GARA > Idatzia > Kultura

gariren «16 lore» bilduma la berria

«Ahotsarekin adierazkortasuna lortzen ahalegin berezia egin dut»

p034_f01_148x220.jpg

Gari | musikaria

Kantariek beren barrenak oihu bizian husten zituzten punk garaietan ezagutu genuen Gari legazpiarra, Hertzainak taldeko abeslaria. Gerora bakarka ekin zion sigi-saga bidezidorrari, orain garratz orain gozo. Hamar urte iragan dira ordutik, eta ereindako «16 lore» sorta batean bilduta oparitu dizkigu orain.

Anartz BILBAO | BILBO

«Hertzainak jaio eta Hertzainak bukatu» aspaldi ekin zion bizitzeko medioa asmatzeari Garik. Legazpiarrak Afrika aldean eman ditu makina bat hilabete, bertakoekin lanean, eta berriro Bilbora bueltatuta, «16 lore» bilduma ausarta eman du argitara Elkar diskoetxean, gasteiztar punk taldean (hiru) eta bakarka ireki duen lur sailean (hamaika) loratuak -bi kanturen bina bertsiorekin-.

Euskal Herriko ahotsik ezagunenetarikoa denak «Amapola zelai bat daukat barrenean» du aldarri, eta kolore biziz margotuak oparitu nahi dizkigu orain erraietatik sortu lore ausartak, arantza eta guzti.

Afrikara joan aurretik prest utzi omen zenuen lana.

Joan aurretik ideia nahiko itxita zegoen, bai. Baina hasiera batean, diskoa prestatzen hasterakoan, ez ordea.

Lanean helburu argirik gabe hasi zinen hortaz.

Joan aurretik ez zegoen proiekturik. Ideia batzuk utzi nahi nituen estudioan, eta horretan ari ginela, bat-bateko kontua izan baitzen, Miguel (Moyano, ekoizlea) eta Aitorri (Ariño, soinu teknikaria) «goazen bide honetatik» esan nien. Garbi ikusi nuen: «oinarria inprobisazioa izango da» bota nien, «eta saiatuko naiz zuen espresibitatea ateratzen. Beraz, hasi!».

Jazz musikaria bazina legez.

Bai, lehen aurkezpenean ahaztu zait esatea, baina hau ez da rock diskoa, jazz klasikoa baino.

Musikari bikainak estudioan elkartu eta ... jo!

Ez. Prozesua ez da horrela izan, ez dugu talderik batu. Miguel eta biok bikote bezala hasi ginen eta bidean gindoazela... «Fran (Iturbe, gitarra-jotzailea) etorri hona», berarentzat dena prest utzi eta berak koloreak sartu zituen. Eta Karlosekin (Aranzegi, bateria) gauza bera. Baldintza bateriarik gabe jotzea zen, diskoan ez baitago bateriarik, beraz perkusio set bat sortu genuen estudioan, eta horrekin moldatu ginen -Karlosi asko gustatu zitzaion ideia eta buru-belarri aritu zen-. Eta Azpirozekin (Mikel, teklatu jotzailea), gauza bera. Lan honetan bakoitzak bere askatasunari bidea eman dio.

Kantu sorta ederra sortu duzu dagoeneko. Eta orain ezohiko moldean eman eta bilduma plazaratuz harritu gaituzu.

«0-tik hasi», «Esperantzara kondenatua»... gehienbat azken diskoarekin, jada neure burua musikari bezala beste esparru batean ikusten dut, eta horregatik, nahiz eta hasieran ideia hori ez zen nagusi, momentua zen, akaso, bilduma bat plazara ateratzeko.

Agur bezala ere har daiteke.

Ez agur artistikoa. Musikari bezala beste espresibitate edo perspektiba batekin ikusten dut musika, eta nahi ditut jorratu beste bide horiek.

Banda klasikoa atzean utzita?

Kontua ez da banda edo banda gabe. Musika, kantu bat hartzerakoan eta lantzerakoan perspektiba asko aldatu da nire barnean eta horrek joko gehiago ematen dit. Nolabait, azkenengo bi urte hauetan eta musikalki, azal asko kendu ditut.

Eta kanpoko azalak zurituta, ahotsa gailendu eta kantuen ñabardurak agertu dira.

Bai, bateriarik ez dagoenez, ezta baxua ere, detaile horiek askoz argiago agertzen dira. Eta ahalegin edo asmorik nabarmenena ahotsarekin espresibitate hori lortzea izan da. Kantua espresatzeko modu oso ezberdin batez, orain arte erabili ez dudana, beti nuelako bateria baten babesa, eta oraingoan ez dut horrelako babesik izan.

Intuizioz eta bat-batekotasunaz mintzo zara, baina lan sendoa sumatzen da diskoan.

Baina ez da. Lana badago, noski, baina dena inprobisazio prozesu bat izan da, momentuko indarrak jasotzea. Eta garbi esango dizut ia portura iritsi aurretik ere, oraindik ez genekiela, edo ez nekiela zer aterako zen.

Urak ibaian bezala, kantuek egin dute bidea.

Konturatu naiz estudioan edozein perspektibatik has zaitezkeela lanean, nahiz eta ezjakinean ibili. Musikariak gara eta baditugu barneratuta erreminta batzuk, ikusten ez direnak eta gainera zuk zuek ere sekula pentsatu ez duzuna badituzunik... baina emaitza eman dutenak.

