GARA > Idatzia > Kultura

«Oso-oso diskretu eta ondo antolatutako ahaleginean joango da Andoni Egaña»

p046_f01_148x236.jpg

Iñaki Murua

Bertsozale elkarteko lehendakaria

Aurkezlea bertsolariak aurkezten hasten den arte estutasuna eta urduritasuna izaten dituela esaten du. Berak eta antolatzaile taldekoek. Hala izango da, baina sekula ez du galtzen hizketarako patxada eta elegantzia. Gustura dago Murua orain artekoarekin, baita aurreikusten duenarekin ere.

Amagoia MUJIKA | DONOSTIA

Hilabetea joan da Zestoako lehen saio hartatik. Luze batzuentzat, motz beste batzuentzat. Edo luze batzuetan eta motz, besteetan. Finalaurrekoen atari-atarian, Iñaki Muruak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak, orain arte ikusitakoaren laburpena egin digu. Eta ikusiko duenaren zati bat aurreratzen ere ausartu da. Gozatu eta sufritu ikaragarri egiten dute antolatzen aritzen direnek. Horientzat ez dago tarteko neurririk. Muruak ere hala egingo du, seguru, baina sekula ez du galtzen hitz egiteko patxada eta elegantzia.

Gaur bertan hasiko dira finalaurrekoak Bergaran. Eta finala ere, konturatzerako, hortxe. Txapeldunari «neurri horretako trajearekin ondo ibiltzen asmatzeko» eskatuko dio. Eta oso garbi dauka horretarako eredua Andoni Egaña bera dela, betiere txapelduna berria baldin bada.

Dagoeneko finalaurrekoen atarira iritsi gara. Orain artekoa luze edo motz joan zaizu?

Batzuetan oso azkar eta beste batzuetan ez nahi orduko. Denetik egon da. Estutasun momentua izaten da saioa hasi arte jendea bere lekua hartzen ari dela; bertsolariak iritsi ote diren ordu erdi lehenago; zenbat sarrera jar ditzakegun salgai; 300 pertsona zain daude ilaran eta 50 sarrera bakarrik daude; epaileak iritsi diren; aurkezlea ondo eta lasai ote dagoen... aurkezlea bertsolariak aurkezten hasten den arte izaten dira gure komeriak.

Ilarak aipatu dituzu. Izan ere, saio batzuetan jendea sartu ezinda geratu izan da.

Jende askok esan digu «jarri leku handiagoak». Zestoan ez dago leku handiagorik; Bilbon agian bai, baina zorionez kabitu ginen; Zarautzen ez dago leku handiagorik; Uztaritzen hura zen zegoen tokia eta kabitu ginen... Bertsotan plazaz plaza eta herriz herri ibiltzen da bertsolaria, horrek egiten du bertsolaritza. Plaza bakoitzean daude sareak eta antolatzaile taldeak eta hori daukagu mimatu beharra. Bestela saio guztiak hiriburuetan izango lirateke eta beste herrietan, batere ez. Herri askok merezi dute txapelketako saioa izatea eta, hala ere, denetara ezin dugu txapelketako saiorik eraman. Baina merezi dute eta ahal dugun guztietan jarriko dugu saioa plaza horietan.

Espero baino jende gehiago al dabil ba?

Zarauzkoa lehertu zen eta Zestoakoak ere gainezka egin zuen. Gainontzeko saioetan nik uste bezala aski leku eta ongi kabitu ginen. Jendea badabil, jende gazte andana dabil. Gazteak gaztea erakartzen du eta hori, etorkizunera begira, ilusio berezia pizten digun detailea da. Bertsozale beteranoak, seguru asko, hemendik aurrera engantxatuko dira.

Bertsolari gazteek ezusteko politak eman dituzte. Hori pozgarria izango da elkartearentzat.

Elkartea ustez etxeko lanak ondo egiten ari da. Dauzkagun bitartekoekin ustez ondo egiten ari gara. Plazara bertsogile gazte gero eta gehiago sortzen ari gara. Baina gazte horiek berek ekimenaren jabe eta xaxatzaile izan eta plaza bila ahalegina egin beharko lukete. Dinamika hori eta jarrera ekintzaile hori dakarren gaztea izan beharko luke, goitik euria noiz egingo zain egon ordez. Eta, bestetik, plazak berak, antolatzaileek-eta, mentalizatu beharko lukete nire belaunaldiko jendea hor ibiliko dela bertsotan, baina jende gazteari ere tarte bat egin behar diola herrian urtean behin egiten duen saio horretan. Betiko kontsakratuak bai, baina besteei tokia eginda, hobeto.

