GARA > Idatzia > Kultura

Lesbiana banpirikoen istorio bat gailendu da Beldurrezko Astean

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XX. Asteak ateak itxi ditu, eta baditu garaileak. Film laburren «kalitate handia» goraipatu zuen Nazioarteko epaimahaiak, eta «Barbeer butcher» saritu. Etxean ere geratu da saririk, Telmo Esnalen «Amona Putz!»lanarekin.

p0000_f01.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

«Beldurrezko generoko elementuak umorez betetako uneekin nahastea beti izaten da dibertigarria, ikusleek ondo hartzen duten konbinazioa da. Baina osagai horiez gain, sexua gehitzen bazaio emaitza ezin hobea izaten da, eta horregatik guztiagatik gailendu da `Lesbian Vampire Killers' filma Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XX. Astean», adierazi zuen atzo komunikabideen aurrean Jon Ruizek, Ikusleen epaimahaiko ordezkariak. Phil Claydonen britainiarraren eskutik datorren film luze hori herri txiki batean garatzen da; bertako neskak hemezortzi urte betetzean banpiro lesbiana bilakatzen dira. Oporrak igarotzera bi gizon helduko dira bertara, eta handik aurrera hasiko da nesken arteko borroka, «generoko bertsio dibertigarri eta bihurriena» lortuz.

Film laburren sailean, bestalde, Thomas Oberlies zuzendariaren «Arbeit für Alle» izendatu dute garaile. Ruizen esanetan, «zer gertatzen ari den eta zer gertatuko den ezin iragar daitekeelako, merezi du saria bereganatzea». «Harrigarria da -gaineratu zuen- nola lantzen duen lan munduko gaia zonbien generoarekin. Dibertitzeaz gain, pentsarazi egiten du gaur egungo egoeraren gainean». Estatu espainoleko film laburraren sailean, Telmo Esnal gipuzkoarrak irabazi du saria «Amona putz!» filmarekin, eta honekin, euskaldun batek Beldurrezko Astean sari bat eskuratu duen lehen aldia izan da. «Esnalek mahai gainean jartzen duen istorioa arrunta eta gertukoa da, denok ikus dezakegu geure burua halako egoera batean, eta amaieran dakarren sorpresa...», arrazoitu zuen Ruizek. Esnalek amonaren garrantzia nabarmentzen du lanean, «zer lirateke familiak amonarik gabe?», galdegiten du zuzendariak belaunaldien arteko kontakizun honetan.

Plastilinaren magia

Nazioarteko epaimahaiak beste garaile batzuk izendatu arren, ikusleek hautatutakoekin «oso ados» agertu ziren. Marian Fernandezek ordezkatzen zuen epaimahaiak plastilinaz egindako «Barbee butcher» film laburra saritu zuen. «Sophie Lagüesek 25 segundoan istorioa kontatzeko azaldu duen gaitasuna izugarria iruditu zaigu». Irabazlea izateaz gain, Europako Film labur onenaren Urrezko Méliès sarirako proposatu dute halaber «Barbee butcher». Bertan plastilinazko izaki txiki itxuragabe batek Barbie panpina zatitzen du, bere gorputz lodikotean eransteko. Emaitza, halere, ez da pertsonaiatxoak espero duena. Filmak hala, etsipenak eta bete gabeko desioak «modu finean» islatzen ditu, gogoetarako gonbita eginaz. Fernandezek film labur guztien «kalitate handia» goraipatu zuen, eta hautatzea zaila izan dela gaineratuz, Juan Jose Medina mexikarraren «Jaulas» lanari aipamen berezia egin zioten. Medinaren bigarren film laburra da hori, eta mundu anker batean ageri dira protagonistak: kaiolak, izaki bereziak, txorimalo bat ilargia dirudien paisaia batean. Menderatzeari eta botereari buruzko istorioa da, bizitzeko leku bat bilatzen ari diren pertsonaiei buruzkoa.

«Kontaketa berezi honi ezin genion bizkarra eman, eta aipamenik gabe utzi, horregatik izendatu dugu kategoria honetan», argitu zuen Fernandezek. Azkenik Gazteen epaimahaiak «Miracle Fish» saritu zuen. Bertan haurrak estreinakoz eskolara joaten direnean izaten dituzten bizipenak islatzen dira, umeek sentitzen duten bakartasun hori guztia bilduz. «Filma zintzotasun eta gaiztotasunaren artean mugitzen da, bi sentimendua hauek oso nahasiak dira, bien arteko muga oso fina izanik, eta horregatik ikusleari oso zaila egiten zaio alde batean edo bestean jartzea, pertsonaia bat edo bestea aukeratzea. Horregatik hautatu dugu Luke Doolan australiarraren lana».

Krisiak krisi, arrakasta handia

«Oraindik goiz da balorazioa egiteko. Atzo amaitu zen Beldurrezko Astea, beraz, egun batzuk itxaron beharko ditugu zenbaki zehatzak azaldu ahal izateko», adierazi zuen jaialdiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek. «Hala ere -gaineratu zuen- ziurtatu dezakegu arrakasta handia izan duela aurtengo Asteak, krisiak dena harrapatu duen arren -jaialdiak egun bat gutxiago izan du aurtengo edizioan-, film batean izan ezik, erabat beteta egon da Antzoki Zaharreko aretoa, beraz, ezin gara kexatu». Hurrengo urteko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asterako proposamenak jasotzen hasita, Jon Ruizek film maratoi gehiago antolatzeko eskatu zuen: «Aurrekontuak ahalbidetzen badu, maratoi tematikoak nahiko genituzke».

ZONBIAK

Kasualitate hutsa da aurten film askotako pertsonaiak zonbiak izatea. Gainera, zuzendari askok beldurrezko generoa eta komedia nahastu dute horiek baliatuz. Nabarmentzekoen artean, «Dead Snow» edota «Mutants» lanak.

HAMAZAZPI LABUR

Hamazazpi film labur izan dira aurtengo lehiaketan. Hiru epaimahaiek adierazi dutenez, gai anitzak eta estilo eta eszenografian ugaritasuna nabarmendu dira, eta oparotasun horrek asko zaildu die irabazleak aukeratzeko lana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo