GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Emakumeek Zuzendutako Zinemaren XIV. erakustaldia heldu da Bilbora

GARA | BILBO

Emakumeek Zuzendutako Zinemaren XIV. Erakustaldia Bilbora itzuli da beste urtebetez. Atzo zabaldu zituen ateak erakusketak, eta datorren azaroaren 14ra arte izango da ikusgai. Inaugurazioa Erika Lusten eskutik heldu zen, zinema erotikoa egiten duen zuzendariaren eskutik, hain zuzen. Hasiera emateko Lustek zinema feministari eta pornografikoari buruzko hitzaldia eman zuen Lan-Ekintzako ekitaldi aretoan.

Herrialde desberdinetako zuzendarien hamar film luze eta bederatzi film labur proiektatuko dira aste osoan zehar hiriburuko Capitol aretoetan, egunero 20.00etan izango diren emanaldietan. Erakustaldiaren asmoa kalitatea eta berrikuntza uztartzea dira. Batetik, nazioarteko hainbat zinemalditan saritutako lanak ikusteko aukera izango da, baita argitara ekarri gabeko filmak, film laburrak eta dokumentalak ere. Filmen jatorri anitzak kontuan hartuta, batzuk atzerriko hizkuntzetan daude eginik eta horiek guztiak jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin emango dira.

Erakusketa Bilboko Udalaren Berdintasun, Lankidetza eta Hiritargo Sailak Simone de Beauvoir elkartearekin batera antolatu du, BBK Fundazioaren lankidetzarekin. Ekimenaren bidez, konbentzioak alde batera utzi eta haize fresko berritua duen zinemaz gozatzeko gonbita egiten dute.

«Ikusezina ikusteko»

Helburuak, besteak bestea, zinemaz gozatzea da, baina batez ere ikusezina ikusgai jartzea. Horretarako, emakumeen begirada desberdinak Bilboko publikoaren eta zinema-munduaren eskura jarriko dituzte, zinemazaleek munduari «beste era batean begiratzeko» aukera izan dezaten.

Eskainiko diren film laburren artean «Mofetas», «Mi querida abuela» edota «Rascal's street» izango dira. Film luzeetan, berriz, «Dunia», «Las visas posibles» edota «35 shots of rum».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo