GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Euskal Herrian eta euskaraz aurten egindako antzezlanen erakustoki izango da Azpeitia azaroan zehar

Euskal Antzerki Topaketetan, agertoki gaineko euskal antzezlanik adierazgarrienak ikusteko aukera izango da aurten ere Azpeitian. Agerre Teatroren aurrestreinaldia eta II. Azoka Eguna nabarmentzekoak dira.

GARA | AZPEITIA

Bada euskal antzezlan gehienek urtero duten geltoki berezi bat, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak, hain zuzen ere. Gaur abiatuko da 27. edizioa, eta azaroan zehar gauzatuko den egitarauan, 15 antzezlan biltzeaz gain, Azoka Eguna eta ikasleentzat propio eratutako programa dira nabarmentzekoak.

Glu-glu Produkzioak egindako antzezlanak izango du gaurko saioan topaketei hasiera emateko ardura. «Kanpaiak jo bitartean» lanean intseminazio artifizialaren gaia jorratuko dute taldekoek. Bihar, aldiz, orain dela gutxi estreinatutako «Aitarekin Bidaian» lana eskainiko du Hika Teatrok, hiru urteko geldiunea egin ostean taldea agertokira itzuli duen lana. Adineko jendeak izan ohi dituen gaixotasunei buruzko antzezlana da, seme-alaben ikuspuntutik jorratzen duena gaia. Azkenik, hasierako asteburu honetan, adin guztietako ikus-entzuleentzat egokia den «Baso Sorgindua» Patata Tropikala taldearen emanaldia izango da.

Hurrengo asteko ostiralean, hots, hilaren 13an, Azoka Eguna izango da. Iaz abian jarritako ekimena da, aurtengoa bigarren aldia duena, beraz. «Lur azaleko hitzak» antzezlanaren ondoren gaur egungo antzerkiari buruz hitz egingo duen mahai-ingurua egingo dute. Arratsaldean, Hebentik eta Ez dok hiru taldeen lanak izango dira, hurrenez hurren, «Har eman» eta «Euskarazetamol». Azkenik, hilaren 13an bertan, Ander Lipusek zuzendutako «Babiloniako Loreak» lanaren emanaldia izango da.

Aurtengo hitzordurik garrantzitsuenetako bat izango da Maite Agirrek zuzentzen duen Agerre Teatroa taldeak egingo duen aurrestreinaldia. «Doltza. Dulcinea y el Caballero de los Leones» antzeztuko dute hilaren 14an. Hurrengo asteburuan, bestalde, antzerki amateurrak hartuko du lekukoa. Aurtengo edizioan, hilaren 22an izango den ekitaldian, Imanol Eliasi omenaldia egingo diote, antzezle eta sortzaile izanik, Azpeitian antzerkia bultzatuz egindako lana eskertzeko.

AURRESTREINALDIA

Maite Agirrek zuzentzen duen Agerre Teatroak otsailetik aurrera antzeztuko duen lanaren aurrestreinaldia Azpeitian egingo du, hilaren 14an izango den emanaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo