GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Gaueko dantzaldiak egiteko joera berriak

Azken urte hauetan guztietan jai eredua aldatu da gurean, eta gure herrietako txosnagune eta jai eremuetan nabari da bereziki joera hori. Urteak atzera nagusi ziren erromeria taldeek gero eta plaza gutxiago dituzte, proposamen berriak apurka-apurka tokia egiten ari diren bitartean. Disko festak eta disko-jartzaileak aurrera egin duten heinean, zuzeneko musikak atzera egin du.

p044_f02_117x252.jpg

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Plaza-taldeak, erromeriak girotzen zituzten taldeak, 1980ko hamarkadan, jaun eta jabe ziren Euskal Herriko jaietan. Akelarre, Minxoriak, Egan, Trakets, Joselu Anayak... herri guztietako jai egitarauetan azaltzen ziren, gaueko ekintza nagusi bezala. Ordu luzez alaitzen zituzten herrietako festak, erromerian, arin-arinak zein kate luzeak eraginez, edo unean uneko kantu esanguratsuenak interpretatuz.

1990eko hamarkada hasieran, belaunaldi berrikoek aisialdirako bestelako proposamenak nahiago zituzten. Rock kontzertuek gero eta leku gehiago zuten jai egitarauetan, eta urte batzuk geroago triki-pop taldeen eztanda etorri zen, Gozategi, Maixa eta Ixiar edota Alaitz eta Maider bezalakoen arrakasta medio. Tabernak «diskoteka» bilakatu ziren, soinu ekipo indartsuak erosiz, musika programazioa landuz eta festa giroko kantuak jartzen hasi zirelarik. Afera honek zuzenekoan jotzen zuten artistengan eragin argia izan zuen, garai bateraino plaza-taldeekin bateragarri izandako tabernak zuzeneko konpetentzia bilakatu baitziren. 1995. urte inguruan hasi zen plaza-taldeen gainbehera, eta taldeak desagertzen hasi ziren, ikusleak zein plazak gutxitzen hasi ziren abiadura berean.

Jai eredua aldatu da gurean, eta ekimen berriak sortzen dira atzerritik datozen proposamen berritzaileei segika. Disko-jartzaileak gurean ohikoak dira gaur egun, taula gainetik musika tresnak desagertzen ari diren honetan. Alta, oraindik ere plaza-taldeak nagusitzen dira jai-egitarauen gaueko eskaintzan: ez dago plaza-talderik gabeko herriko jairik. Hala ere, aldea nabarmena da oso, orain dela hamabost urteko datuekin alderatuz gero. Garai bateko «dinosauroak» ere desagertu dira plazetatik: Akelarreren agurra 2005an izan zen, ia 32 urte etengabean musika jotzen egon eta gero.

Beste batzuk eraberritu egin dira, Egan bezala, Xabier Saldiasek gidari izaten jarraitzen duen arren, ezer gutxi du ikusteko garai batean egiten zituzten dantzaldiekin. Halako talde askok gainera, ikusleria aldatu dute, gazteentzako erromeria egitetik, nerabeentzako saioak egitera igaro direlarik. Alta, badira azken urteotan sorturiko plaza-talde berriak: Laket, Tximeleta, Amaiur, Mikelatx, Akerbeltz... Segida ziurra da, beraz.

Akelarre, letra lodiz idatzi beharreko izena da euskal musikagintzan. Taldearen urrezko aroa 1980ko hamarkadaren hasiera izan zen arren, taldeak itzal luzea du oraindik ere. Plaza-taldea izan arren, sorkuntza propioekin disko mordoxka kaleratu zituen, baita zuzeneko mila emanaldi egin ere Euskal Herria osoan zehar. Markox Juaristi izan zen Akelarre taldeko irudia urte luzez, baxuaren lau sokak maisuki astinduz. Bandaren agurraren inguruan zera aitortu zuen Juaristik bere garaian: «Urte askotako nekea daramagu bizkar gainean eta egungo egoera ez da garai batean zena. Asko aldatu da jai eredua eta gure bidea amaitu delakoan gaude». Haatik, lau urteko isilunearen ondoren, Akelarrek zenbait kontzertu eskaini ditu udara honetan. «Akelarreren itzulera puntuala da. Gure asmoa ez da astebururo herriz herri ibiltzea: Hori amaitu da». Oraingoz, bost emanaldi eskaini dituzte, tartean, Kilometroak eta Nafarroa Oinez ekimen jendetsuetan parte hartuz. Oso kritiko azaltzen da Juaristi azken boladan ugaritu diren proposamen berrien inguruan. «Disko festek kalte besterik ez diote egin zuzeneko musikari. Jendea mobilizatzeko gaitasuna dutela argi dago, baino itxura besterik ez dago horren atzean. Ez dute musikarien lana baloratzen eta horrek min ematen dit», adierazten du haserre antzean. Akelarreren etorkizuna argi ez dagoen arren, pozik daude izan duten harrerarekin. Jende andana bildu izan dute emandako emanaldi bakoitzean eta belaunaldi berrietara ere iritsi direlakoan dago Markox. «Gure betiko ikusleria ezkondua eta urteetan gora doala argi dut, baino itzulerako emanaldi hauetan sumatu dut gazteen artean Akelarre izan zena ezagutzeko jakin-mina, eta hori oso pozgarria da».

Akelarre historia egin duen izena bada, Amaiur urratsez urrats berea idazten ari den talde gaztea dugu. Duela sei urte ekin zioten plazaz plaza ibiltzeari eta taldearen sona handitu besterik ez da egin zuzeneko bakoitzean. Amaiurrek, ehuneko ehunean euskal musika eskaintzen du, abesti guztiak euskal kantu zerrendetatik hartzen dituelarik. Plaza-talde askok bezala, udarako banda dela aitortzen du Naroa Gaintzak, taldeko abeslariak. «Nagusiki maiatzetik azarora bitarte mugitzen dugu taldea. Udara honetan 50 emanaldi inguru eskaini, eta zenbait eskaintzari uko egin behar izan diogu data arazoak medio».

Akelarre taldeko Markox Juaristi ezkor azaldu zaigu plaza taldeen etorkizunaren inguruan. Naroak aldiz, etorkizun baikorra ikusten du. Bi belaunaldi ezberdinekoak izaki, bakoitzaren perspektiba ezberdina da. «Guk egiten dugunak ez du zerikusik garai batean plazetan jorratzen zenarekin. Dantzaldi gaztea egiten dugulakoan nago, gazteok eginda gazteontzat, eta bide horretan aukeratzen dugun kantu zerrendak garrantzi handia du ikusleria eta taldearen arteko kimika onean». Afera horretan dago, antza, Amaiurren arrakasta. Kantu zerrenda gazte eta erakargarri batean. Era berean, «taula gainean kontzertu baten kontzeptua dugu eta zuzeneko transmisio horrek asko laguntzen duelakoan nago». Neguan zehar, Amaiurko kideek beste musika taldeetan jarraitzen dute musika sortzen. «Taldekide gehienek badugu beste musika talderik. Batzuek rocka egiten dute, besteek folka...». Naroa Gaintza, esaterako, Sokiade folk taldean topatu ahal dugu.

Plaza-taldeen ordutegi berberak jorratzen dituzte, baita ikusle berbera girotzeko eginkizuna ere. Disko festak dira, disko-jartzaileak. Abiba izeneko disko festa esaterako, 2004an sortu zen ostalaritzan lanean ibilitako hainbat lagun batu, eta ezkontza eta areto txikietan emanaldiak eskaintzen hasi zirenean. Egun, bost laguneko taldea taularatzen da: Bi DJ, bi dantzari, eta pantaila handian imajinak jartzen dituen bosgarren lagun bat. Kantuen aukeraketa entzulearen araberakoa dela dio Ana Fernandezek, Abibako kideak: «Guk badugu zerrenda bat, baina tokian tokiko aldaketak izaten dira aurrean dagoen ikusleriaren arabera». Alta, Abiba disko festak badu norabide bat. «Musika komertziala deitzen dioten hori da gehien jartzen duguna. Egun irrati eta telebistan azaltzen diren nazioarteko artistak hartzen dute toki nagusia». Euskara izaten da komunikatzeko era bakarra, musika aukeratzeko orduan ere euskal kantei tartea egiten dietelarik. «Hasi ginenetik euskaraz komunikatzen gara ikusleekin. Euskal kantu zaharrak eta egungoak uztartzen ditugu mundu mailako artista ezberdinen musikarekin». Disko festen fenomenoa ez da berria gurean, baina gero eta gehiago dira dantzaldi era hau erabiltzen dutenak gure herriko festaguneetan, ohiko plaza-talde edo erromerien kalterako. «Azken urte hauetan, gorakada egon da», adierazi du Anak, eta belaunaldi berriak dantzaldia ulertzeko molde berri batera egokitu direla gaineratu. Musika belarrietatik sartzen dela argi dago, baina ikusmenak ere sentsazio ezberdinak pizten ditu. Zentzu horretan, Abibak garrantzi handia ematen dio taula gaineko ikuskizunari. Gitarra baten punteoa edo bateria-jotzailearen tarratada ezin dituzte berdindu, eta horretarako argi joko ikusgarriak eta irudiak jaurtikitzen dituzten bideo-pantailak erabiltzen dituzte. Pantaila horien bidez, ikusleek eurek eskatutako mezuak eta abestien hitzak ere proiektatzen dituzte. Plaza-taldeen arerio nagusiak bihurtu dira disko festak. Potoan sarturiko musika dela edo bihotzik gabekoa dela entzun behar izan dute diskoak jartzen dituzten hainbat disko-jartzaileek. Abibako kideek aitortu digutenez, beraiek ez dute zuzenean horrelako kritikarik jaso, baina jakin badakite «hori pentsatzen duenik» izango dela.

Belaunaldi ezberdinen arteko iraultza eta jai eredua ulertzeko bide berriak ez dira soilik oholtza gainetara iritsi. Garai batean kaleko errege ziren txaranga eta fanfarreek ere jasan dute nolabaiteko kolpekada. Perkusio taldeek, batukadak, edota elektro-txarangak kaleak hartu dituzte proposamen berritzaile moduan, bosannova, erritmo afrikarrak, eta rock giro kaletarrak, gora egin duten modu berean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo