GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Pobreziaren begiak eta segurtasun kontuak

Pobreziari buruzko txostena aurkeztu berri du Secours Catholique-k. Pobreziak emakume aurpegia duela nabarmentzen du laguntza elkarteak, baita erreformaz erreforma beharrean bizi ziren langile kopuruak etengabe gora jotzen duela ohartarazi ere.

Ez dakit laizismoa «nortasun nazionalaren» adierazle ezinbestekotzat jotzen duen Errepublikak zergatik uzten duen «pobreak zenbatzeko eginkizuna» elkarte erlijioso baten esku.

Ipar Euskal Herrian kuraia handiz jarduten duten ehunka boluntarioren lana ez dut auzitan jarriko, herritarrak baliabiderik gabe utzi ostean pobreziaren xifren gainean bere ardura hartzeko gai ez den Estatua baino.

Heldu den urtean «kontu zorrotz eta estuak» eginen dituzte Osakidetzan. Hala entzun diot Bengoa sailburuari. Krisi garaian, kudeatzaile arduratsuaren irudia zabaldu nahi du nolabait Patxi Lopezen Gobernuak.

Alta, krisia izan ala ez, osasun, hezkuntza, etxebizitza... oro har gizarte zerbitzuak «arrazionalizatzeko beharra» aldarrikatzen duten gobernuek zer-nolako erabakiak hartzen dituzten aspalditik jakin badakigu. Katearen azken begian, hantxe azaltzen dira, temati, gure jendarte aberatsak sortutako pariak.

«Kontu zorrotz eta estuak» egiteko beharrik ez dute sentitzen, ordea, segurtasun arloan jarduten duten agintariek. Posta zerbitzuan, erietxetan eta hezkuntza sarean murrizketak nagusitzen dira. Alta, Hortefeux Barne ministro frantsesak 10.754 polizia eta jendarme berri kontratatzeko asmoa du. «Segurtasunezko misioa» bermatzeko 16 milioi euro gastatuko ditu.

Frantzian segurtasunaren mamua erabiltzen dute albistegiak betetzeko, bide batez eredu ekonomikoak kale gorrian utzi dituen herritarren bizitza itzaliz.

Ares sailburuari esker, PPko familia esanguratsuek kudeatzen dituzten segurtasun pribatuaren arloko enpresek haizea alde dute. Euskal Herrian segurtasunean bizitzeko eskubidea merkantzia bilakatu dute, albistegiak betetzeko balio du, bide batez krisia zein gatazka politikoaren aurpegiak estaliz.

Pobreziaren gurpil-zoroa bultzatzen duen politika biluzteko unea da. Elkarrizketaren premia duten auzietan miseria baizik agertzen ez duten agintariak edo bakeari ateak zabaldu ordez segurtasunaren kartzelan dirua xahutzea besterik proposatzen ez duten gobernuak mozorrorik gabe uzteko mementoa baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo