GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Inoiz ere ez

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktore eta idazlea

Behin batean, gauerdi goibelean, ahazturiko zientzia liburu batean ezarririk hausnarketa tristeetan barneraturik nengoela, ahul, nekaturik eta erdi lo, zarata txiki bat entzun nuen kolpetik, leuntasunez nire logelako atea joko balute bezala...»

Edgar Allan Poe idazlearen «Belea» izeneko poemaren lehen hitzak dira honako hauek, izan ere, azkenaldi honetan, heriotza, bele beltz moduan, inguruan baitabilkigu hegan. Hostoen erorketarekin batera, idazle eta aktore ezagun batzuk joan egin dira, baita maite ditugun beste hainbat ere. Ilargia guztiz beteta egon zen «Santu guztien egunean», hilerriak lore koloretsuz jantzi ziren eta inoiz baino bizi gehiago ibili ziren bizi gabekoen tartean. Baina ez gure errealitatean soilik, baita antzoki eta zinema aretoetan ere. Izan ere, Antzerkiola Imaginarioa-ren «Babiloniako loreak» antzezlana ikusterik izan genuen egun honetan Donostiako Jareño aretoan. Eta poetika eta edertasunez beteriko emanaldi hau heriotzaren inguruan aritu zitzaigun zaldi beltzaren lauhazka motelean. Jendez gainezka zegoen aretoan, une benetan hunkigarriak eskaini zituzten guztiok identifikaturik sentitzerik izan genuen momentu samur, baita gogorretan ere.

Eta zer esan ere ez dago, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XX. Asteaz, izan ere, hildakoak gora eta behera izan baititugu zazpi egunetan zehar Donostiako Antzoki Zaharrean. Eta astea gaur amaituko bada ere, geurean izango dugu gaur eta bihar, Teatro Corsariok Edgar Allan Poek idatziriko «Belea» poeman oinarrituriko «El cuervo» antzezlana.

«... Eta beleak sekula ez zion hegaldiari ekin. Oraindik ere, hor dirau, Palas busto zurbilaren gainean, nire logelako ateburuan. Eta bere begiek ametsetan dagoen deabru bat dirudite. Eta bera argiztatzen duen lanpararen argiak itzal beltza sortzen du lurrean. Eta nire arimak, ezingo du lurrean dagoen itzal horrengandik ihes egin. Inoiz ere ez!».

Baina heriotzak jaiotza dakar halabeharrez, eta txalapartaren ttakunarekin batera datorkigu oraingo honetan. Izan ere, hilaren 1ean Urnietan ikustea izan genuen «Ttakun Ttan Ttakun» lana berriz ere ikusteko aukera izango baitugu hilaren 12an Iruñeko Gaiarre antzokian. Nahiz eta benetako estreinaldia Tolosako Leidor antzokian izango den datorren urteko urtarrilaren 9an. Ikuskizun honetan Juan Mari Beltranek txalapartaren inguruan idatziriko liburuaren eszenaratzea ikustea izango dugu Mireia Gabilondoren eskutik. Eta gure arbasoen txalaparta hotsarekin batera, Azpeitira jo beharrean naiz, izan ere, gaur hasiko baitira Azpeitiko XXVII. Euskal Antzerki Topaketak. Bertan, euskarazko hainbat antzezlan ikusteko aukera izango dugu, Glu-Glu taldearen «Kanpaiak jo bitartean», Hika taldearen «Aitarekin bidaian» eta Agerre Teatroaren «Doltza» antzezlanak, besteak beste.

Eta jaioberriak ez direnak ere, aurrera doaz, izan ere, Santurtzi eta Gasteizko antzerki jaialdiak bertan baititugu oraindik. Eta beleak hegaldiari ekin aurretik, ahalik eta gehien gozatzen saiatu beharrean gaude, izan ere, itzal beltzak lehenago edota beranduago, guztiok eramango baikaitu zaldi beltzaren lauhazka motelean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo