Floren Aoiz www.elomendia.com
Denak ezker abertzaleari so?
Nork bere ardurari eutsi beharko lioke, jakina, baina ezker abertzaleari hainbeste eskatzen dioten horiek urratsak emateko adorea agerrarazi behar dute lehenbailehen. Ezker abertzaleak emanen du urratsa, baina beste hainbeste egiteko prest al daude besteak?
Euskal Herrian gertatzen dena oso bitxia da. Ezker abertzalea ilegalizatuta dago, kriminalizatuta, instituzio gehienetatik kanporatuta, hauteskundeetan parte hartzeko aukerarik gabe, komunikabideetan debekatuta... eta, halere, denak ezker abertzaleari begira daude, zer eginen duen zain. Behin betiko irabazten ari dela sinetsarazi nahi digun espainiar Gobernua da, gainera, ezker abertzaleari beldur handienaz so egiten diona. Batasuna hiltzat jo zuten horiek Batasunaren zain daude orain, jakin baitakite indar politiko hori bizirik dagoela eta euskal agertoki politikoa astintzeko gaitasuna duela.
Azken atxiloketek agerrarazi dute euskal jendartean sakoneko aldaketak gertatzen ari direla, askotan azaleratzen ez diren arren. Donostiako manifestazioa aspalditik datozen haserre eta zapuzketaren lehergunea izan zen. Hainbat jendarte ataletan hedatutako amorrua, bestalde, EAJko esparruetara ere iritsi dena. Putxerazoak, ilegalizazioak, espainiar nazionalisten etengabeko erasoa, krisia... dena bildu da jende asko asaldatzeko.
Batzuek eta besteek espero zuten/dute ezker abertzaleak zerbait egitea. Udazkenaz hitz egin zen eta Madrilen pentsatu omen zuten hobe zela edonolako ekimeni ateak ixtea. Alferrik, berriz, ez baitago haien eskuetan ezker abertzaleak egin dezakeena galaraztea, zailagoa bilakatzen ahal badute ere.
Bitxia dela diot, finean, denek onartzen baitute ezker abertzalea dela egoera honetatik beste batera pasatzeko bultzada eman dezakeena. Egia da batzuek hau erabiltzen dutela beren ardurari ihes egiteko, baina oso inportantea da ezker abertzalearen garrantzi politikoaren aitorpena, hauxe baita etorkizunari itxaropenaz so egiteko bide bakarra. Konplizitateak landu behar dira, bestelako agertokiak bilatzen dituzten/ditugun guztion artean, baina abiapuntua norberaren borondatea da eta maila horretan inork ez du agerrarazi ezker abertzaleak erakutsi duen adorea.
Adore hori da ezker abertzalearen kapital nagusia, urteetan zehar bildutakoa, milaka lagunen lan eta sakrifizioari esker lortutakoa. Kapital hori mahai gainean jarri du ezker abertzaleak behin baino gehiagotan, arriskuan jarri ere, aldaketak ekartzeko. Mahaiaren bestaldean, berriz, alderdikeriak, maltzurkeriak eta beldurrak baizik ez ditu aurkitu.
Oraingoan ezin da berriz gertatu. Eskaera aunitz bideratzen zaizkio ezker abertzaleari, eta nik ere uste dut bere eskuetan dagoela aldaketaren gako nagusia; baina, kasu, aurrekoetan huts egin dutenek ezin dute berriz ere zapuztu jendearen ilusioa. Koldarkeriak ez du lekurik egoera honetan. Nork bere ardurari eutsi beharko lioke, jakina, baina ezker abertzaleari hainbeste eskatzen dioten horiek urratsak emateko adorea agerrarazi behar dute lehenbailehen. Ezker abertzaleak emanen du urratsa, baina beste hainbeste egiteko prest al daude besteak?
Finean, asko eman du ezker abertzaleak, eta gehiago eman beharko du. Beste inor ez da hainbeste emateko prest egonen. Ardura handia da hori. Ausardia, hau da, urratsak emateko beldurra alde batera uzteko determinazioa eskatzen duena.