Itsaso zabalera heldu arte.

Oso bide emotiboa izan da, oso momentu indartsuak, baita arriskutsuak ere -«agian hemendik ez da ezer aterako», pentsatzen nuen!

Behin portura helduta, ez du ematen zorabiatuta zaudenik.

Kontuan hartu lan honetan parte hartu dugun guztiontzat izan dela sorpresa bat emaitza entzutea, estudioan grabatu edo orain entzun, ez baitu zerikusirik. Inork ez zekien zertan ari zen, ezta nik ere. Bagenekien bagindoazela, baina ez nora. Eta barruan dudana botata, oso gustura gelditu naiz.

Askoz eskarmentu gutxiagoko marinelak izanda, entzuleak akaso zorabiatuko dira.

Lehen esan dizudan bezala, egitasmo honetan arrisku asko hartu ditut eta jendearen harrerari dagokionez... nik ezin dut ezer esan.

Gose, Berangoko Merana ikastetxeko haurrak eta Patti Smith, bidelagun

Atzo aurkeztutako bildumako sorta aukeratzeko, «ez da egon formularik», Garik azaldu zuenez, baina Hertzainak taldearen hiru kantu biltzen ditu. Hasierako «Ta zer ez da berdin», erdiko etapako «Aitormena» eta azken txanpako «Zoratzen», hirurak ere tenpoak eta tonuak zeharo aldatuta. Eta «Esperantzara kondenatua» lanetik, beste horrenbeste. Diskoari izena ematen dion kantuan baina, laguntza berezia izan du legazpiarrak, Berangoko Merana ikastetxeko bigarren mailako umeena. «Sorpresa bat izan zen, gure asmoa lauzpabost umek kantatu eta gero recordingak egitea baitzen». Baina irakasleek hala erabakita, «autobus osoa azaldu zen estudiora, eta oso emotiboa izan zen». Kontu kontari, haurren aipamenak Kongora eraman gaitu, bertan lanean igaro dituen hilabeteetan hartu-emana egin baitu ume afrikarrekin ere. «Bertan aurkeztu nuen diskoa, musikari afrikarrekin», azaldu digu Garik. «Zazpi entsegu inguru egin genituen aurrena, eta baxu jotzailea, esaterako, berak egindako musika tresnarekin azaldu zen, pentsa! Izugarria izan zen, oso polita».

Laguntzaileekin jarraituta, Gose aipatu behar, «Amets» kantu ezaguna guztiz bereganatzen baitu arrasatear hirukoteak. «Euskal Herriko eszenan oso talde indartsua da -oso eszena indartsua dugu egun, oso aberatsa-, harremana dugu eta «Amets» oparitu nien, kantua nahi zuten tokira eraman zezaten». Gainera, rock izar entzutetsu baten partaidetza ere bada «16 lore» bilduman. Patti Smith kantariak Gasteizko Artium museoan erakusketa paratu zuela-eta, Garirekin batera jo baitzuen zuzenean -2008ko abenduaren 6an-, «#9» kantuan agertzen den bezala. «Esperientzia harrigarria izan zen», hiru eguneko master class bat Patti Smithekin. «Emakume bitala da, indartsua oso, bere emozioak oso ondo kontrolatzen dituena». Entsegurik egin gabe, Garik instrumentista kaskarra zela esan omen zion, eta berak «nahiago dut horrela» erantzutean, «ondo goaz orduan», pentsatu zuen.A. B.

«Arriskuak hartu eta erronka berriei heltzeak bultzatzen eta indartzen nau»

Atsegin eta lasai topatu dugu bilbotartutako artista, eta afrikar esperientziaz ere galdetu diogu. Berak, «Kongoko etapaz, aurrerago esango dizuet» erantzun digu, «esperientzia handia izan da, material asko bildu dut eta ahal badut saiatuko naiz guzti horri forma ematen aurrerago» gaineratzeko.

Eta behin hitz egiten hasita, «16 lore» bildumatik urrundu, eta etorkizuneko asmoez ere galdetu diogu. Hasteko, eta abenduaren erdialdera lana zuzenean aurkeztuko duela jakinda -Donostian joko du aurrena-, kontzertuen formatuaz ere solastatu gara.

Legazpiarra entseguetan ari da egun, lana bikotean aurkezteko asmoa baitu, Miguel Moyanorekin batera... ordenagailuak oinarri hartuta!, betiko zaleei arrotz gerta dakiokeen arriskua hartuta. «Horrek bultzatzen nau, horrek indartzen nau, horrelako erronkei heltzea», azaldu digu kantariak. «Tentsioa behar dut, bestela ez dakit funtzionatzen», onartu du.

Etorkizunean nondik jo ote dezakeen asmatu nahi, eta «ni puta idea» bota digunez, gogorarazi diogu iraganean kontatu zigula David Bowie koroak egitera gonbidatu nahiko lukeela, eta «ez da zaila izango» ihardetsi digu, barrezka. Hertzainak taldera bueltatu gara gero, eta balizko itzulera bat aipatuta, «noizbehinka azaltzen dira zurrumurruak, baina garai haiek oso urruti geratzen zaizkit, baita musikalki ere», argitu digu kontua, hasperen baten ostean.A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo