Zuzendari berriarekin ekingo dio denboraldiari Hamaika Bilbok
Denboraldiari indartsu ekiteko asmoz, Amaia Nerekan Hamaika Bilbo euskarazko tokiko telebistaren zuzendari izendatu dute. Bilboko egoitzaren oinarriak ezartzea eta kalitatezko programazio propioa eratzea dira Nerekanen lehentasunak. Horrez gain, saio berriak ere izango dira.
I. AMESTOY | BILBO
Hamaika Telebista euskarazko tokiko telebista sarea izateko bokazioz jaio den arren, Bilboko egoitza da ekimenaren abiapuntua eta honek, denboraldi berriari indartsu ekiteko asmoz, zuzendari berria aurkeztu du. Amaia Nerekan Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua aukeratu dute erronka berria zuzentzeko. Nerekan berak azaldu duenaren arabera, «ustekabean» hartu zuen jasotako lan eskaintza.
Irailean jaso zuen albistea Nerekanek, baina lehen bi hilabeteak ekimenaren nondik norakoak barneratzen eman ditu; hau da, lan taldea ezagutzen eta funtzionamendua aztertzen. Orain hasiko da, hortaz, bere zuzendari lana. Lehenik eta behin, «Bilboko egoitzako oinarriak finkatzea» du helburu. Izan ere, horrela eginez gero, sare izateko asmoz jaiotako ekimenak aurrera jarraitzeko aukera izango du. Horrez gain, «kalitatezko programazio propioa eratzea» da Nerekanen bigarren helburua. Horren harira, abian jarritako bi saioen berri eman zuen: astelehenetan Athleticen albisteen inguruan hausnartzeko «Harrobia» mahai ingurua egingo dute, eta, ostegunetan, «Zortzigarren kalea» dokumental saioa. Horrez gain, filmak jatorrizko bertsioan ematen hasi dira, betiere euskarazko azpitituluekin. Nekaranek nabarmendu duenez, egitasmoa «arrakasta handia» izaten ari da.
Aurretik ere telebistan lan egindakoa da Amaia Nerekan. Orain artean hainbat ekoiztetxetan aritu izan da, eta, ondorioz, bere lana kate bat baino gehiagotan eman da. Etorkizuneko apustuei dagokionez, web orriari emango dion garrantzia aipa daiteke. Hala, laster webgune berritua aurkeztuko dutela iragarri du. «Informazioa jasotzeko moduak asko aldatu dira azken urteotan, gazteen artean batik bat», nabarmendu du. Hori dela eta, teknologia berrien aldeko apustua egingo duela ziurtatu du.
Amaia Nerekanen izendapenarekin Hamaika Bilbok indarra hartzea espero dute ekimenaren bultzatzaileek. Azken finean, «tokiko telebista euskalduna, euskaltzalea, gaztea, modernoa, hurbila eta zabala sustatzea» nahi dute. Bilbon indartu ondoren, beste hiriburu eta herrialdetara hedatzeko xedea dute tokiko telebista sarea eratu asmoz.
Astelehenetan «Harrobia» Athletici buruzko mahai ingurua izango da eta ostegunetan dokumentalak emango dituzte «Zortzigarren kalea» saioan. Filmak jatorrizko bertsioan ematen ere hasi dira, betiere euskarazko azpitituluekin.