GARA > Idatzia > Euskal Herria

Poltsa denetariko agiriz betea izan arren, etxera itzuli beharrean «paperik gabea» delako

Euskal Herria utzi eta Boliviara itzuliko da datorren ostiralean Marcia Perez Mejia. Hau ez da, ordea, bere kabuz harturiko erabakia izan. «Urrea balio duten» hamaika titulu eta gomendio-gutun dituen arren, paperik garrantzitsuenak falta zaizkio: dokumentazioak.

p018_f0180682.jpg

Janire ARRONDO

Bere herrialdea eta familia zein lagunak atzean utzi zituenetik, gogor egin behar izan du lan Marcia Perezek bizimodua aurrera atera ahal izateko. Hala ere, Boliviatik Euskal Herrira etorri zenetik, zazpi urteetan, bi aldiz jaso du kanporatua izateko agindua. «Berriro atxilotua izan baino lehenago», datorren ostegunean hartuko du hegazkina bere herrialdera itzultzeko. Leporaino betea darama berarekin oroitzapenen maleta.

Bolivian egoera ekonomikoa muturreraino okertu zitzaionean hartu zuen handik irteteko erabakia. Hasieran, Ameriketako Estatu Batuetara joateko ideia buruan ibili bazuen ere, azkenean gertuko senide baten eskutik Gasteizera iritsi zen. Ilusioz hasi zuen bidaia, baina, behin heldutakoan, ez zitzaion batere gustatu hemen berarentzat prestatuta zutena. Hala, «barruko indar guztiak bilduta», ate asko jo behar izan zuen laguntza emango zion inor aurkitu zuen arte.

«Ahal zen lekuan lana bilatu» eta orduan ekin zion Perezek gustuko zituen lanbideak ikasteari. Hala, sukaldaritzan, joskintzan, estetikan zein ahozko komunikazioan aritzeko hainbat titulu atera zituen. Horrekin batera, Donostialdean bizitzen jarri zenean, elkarte eta fundazio ugaritan aritu da lanean, boluntario gisa, betiere. Berarentzat diruak ez omen du eta horrenbesteko garrantzirik.

Harrotasunez gordetzen ditu, txukun, dituen ikasketen titulu guztiak, elkarteetan egin duen lana jasotzen duten gutunekin batera. Tamalez, berarentzat urrearen pareko omen diren paper horiek guztiek ordea, ez dute «ezertarako» balio Gobernu espainolarentzat.

Emakumea eta etorkina

Bai Bolivian eta bai Euskal Herrian, bizitzak kolpe gogorrak eman dizkion emakumea da Marcia Perez. Argitara atera nahi ez dituen hamaika buruhauste pasa behar izan ditu azken urteotan, baina, indarrez eman die buelta horiei guztiei. «Egoerarik larrienetan ere ez dut onartu psikologoen laguntzarik, badakit profesional onak direla, baina, nik neure kabuz egin diot aurre guztiari» dio.

Emakumea eta etorkina izanda oztopo asko izan ditu lan munduan mugitu ahal izateko, etxebizitza izateko... eta guzti horri, bere herrialdean dituen bost seme-alabei pasa beharreko mantenua gehitu behar zaio.

Hala ere, beti atera izan du denbora hainbat fundazio eta elkartetan parte hartzeko. Horrela ezagutu zituen Errenteriako Mikelazulo kultur elkarteko kideak, esaterako. Perezek elkartekoen edozein proposameni beti baiezkoa ematen ziela azaldu du, «ia denborarik ez banuen ere». Argi izan du betidanik besteei laguntzea dela bere helburuetako bat. «Guk jatekorik ez izan arren, geneukana goseak zegoen bizilagun hari eramateko esaten zigun aitak», azaldu du Perezek.

Kanporatzeko agindua

Bere aldetik hamaika ahalegin egin baditu ere, ez ditu lortu Perezek bere egoera arauzko bihurtzeko behar zituen paperak.

Lehenbizikoz duela lau urte egin behar izan zion aurre kanporatze agindu bati. Bere etxean zegoela Polizia joan zitzaion bila eta atxilotua eraman zuten komisariara. «Barrutik lasai nengoen, nik ez bainuen ezer egin, baina poliziak euren fitxarako argazkiak ateratzen eta hatz markak hartzen hasi zitzaizkidanean gaizkile bat banintz bezala sentitu nintzen, etorkina izateagatik gaizkilea», dio Perezek. Bigarren agindua, berriz, duela egun gutxi etorri zitzaion. Egunero bezala lanetik irten, eta etxera itzultzeko autobus geltokian zegoela, kalez jantzitako bi gizon hurbildu zitzaizkion dokumentazio eske. Aurreko kasuan bezala, atxilotua eraman zuten, baina, oraingoan dozena bat emakumerekin egin zuen topo komisariako ziegan. «Hango berri ezagutzen nuenez, oraingoan lotarako koltxoneta eskatu nien poliziei», gaineratu du barre artean.

Euskal Herrian «infernua» bizi izan duela badio ere, oroitzapen onak ere badaramatza berarekin. Bestalde, hara itzultzeko irrika bizia du, dagoeneko hazita topatuko baititu haurrak zirela han utzi zituen seme-alabak. Begiak ere malkoz betetzen zaizkio hona itzultzeko itxaropena duela aitortzean. Hala ere, garbi du haietakoren batek Bolivia uzteko asmoa badu, berak halakorik ez egiteko gomendatuko diola.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo