago nola bukatuko den. Agian denon indarrak eta eskarmentuak batu eta gure artean aspalditik bueltaka darabilgun musikagintza integralaren ideiaren oinarriak argituko dira, etorkizunerako ibilbidea zuzenduko digutenak. Agian guda zibila deklaratuko da sektore barruko alor ezberdinak ordezkatzen duten profesionalen artean. Edo agian bazkariaren ardoak giroa epeldu eta balizko kalapitak baretuko ditu, eta pare bat egunez, sikiera, sekulako lagunak izanen gara denok. Ni, nafarra eta ardozalea naizen aldetik, azken probabilitate horren aldeko apustua egiten dut gaurtik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo