GARA > Idatzia > Mundua

Talibanen aurkako miliziano burua hil dute eraso suizida batean Pakistanen

Abdul Malik milizianoa hiltzeko ahalegin ugari egin dituzte Pakistango talibanek, baina Matni ipar-mendebaldeko herriko alkateak beti bizirik irtetea lortzen zuen. Atzo arte: kamikaze batek soinean zeraman bonba leherrarazi eta gutxienez hamabi hildako eragin zituen, tartean Malik.

p021_f01_148x104.jpg

GARA |

Gutxienez hamabi pertsona hilda eta beste hogeita hamabost zaurituta utzi zituen atzo goizean Peshawar hiritik gertu egindako eraso suizidak.

Bertako Poliziak emandako informazioaren arabera, kamikazeak Matnin egiten den ganadu ferian leherrarazi zuen soinean zeraman bonba. Abdul Karim Khan poliziaburuak APP Pakistango berri agentzia publikoari esan zionez, Abdul Malik bertako nazim edo buru administratiboa autotik irteten ari zen unean izan zen leherketa.

Sahibzada Anis Peshawarreko udal ordezkariak Geo telebista kate pribatuari esan zionez, «Malik bizirik atera zen azken urteotan bere aurka egindako makina bat erasotik, matxinatuek ez baitiote barkatzen bere garaian talibanen aldeko lana egitetik talibanen aurkako lana egitera pasa izana». Abdul Malikek lashkar izeneko milizia sortu zuen talibanen kontrako borrokarako.

Atzoko leherketak zazpi ibilgailu suntsitu zituen, inguruetako eraikinak kaltetzeaz gain. Yusuf Raza Guilani Pakistango lehen ministroak berehala gaitzetsi zuen atentatua, herrialdeko beste politikari askok geroxeago egingo zuten moduan.

Waziristango kanpaina

Atzoko erasoak urriaren 28an Peshawarren jendez gainezka zegoen azoka baten aurka egindakoa ekarri zuen gogora. Eraso hark 106 hildako eragin zituen. Talibanek esan zuten beraiek ez zutela zerikusirik izan erasoarekin, nahiz eta Pakistango talibanek azken hilabeteotan eraso ugari hartu dituzten beren gain.

Ganadu ferian izandako atentatua ulertzeko, kontuan hartu behar da Pakistango Armada Hego Waziristanen talibanen aurka egiten ari den kanpaina militarra. Atzo bertan Armadak esan zuen azken hogeita lau orduetan «hogei terrorista» hil dituela. Militarren aldetik, zortzi zauritu eta hildakorik ez. Oraingoz ez dago beste iturrietako informaziorik, eta Pakistango Armadak emandakoari propaganda usaina dario.

Gerrillari islamistek atentatu asko egin dituzte azken asteotan Pakistango bazter guztietan, Waziristango kanpainari erantzuteko. Armadaren arabera, mendebaldeko eskualde horretako operazio militarrak hasi zirenetik, 478 miliziano hil dituzte, eta beraiek 44 soldadu besterik ez dituzte galdu. Kontuan hartu behar da Islamabadeko Gobernuak Hego Waziristanera sartzea debekatu duela, eta horregatik ez dela iristen kazetariek egindako kronikarik.

mundua, begira

Pakistango Armadak Hego Waziristanen abian jarritako kanpainari begira daude atzerriko potentziak, batez ere Afganistango okupazioan esku hartzen ari direnak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo