Etxeratek IX. Batzar Nazionala egingo du Tolosan azaroaren erdialdean
IX. Batzar Nazionala egingo du Etxerat elkar- teak datorren azaroaren 15ean Tolosako Leidor aretoan. Era berean, euskal presoen senitartekoen aurka «erasoak» gertatzen ari direla jakinarazi dute, eta horien asmoa presoak «suntsitzea» dela salatu dute.
GARA
Urtero legez, datorren azaroaren 15ean Tolosako Leidorren egingo duten IX. Batzar Nazionalerako deia egin du Etxerat elkarteak. Honekin batera, gogor salatu dituzte euskal preso politikoen senideen aurkako neurriak.
Presoen eskubideen aldeko elkartekoen ustez, euskal presoen aurkako «espetxe politika kriminala» gogortu nahi dute. Elkartekoek adierazi dutenez, «dirudienez, ez dute aski sakabana- keta, bizi osorako zigorra, heriotza zigorra, isolamendua, bakartzea, jipoiak, mehatxu, komunikazioen bortxaketa etengabea, eta halako neurriekin». Asmoa presoak pertsona eta subjektu politiko gisa «suntsitzea» dela salatu dute, «horretarako, euren inguru sozial eta afektibotik aldenduta».
Beseteak beste, Estatu espainoleko lau espetxetan bisitan zihoazen senide eta lagunei miaketa egin nahi izan dietela salatu dute presoen eskubideen aldeko elkarteko kideek.
Badajozen esaterako, Polizia espainolak eta espetxe zaindariek espetxera bisitan zihoazen senitarteko eta lagunei miaketa egin nahi izan zieten, eta horietako batzuk miaketari uko egitearren bisitarik gabe geratu ziren. Bestalde, Etxeratekoek jakitera eman dutenez, Foncalenten (Alacant), «Madriletik etorritako agindu bat zutela argudiatuz», Endika Abad presoaren gurasoak arakatu eta biluztu nahi izan zituzten. Beste horrenbeste gertatu zen Albaceteko espetxean Txus Goikoetxea arrasatear presoaren bikotekidearekin. Era berean, Alcala Mecon (Madril) Josu Arruabarrena errenteriarraren eta Sergio Boado iruindarraren senitartekoak ere gisa horretako tratua jasan behar izan zuten. Horren guztiaren harira, gizarteko eragile sozial, sindikal, politiko eta norbanakoen konpromisoa beharrezkoa dela dio Etxeratek, «eskubideen bortxaketa etengabea eta umilazio saiakerak gaindituko dituen konpromisoa».
Atzo gauean, bestalde, 58 lagun bildu ziren Iruñeko Txantrea auzoan presoen alde, 55 Donibanen, 48 Burlatan, 44 Iturraman eta 40 Arrosadian. Eibarren egindako elkarretaratzean 45 izan zen.