GARA > Idatzia > Kultura

Anti-Flag errepidean da «The People or The Guns» lan berriarekin

A. BILBAO | BILBO

Pennsylvaniako (AEBak) Anti Flag taldeak bi hamarkada luze daramatza oholtza gainean, punk hard rocer doinuak munduan zehar barreiatzen. Justin Sanek gidatutako laukoteak «The People or The Guns» zazpigarren lana plazaratu berri du beraiek sortu zigilu propioan, eta gaur bertan Bilbon izango direla profitatuta, Sanerekin hitz egin dugu, taldearen borroka egun zertan den jakiteko.

Bi hamarkada errepidean igarota, atzera begiratzea harrigarria dela dio musikariak. «Gaztetxoak ginen hasiberritan, eta ametsa egia bihurtu zaigu musikari esker». Talde borrokalaria da Anti-Flag -ezkerrekoak, barazkijaleak eta naturazaleak omen, eta beraientzat garrantzitsuena jende borrokalaria ezagutzea da, edonon daudela ere, eta edozein dela ere jendearen sexu zein erlijio joera edo pentsaera politikoa. Musikak horretarako bidea eman die, eta kontzertu biren bidez mundu osoari buelta ematen diotelako zorionekoak direla onartzen dute. Sanen esanetan, borrokan jarraitzen dute, baina ondo pasatzen dute musika egiten. Horixe baitute helburu, eta entzuleriari ihes egiteko aukera eskaintzea ere bai. Europan jotzea gogoko dutela argitu du, eta zale guztiak ongi etorriak direla gaineratu, borrokalariak ez ezik, oso sutsuak ere badirelako.

«The People or The Gun» lan berrian, justizia eta errespetu gosez dator laukotea, eta sonoritatean beren sustraietara, emozioen bila jo dutela azaldu du Sanek.

Bestalde, Obama aipatu, eta AEBetako politikaz ere galdetu diogu. «Obama ez zen nire lehen aukera, baina printzipioz ez da McCain baino okerragoa», erantzun du Sanek. Eta aldaketa haizeak ahotan hartuta, «aukera berriak zabaldu ditu baina zaila izango du jendearekin eta jendearentzat lan egitea», gaineratu du.

Antidote Tour

Antidote Tourrak Anti Flag eta Alexinonfire aurkeztuko ditu Bilbon, The Ghosts of a Thousan eta Four Years Strong taldeekin batera, Europan barna egingo duten bira trinko, luze eta zabalaren geldialdi batean. Gorantz datorren kanadar taldea da Alexisonfire; Five Years Strong, berriz, 2001ean sortu talde estatubatuarra; eta gaua irekiko duen The Ghost Of A Thousand taldea, berriz, Britainia Handitik dator.

Bira Bartzelonan ireki zuten atzo, zaleei opari bitxi bat eginez. Gaueko kontzerturako sarrera erosia zuen orok zozketa batean parte hartzeko aukera izan baitzuen, eguerdian zuzeneko berezi bat gozatzeko Rock Sound tabernan. Bertan, Anti Flag laukotea, Alexisonfire taldeko George eta Wade kideen laguntzarekin, The Clashen bertsioz osatutako kontzertua ematekoa zen, taldearen eragin eta maisuak zeintzuk diren argi eta garbi uzteko. Madrilerako sarrera guztiak saldu zituzten, eta Bilbon ere agortzear ziren atzo.

Fitxa

Taldeak: Anti-Flag

+ Alexisonfire + Four Years Strong + The Ghosts of a Thousand (Antidote Tour).

Data: Gaur, azaroak 7.

Lekua: Kafe Antzokia (Bilbo).

Ordua: 20.30ean.

Sarrera: 17/20 euro

(agortzear).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo