DONAPALEU
Jean Errecart omenduz egindako lana estreinatuko du gaur Pier-Pol Berzaitzek
Laborantxa berritu nahian bizi osoa eman zuen Jean Errecarten begirada eskaintzen duen «Ze Bolada!» ikusgarria sortu du Pier-Pol Berzaitzek. Donapaleun, laborariaren izena daraman lizeoaren herrian, estreinatuko da gaur ikuskizuna. Ibilbidea Amikuzeko eskualdean hasiko badu ere, Euskal Herrian zehar ibiliko da Errecarten istorioa, berak zioen bezala «beti aitzina!». Azaroaren 21ean Izpuran, abenduaren 8an Bilboko Arriagan, hilaren 12an Hazparnen eta bukatzeko Baionako Antzokian eskainiko da ikusgarria abenduaren 20an. Berzaitz antzerki idazleak eta kantariak zuzendutako ikusgarriak erakusten du Jean Errecart nola bizi izan zen 1925etik 1968ra arte iraun zuen bere bizi publikoko laugarren hamarkadan.