GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Ezpain gorri eta arropa arinak etsaia erakarri eta akabatzeko

«Robogeisha» filma arduratuko da gaur gauean Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko XX. Astea ixteaz. Geishen aurpegi zuriaren azpian edozertarako prest dauden gerrillariak ezkutatzen dira, eta emakumezkoen amarruez baliatuta erakarriko dituzte beren etsaiak.

p041_f01.jpg

Oihane LARRETEXA | DONOSTIA

Kolore biziko kimonoak, irribarre zintzoak eta ezpain gozoak... tentagarria, baina ez zaitezte iruzur samurrean erori. «Robogeisha» filmeko emakumeek arima hiltzailea dute, eta hala, etsaia akabatzeko edozer egiteko prest daude, haiei ohartzeko betarik eman ere egin gabe. Noboru Iguchi zuzendari japoniarrak atzoko prentsaurrekoan aitortu zuenez, film luze hau egunero pairatzen duen «delirioaren» emaitza da, burutazio horiek gabe ezinezkoa delako honen moduko film bat egitea.

Beldurrezko XX. Astea itxiko duen pelikulak bideojokoak, manga komikiak eta japoniar kulturaren elementuak ditu. «Txikitatik munstroen eta samuraien filmez gozatu dut. Horrek guztiak nigan izan duen eragina agerian gelditzen da pelikula honetan», azaldu zuen zinemagileak. Beraz, horiek denak elkartu eta ondo nahastearen emaitza da «Robogeisha». Iguchik azaldu zuenez, murrizketak jasan zituen ekoizleen aldetik, besteak beste, debekatuta zuen odolez betetako irudi gehiegi egitea: «Neurri handi batean ezarritako baldintza horiei esker ditu filmak ezaugarri berezi horiek», gaineratu zuen.

Izenburuak berak iragartzen du barruan zer topatuko dugun, izan ere, robot eta emakumearen arteko nahasketa dira protagonistak. Ustelkeriaz jokatzen duen gobernuaren aurka borroka egiteko, armada sekretu batek herriko neskak bahitzen ditu, ondoren automata bilakatzeko. Borroka egiteko gorputzeko lekurik misteriotsuenetan ezkutatutako armak dituzte: katanak besapeetan, edota «Mazinger Z» filmeko Afroditaren antzera, esne mingarria botatzen dute bularretatik. Borroka egiteko uniformea ez da edonolakoa: arrosa koloreko barruko arropa erabiltzen dute gerrillariek. «Filma buruan biraka ditudan elementuez eginda dago, erokeria izan daiteke, baina etengabe honelakoetan aritzen naiz pentsatzen», aitortu zuen egileak irribarretsu. Pertsonaia nagusiak bi ahizpa dira, maitasunetik gorrotora jauzi egiten duen harremana dutenak. Sentimenduen norgehiagokan, film osoan zehar, Iguchik «txantxetarako» alderdiez gain, gai «sakonak» ere landu nahi zituela adierazi zuen. Fuji mendi enblematikoak ere badu bere garrantzia filmean, baina, azkenean onik irteten da: «Aurrekontu txikia genuen -gaineratu zuen-, beraz, hurrengo batean suntsitu beharko dut». Aurtengo Beldurrezko Astearen irabazlea zein den gaur 12.00etan argituko dute, eta «Robogeisha»ren emanaldiarekin itxiko du aurtengo jaialdia.

proiektuak

Noboru Iguchi hurrengo proiektuetan lanean ari da buru-belarri. Hiru lan ditu esku artean, eta argia ikusten lehena zein izango den ez badaki ere, odola eta indarkeria nagusituko direla, eta samurai, mutazio eta film zaharretan oinarrituko direla iragarri zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo