GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Beñi Agirre Euskara irakaslea

Identitate bikoitza al duzue?

 

Zergatik dabiltza, temati, gure identitateaz galdetzean ea euskaldunago sentitzen garen espainiarrak baino ala alderantziz jakin nahian? Akaso pertsona batek bi, hiru... identitate izan ditzake, ala? Ala agiri eta formularioetan nazionalitatea eskatzen duen laukitxoan derrigorrez jartzen dena eta sentimendu librea nahastu nahi dituzte? Pertsona batek nazionalitate bikoitza izan dezake: Kubakoa eta Espainiakoa izan daiteke, Frantziakoa eta Aljeriakoa edota Portugalekoa, Espainiakoa, Frantziakoa... edota nazionalitate denak batera ere izan ditzake. Guztia, paperezko agiri administratiboak lortzeko interesaren araberakoa izango baita. Armadan praktikak eginez, bertako batekin ezkonduz, futbolean jokatuz, bertan lan legala eginez... modu askotan lor daiteke nazionalitate bikoitz hori. Behin agiri horiek lortuta, estatu horien legeak gutxi gorabehera bete eta kito, hori da dena.

Identitatea, ordea, beste gauza bat da. Norberaren identitatea ez da administrazioko paperen bidez lortzen. Identitatea jatorriarekin dago lotua, kulturarekin eta, batez ere, norberaren bizi-proiektuarekin. Horregatik, identitate bikoitza edo hirukoitza izatea ez da gauza naturala, natural ez den bezala pertsonak bi, hiru edo lau bizi-proiektu izatea. Esaterako, Euskal Herrian jaio eta bizi dena euskaldun eta nafarra sentitzea da normalena. Euskaldun bati Argentinan edo frantses bati Australian ez dio aparteko eragozpenik sortuko Argentinan bizi den euskalduna dela, ala bestela, arbaso euskaldunak zituela bai, baina bera argentinarra dela esatea, bizitza eman nahi duen lekuaren arabera. Gauza bera Australiako frantsesaren kasuan. Horietan argi dago NANaren arabera aipatzen den nazionalitatea eta identitatea ez dela gauza bera.

Hortaz, zergatik tematzen dira batzuk ea gu euskaldunak soilik, nafarrak soilik, frantses-euskaldun, espainiar eta nafar edota bestela, nafarragoak espainiarrak baino edo alderantziz sentitzen garen jakin nahian? Galdera, zalantzarik gabe, maltzurra da. Pertsona berak identitate bi, hiru edo gehiago izan ditzake, ala? Normalean ez, identitate bakarrekoak edo bizi-proiektu jakin batekoak gara gizakiok, burua bere lekuan dugunok bai, behintzat. Mundu globalizatuan alde batetik bestera bidaiatzen bizi diren nomada modernoek ere kultura bati, herri bati, familia bati lotuak sentitzen dira, non eta ez diren herri batean errotzen eta bertako kulturan integratzen; baina kasu horretan, gu gehienonean bezalaxe, ez lirateke nomadak izango.

Espainian, guadalajartar bati galdetuz gero espainiar baino guadalajar edo guadalajartar soilik sentitzen den, antzarrak ferratzera bidaliko zaitu. Bera Guadalajaran bizi den espainiarra dela esango dizu, gainerakoak atzerritarrak dira eta kito. Argi ditu gauzak, berea baita naturala. Hizkuntzaz euskaldunak eta hiritartasunez nafarrak garenok ere garbi ditugu gauzak. Antza, Euskal Herrian bizi diren espainiarrek eta frantsesek, ordea, ez. Guadalajaran bezalaxe, Euskal Herrian bizi diren espainiar-frantsesak direla onartuz gero, hemen atzerritarrak liratekeela onartu beharko lukete eta. Horregatik, nahastu egiten dute identitatea eta nazionalitatea. Nazionalitatea eska daiteke, eman daiteke, inposa daiteke... baina identitatea sekula ez.

Azter dezagun orain zertan den ezberdina gudalajartarraren eta nafarraren egoera. Hizkuntzaz, kulturaz, identitatez... ezberdinak izanik, guadalajartarrari Estatuak bermatzen eta babesten dio bere identitatearen garapena; nafarroi, aitzitik, ez. Lehen bagenuen horretarako nafar estatu propioa; orain, ordea, ez. Hain erabakigarria al da, bada, estatu propioa izatea? Ezin al du estatu berak bi, hiru identitate bermatu? Munduko beste lekuetan ez dakit, baina, guri NANa inposatzen diguten estatu horiek, bederen, ez. Zalantzarik baldin baduzu, irakur ezazu gure herriaren historia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo