KRONIKA Txapelketa Nagusia 2009
«Eguzkiak urtzen du goian...» eta Maialenek berotu zuen Bergara
Pentsa zitekeen bere lehenengo saioa izanik, errodaje faltarekin iritsi zitekeela, baina esperientzia beti esperientzia. Maialen Lujanbiok erakustaldia eskaini zuen atzo Bergaran eta ziur bertaratutako asko Laboaren doinua burutik kendu ezinik esnatu dela biharamunean.
Ane ARRUTI
Gaian asmatu zuen, tentsioa mantentzen asmatu zuen, eta, batez ere, doinuan eta kantaeran asmatu zuen. Maialen Lujanbio hernaniarrak argi utzi zuen atzo txapelketara gerra emateko asmoz datorrela eta Egañak sarri aipatu duen langa horretatik ez dela hain urruti ibiliko. Ariketa guztietan -puntu erantzunean izan ezik, hor Aitor Mendiluze izan baitzen onena- bera izan zen puntu gehien bildu zituena, txapelketan orain arte inork batu dituen gehien: 708,5 puntu.
Kartzelako lanean egindako bertsoaldiak zur eta lur utzi zituen Bergarako Labegaraieta kiroldegira hurbildutako 1.550 bertsozaleak. «Argazkilaria zara. Oraintxe iritsi zara gertakariaren lekura eta lanean hasteko unea da», izan zen gaia. Lujanbiok, Mikel Laboaren «Martxa baten lehen notak» doinua hautatu zuen eta manifestazio batean kokatu zuen bere burua. Honakoa izan zen bere lehenengo bertsoa: «Irratiak zion kaleetan zela jendetza demasa/ pankarta baten ostean oihuz bete kale eta plaza/ egoera da tentsoa eta bazun iskanbila traza/ hemen norbere hitzari eusten ere ez dago erraza/ oraindik entzuten da oiartzuna hori pelotazo jasa/ lurrean odol arrasto batzuk ta tentsiozko arnasa/ kordoietik hara hona nabil foto bila nere kasa/ baina kaskodun batek esan dit hemen ezta ezer pasa».
2005eko finalean aritutako beste bertsolaria ere, Aitor Mendiluze, ederki aritu zen atzokoan. Ia ariketa guztietan bigarren edo hirugarren egin zuen eta puntuari erantzuten nagusitu zen. Gaur ospatuko den Behobiako lasterketaz galde egin zion Alaitz Rekondo gai-jartzaileak. «Batzuek gozatu ta besteek sufritu», izan zen puntua eta erantzuna: «Korrika ibiltzeak bi aldeak ditu/ neri tentagarria etzait iruditu/ gu sofak askoz gehio erakartzen gaitu».
Seiko motzean ere ongi aritu zen andoaindarra, Beñat Gaztelumendirekin batera elkarri erantzunez. Beñatek erretiroa hartu duenetik asko korapilatu da bien arteko bikote harremana. «Lehen bazina ta bazendu/ zure falta nabarmendu/ orain denbora eman didazu ta arnasa kendu», esan zion Mendiluzek. Gaztelumendik, berriz, «monotonia eroa/ hori da gure geroa/ zu lehen adina maitatu arren ni enaiz lehengoa».
Jainkoaren joan-etorriak
Ez dugu jakingo Jaungoikoa, baldin bada, atzo Bergaran izan zen hala ez. Eliza kontuez aritzea tokatu zitzaien zortziko txikian Lujanbio eta Jon Martini eta, bigarrena kantuan ari zela, argia eta, beraz, mikrofonoetako soinua ere, joan egin ziren. Oiartzuarrak jarraitu egin zuen ordea eta kiroldegi betearentzat buila batean aritu behar izan zuten bi bertsolariak. «Argia eten dute ikusten den gisan/ Jainkoaren zigorra ez ote da izan», esan zuen Martinek. Argia bazetorrela eta ez zetorrelarekin jolastuz, «ni elizara enaiz ez azaltzen sarri/ (...)/ Jainkoa ere badabil juan ta etorri» erantzun Lujanbiok.
Beñat Gaztelumendi, final-laurdenetan puntu gehien lortuta sailkatu zen bertsolaria, hirugarren postuan gelditu zen atzokoan. Kartzelako lanean txukun aritu zen, istripu batean hilda suertatutako umeari argazkia ateraz eta tentsioa mantenduz. «Gorputz atal denak ditut zoom eta guzti atera/ ta argazki baten bila hor zabaldu det kartera/ semea izan zitekeen zorionez ez da bera», bukatu zuen bigarren bertsoa. Hirugarrenean, berriz, «lau terdiak bosterdiak oraindik ez datorrela/ ta ya dardarka bertatik aldegitear nintzela/ semea etorri zait ta besarkatu nau horrela/ ta sentitu naiz berriro jaio izan banintz bezela», bukatu zuen.
Bi bizkaitarrak, Fredi Paia eta Etxahun Lekue, izan ziren final-laurdenetan erakutsitako mailari eusten asmatu ez zutenak. Eurek ere horrela onartu zuten bukaerako agurretan. Seiko motzean Jon Martinekin egindako saioan ikusi zen, agian, Paia onena. «Amoranteen jaiotza/ susmo ilunen aitortza/ zer daukazu zuk bular barruan zelako izotza/ eman behar lizuke lotsa/ susmo makurren morrontza/ poltsa hustu nahi zenidan eta hustu zait bihotza», kantatu zion bikoteari. Lekuek, berriz, lagunek antolatutako ezkontza despedidan aritu zen ondoen, Mendiluze streaperrari kantatuz: «Ordubetean hartu dezagun atsegin/ gero esan guk ezer ez dugula egin».
Batzuk aurrera, besteak atzera, oraindik ezer erabakitzeke dagoen arren, argi dago finalaurrekoetan hasi diren bertsolariak ez direla hutsetik hasi.
Finala gero eta gertuago, bertsozaleak gero eta ugariago eta komuneko ilarak gero eta luzeago. Ezin bertsoaldiak dirauen artean mugitu eta aurretik egin behar. Azpiegiturak eskariari moldatzeko beharra, gero eta nabarmenagoa.