Bi beteranoak prest daude Tolosan indarrak neurtzeko
Mindegia eta Larretxea, bi beterano, elkarren aurka neurtuko dira Bihar Tolosako zezen-plazan, 12.00etatik aurrera. Bakoitzak hogei enbor 60 ontzako erdibitu beharko ditu, eta denak Ezkurrakoak plazaratuko ditu. Alde bakoitzak 12.000 euro jokatzen ditu dirutan. Ikusmina handia da, eta harmailek itxura bikaina izango dute. Oraindik sarrerarik ez dutenek, 40 euroren truke erosi ahal izango dute. Jon LEUNDA
Donato Larretxea prest dago biharko apusturako. Nafarra gustura geratu da egin duen prestakuntzarekin, baita bere gerriarekin ere, azken urte hauetan arazo ugari izan baititu, baina oraingoan aparteko arazorik gabe dabil.
Zer moduz zaude apustuaren atarian?
Ongi, gustura nago, uste dut prestakuntza ona egin dudala, eta oraingoz, behintzat ez dut inongo arazorik. Txarrena eguraldia izan da, aldaketa asko izan baitira, eta katarroak eta sortzeko giro aproposa izaten da hori; baina oraingoz, alde horretatik ere ongi goaz.
Gerriarekin arazoak izaten dituzu. Oraingoan izan al duzu horrelakorik?
Tira, orokorrean nahiko ongi joan dira entrenamenduak, nahiz eta batzuetan gerriko minak direla-eta utzi behar izan ditudan. Baina ez didate aparteko arazorik sortu, eta apustuko egunean ere horrela izatea espero dut.
Enborrak berak plazaratu behar ditu. Horrek aparteko buruko minik sortzen al dizu?
Ez, egia esan berdin zait bigunak edo gogorrak eramaten dituen, nahiz eta berak gogorrekin joango dela dioen. Izan ere, berak ere nik mozten ditudan berdinak moztu beharko baititu. Kontua da ez dakidala nolako enborrak izango diren, eta ematen didan kezka erremintena da, aurretik ez dakidalako zein erreminta erabali beharko dudan.
Dirua pare samarrean dabil, baina badirudi orain zure aldeko joera hartzen hasi dela. Horrek ematen al dizu ardurarik?
Batere ez. Azken batean, dirua alde edo kontra izan, lana berdin egin behar da, eta horrek ez du ekartzen norgehiagoka bat irabazi edo galtzea. Dena dela, enborrak berak plazaratuko dituela jakinda, normalena faborito bera izatea izango litzateke.
Apustu hau orain dela hiru urte ere egitekotan izan zineten, baina berak min hartu zuen eta ezin izan zenuten gauzatu. Hau orduko ordaina al da?
Ez, ez. Orduan seguru asko ere apustua egingo genuen, baina berak min hartu zuen, eta hortxe geratu zen kontua. Nik hura ahaztuta zegoela uste nuen, baina berriro ere berak bota du desafioa. Egia esan, nik ez neukan jokatzeko asmo handirik, baina nire ingurukoek jokatu egin behar nuela esaten zidaten, eta hortik animatu gara.
Lehen ere bi aldiz jokatu duzu haren aurka. Nolako oroitzapenak dituzu?
Beraren aurka jokatu nuen lehen apustua galdu egin nuen. Gaztea nintzen, eta eskarmentu falta izan nuen orduan. Bigarrenean gauzak beste era batera egin genituen, eta hura irabazi nuen. Bi apustu haietan asko ikasi nuela aitortu behar dut.
Mindegiak dio lanak bukatzeko 100 minutu beharko direla. Zuk zer deritzozu?
Horrela izango da. Enborrak berak ekarri behar ditu, eta denbora hori behar dela esaten badu, horrela izango da. Nik, egurrak plazaratu arte, ezin dut ezer esan.
Igandean zer aterako zara, zure erritmoari eustera?
Egokiena hori izaten da, baina honelako apustuetan aurkariak ere zeresan handia izaten du. Komenigarria da bakoitzak bere erritmoari jarraitzea, baina aurkariari ezin zaio ihes egiten utzi, bestela apustua galtzeko arriskua izaten baita.
Miel Mindegia sasoiko dago, nahiz eta jadanik 60 urte bete dituen. Ezkurrakoa ere gustura dago orain arte egindakoarekin, eta apustura ilusioz beterik doa.
60 urte beteta, baina berriro ere apusturako prest.
Bai, sasoiko ikusten nuen neure burua, eta desafio hau jokatzeko parada nuen, eta azkenean jokatu egingo dut.
Nola zaude iganderako?
Ustez ongi. Prestakuntza egiteko denbora asko izan dut, eta ustez nahiko ongi egin ditugu gauzak.
Zer dakizu Larretxeari buruz?
Ezer asko ez. Apustua egin genuenetik ez dut berarekin hitz egin, eta ikusi ere ez dut egin. Hala ere, hemen inguruan ongi dagoen hotsa dago, eta horrela izango den zalantzarik ez daukat.
Enborrak zuk plazaratuko dituzu. Hor abantaila txiki bat baduzu ezta?
Bueno, garbi dago, bestela ez nuen honelako desafiorik botako. Hala ere, Larretxeari ez dio aparteko eraginik egingo. Txapelketetara ere enborrak besteek jarrita joaten gara, eta ohituta ere bagaude.
Nolako enborrak eramateko asmoa duzu?
Gogorrak, lan asko eramango dut. Ipurdi asko izango dira tartean, eta horrek lan asko egin beharko dela esan nahi du.
Jadanik apustu asko jokatu dituzu. Hau zenbatgarrena den ba al dakizu?
Ez, ez dut konturik eraman, baina asko dira. 18 urterekin hasi nintzen, eta gaur arte. Tarte honetan hamarkada ezberdinetako onenekin neurtu naiz. Hasi nintzenean Polipaso zegoen puntan, eta bi jokatu nituen berarekin. Geroztik makina bat jokatu ditut.
Larretxearekin ere bi jokatu dituzu. Nolako oroitzapenak dituzu?
Lehenengoa aise irabazi nion. Bigarrenean galdu egin nuen, baina beste era bateko apustua egin genuelako. Beste lan klase batera jokatu izan bagenu, agian hura ere irabaziko nion.
Biharko oso eguraldi txarra iragartzen dute. Horrek kezkarik sortzen al dizu?
Bai, eta bi aldetatik gainera. Hasteko jendearengatik. Hau guztia prestatzeko diru asko gastatu behar da, eta gero apustura joandakoan jendea ikustea ederra da. Ikusmin handia piztu da, eta adineko jende asko dago hau ikusi nahian, baina esaten duten bezalako eguraldia egiten badu, garbi dago asko atzendu egingo direla.
Bestetik, guregatik ere bai. Euriarekin enborrak irristakorrak egoten dira, eta aizkora kirtenak ere horrela geratzen dira. Oso kaltegarria izango da denontzat iragarritako eguraldia egitea.
Zenbat denboratan amaituko dituzue lanak?
Aurrez aipatu bezala, lan asko eramango dut, eta nik uste dut 100 minuturen bueltan ibiliko garela.
Irabazteaz gain, beste helbururik ba al duzu biharko?
Etxean egiten dudan lana egitea, uste dut hori dela erronkarik handiena. Hori egin eta Larretxeak irabazten baldin badit, ez dago ezer esatekorik, bera ni baino hobea izan den seinalea izango da, eta ez dago besterik. Hor, txarra, plazara joan eta gai naizen lana ez egitea da. Nirea egiten badut, badakit aukerak izango ditudala.