Esaten duzunaren arabera, bertsotan ondo egitea ez da nahikoa bertsolari ona izateko.

Nik bertsogilea eta bertsolaria bereizten ditut. Bertsogilea teknikoki bertsotan bikain egiten duena da. Bertsolaria, aldiz, Lazkao Txikik esaten zuen bezala, joandako lekuan egoten dakien hura. Bertsotan ondo egiteaz gain, joandako lekua betetzen asmatzen duena da bertsolari. Ezaugarri horiekin inor ez da jaiotzen, horiek egin egiten dira. Txapelketan ondo ibiltzeak ez du esan nahi ehuneko ehunean plazetan ondo ibiliko denik. Badauzkagu txapelketan parte hartu duten bakoitzean finalista izandakoak, gero, plazaz plaza, horrelako arrakastarik izan ez dutenak. Halako adibideak badaude. Bertsotan ondo egiteaz gain, beste zerbait behar du, xarma berezi bat plaza, antolatzaileak eta zaleak konkistatzeko.

Txapelketak zein saritzen du bertsolaria ala bertsogilea?

Bereizketa hori ez du egiten txapelketak. Saio horretan, gai horiekin, daukazun aldarte horrekin eta epaimahai horren aurrean egindako saioa bakarrik neurtzen du. Beraz, bertsogilea esan beharko genuke kasu horretan. Baina, tira, esaterako Uztaritzeko saioa hartzen baduzu, izan zuen maila aintzat hartuta, seguru asko plazaz plaza bertsolari izateko seikote baten aurrean egon gintezke. Zarauzko saioan ere berdin, baita Laudiokoan ere. Jendea oso gustura geratu zen. Zestoako saioan ere, Jone Uria artzain jarrita, jendeak oso gauza politak egin zituen. Lau saio horiek izan zuten behar besteko edukiera. Eta gero herren antzera gelditu dira Bilboko saioa eta Leitzakoa. Ez zen asmatu baina beti ez da erraza izaten.

Beti ez da asmatzen. Egokituko zitzaizun bidean geratu diren beterano kontsakratu batzuei animoak ematea.

Orain arteko saio guztietan izan naiz. Saioa hasi aurretik antolaketa buru Sabino San Sebastianek eta biok ohitura daukagu bertsolariengana joateko eta esku-estutu bat, bizkarreko bat edo besarkada bat emateko. Bukatutakoan, jende gehiena irabazleengana joaten da eta nik horrelakoetan nahi izaten dut atzerago gelditu denarengana joan. Ez da erraza, baina nik badakit, neuri gertatu zaidalako, hori zer den. Eta nahiago izaten dut gauzak nik ikusi ditudan bezala kontatzea, betiere nahiko sentsibilitatearekin dagoenari minik eman gabe.

Ez du samurra izan behar.

Ez. Baina baten batek egin behar du. Gainera iruditzen zait Jexux Mari Irazurengana joatea edo Xabier Silveirarengana joatea tokatzen zaidala. Horrelakoetan asko estimatzen da. Nik, behintzat, oso gogoan daukat nire bertsokideak etorri zitzaizkidanean bai Gipuzkoako Txapelketan eta bai Txapelketa Nagusian sailkatu ez nintzenean. Eta oso gogoan daukat. Nik egiten dut barruak eskatzen didalako. Irabazlea, azkenean, zoratzen dago eta hark ez du inoren bizkarrekorik behar.

Zer iruditzen zaizu Xabier Silveirak egindakoa?

Berak bere iritzia eman zuen, eta eskubide osoa zeukan. Min hartu nuen egin zuen saioa egin eta kartzelako lan hartan hiru poto egitearekin. Eta min egin zidan bere jarrerak. Bere puntuazioa entzun eta Oihane Perearena falta zelarik, erabaki hori hartzea... Oihane Pereak ere merezi zuen bere puntuazioa entzutea eta bere txaloak jasotzea. Hark ere saio oso bat egin zuen eta bertsolaritza ez da nire, zure edo bestearen jarduna. Taldean egiten da. Berak barkamena eskatu zien bertsokideei eta iruditzen zait beharrezkoa zela eta ondo egindako barkamen eskaera izan zela. Erreakzio odolberoko horrek ez dit gehiegi esaten eta gero, pixka bat lasaitutakoan, egindako barkamen eskaerarekin gelditzen naiz.

Denboran aurrera salto eginda, jar gaitezen abenduaren 13ko finalean. Zer eskatuko diozu txapela janzten duenari?

Iruditzen zait Andoni Egañak asko erakutsi diola oholtzan kide izan duen bertsolariari; egoten jakitea, entzuten jakitea, besteekiko errespetua, txapelduna izendatutakoan zortzikotea aurrera ateratzea, saioari garrantzia ematea eta ez «ni eta ni eta soberan dagoena niretzat». Hori batetik, han bertan eta egun horretan. Eta handik aurrera, nik ez diot ezer eskatzen, baina eredu Andoni hartzen baldin badu, zeregina izango du. Edozein gorabehera dela, begiak Elkartera begira edukitzen jakitea eskertuko nioke. Horretaz aparte, bertsoari irekiera emateko ordua iristen denean, irekiera konpartitua izatea; antzezleekin, marrazkilariekin, jazzarekin... ausardia edukitzea eta taldeko lan batean oinarritutako irekiera ematea. Eta hortik gainera, opa diot osasun ona, indarra, parrandan ondo pasatzea eta inor baino gehiago irautea, lau urtean bertsotan gozatzea eta ahal baldin badu, hurrengoan ere txapela janztea.

Hori guztia txapeldun berririk baldin bada noski.

Andonik txapela janzteko aukera guztiak dauzkala uste dut. Oso lehiakorra da eta aukera guztiak dauzka. Baina besteek bere ondoan asko ikasi dute, beren kasa ere asko ikasi dute, mundura begira dagoen jendea da... Txapeldungai zortzitik zortzi jotzen ditut nik, eta ez da zurikeria. Batzuk besteak baino gehiago gustatuko zaizkit agian baina mailaz denak dira txapeldungai. Lehengo txapelketako zortzi finalista berdinak izan daitezke, baina gerta daiteke lehengo zortzi horiek ez sailkatzea. Txapeldun edozein izanda ere, patroi bikaina dauka eta neurri horretako trajearekin ondo ibiltzen asmatzeko eskatuko nioke. Seguru nago Andonik ahal duen guztia egingo duela. Oso-oso diskretu eta ondo antolatutako ahaleginean joango da eta hari irabazi behar dionak eginda irabaziko du.

Entzule kopurua handituz, baita aretoen tamaina ere

2005. urteko txapelketatik entzule kopuruan gora egin du txapelketak. «Antolaketan aurreikusi genuen eta areto handixeagoak hautatu ditugu aurten. Final-laurdenetan 900-1.000 lagun inguru ibili dira saioetan. Zarauzkoa ez genuen espero. 1.750 lagun inguratu ziren saiora eta 300 lagun geratu ziren kanpoan», kontatu du Jon Agirresarobek, txapelketako koordinatzaileak. Hemendik aurrera, finalaurrekoetan, entzule kopuruak gora egingo du eta aretoak ere handiagoak izango dira. «Bergarako saioa lekuz aldatu behar izan dugu Labegaraietara, tokiagatik. 1.500 lagun inguru sartuko dira eta astelehenerako itxi genuen Interneteko salmenta, sarrerak bukatu ziren-eta», jarraitu du. Gaur, leihatilan 250 sarrera izango dira salgai. Gasteizen 1.100-1.200 lagunentzako tokia izango da, «normalean Gasteizko saioa pixka bat hotzagoa izaten da». Hortik aurrera saioek gora egitea espero da. Tolosako Usabalen 1.700 lagun sartuko dira eta dagoeneko erdiak inguru saldu dira, bonoak kontuan hartuta. Hendaian 1.500-1.600 lagun sartuko dira; Gernikan, 2.000 lagun; Iruñeko Anaitasunan, 2.300 lagun inguru eta, azkenik, Belodromoa. «5.000 lagun ingururentzat prestatuko da. Gero ikusiko da nola joaten den kontua baina jende asko espero dugu Donostiako saioan». Finalerako sarrera salmenta ere azkar doa; 6.000 inguru saldu dituzte eta 14.000 lagunentzako tokia izango da.Amagoia MUJIKA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo