Senideek jasaten duten jazarpena salatzeko, itxialdia Huelvan
Euskal preso politikoen senide askok planto egin zuten atzo beste behin; hala, aurrez aurreko bisitetara sartu aurretik katxeatuak izateari uko egin zioten. Ondorioz, bezperan bezala, bisita asko bertan behera geratu ziren. Egoera salatzeko, itxialdi mugagabea abiatuko dute gaur Huelvako espetxean eta egoera konpondu arte presoak ez dira bisitetara irtengo. Amnistiaren aldeko mugimenduak presoak eta euren senideak jazartzeko Estatuak abiatutako estrategia salatu du.
GARA |
Herenegun bezala, atzo ere Estatu espainolean barreiatutako espetxe ugaritan bertan behera geratu ziren euskal presoen bisitak. Izan ere, senide eta lagunek uko egin zioten bisitetara sartu aurretik katxeatuak izateari. Madrilek espetxeetara bidali duen zirkularraren ondorioz, presoekin aurrez aurreko bisitaldiak izan aurretik, lagun eta senideak katxeatu egingo dituzte aurrerantzean funtzionarioek.
Etxeratek jakinarazi duenez, Curtisko espetxean Aritz Azkona preso iruindarraren neskalagunari aurrez aurreko intimoa egitea galarazi zioten sartu aurretik funtzionarioek uki zezaten utzi ez zuelako. Gainera, Etxeratek salatu duenez, kartzelariek jarrera gogorra izan zuten eta liskarra izan zen. Bonxeko espetxean, berriz, Txomin Troitinoren bi senideei ukatu zieten aurrez aurreko bisita egitea arrazoi berdina tarteko.
Teruelen, Mikel Lizarribar eta Josu Lezamaren neskalagunak ere aurrez aurrekorik gabe geratu ziren. GARAri kontatu ziotenez, espetxera sartu bezain laster zirkularraren berri eman zieten eta katxeatuak izateari uko egin ziotenez, ez zieten bisitara sartzen utzi. Lizarribarren lagunak, aldiz, bisita arrunta egin ahal izan zuen, zirkularrak aurrez aurreko bisitei bakarrik egiten baitie erreferentzia. Egoera ikusita, espetxeko arduradunekin hitz egin eta idatzizko salaketa aurkeztu zuten.
Jaengo espetxean, berriz, Jose Mari Sagardui «Gatza» presoaren alabari aitarekin aurrez aurreko bisitaldia egitea galarazi zioten. Alabak salaketa jarri zuen bertako epaitegian.
Larunbatean, besteak beste, arazoak izan ziren Curtisen, Villenan, Puerto II-n, Herrera de la Manchan eta Huelvan. Azken kartzela horretan hiru presoren senideei eragotzi zieten aurrez aurreko bisitak egitea; azkenean, baina, espetxeko preso guztiak geratu ziren bisitarik gabe, senideek gertatutakoa azaldu zietenean guztiek eten baitzituzten bisitak. Atzo iragarri zutenez, egoera salatzeko itxialdia mugagabea abiatuko dute gaurtik aurrera.
Amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi duenez, protestak irauten duen bitartean espetxean dauden preso politikoak ez dira bisitetara aterako. Gainera, borrokaldia aurrez aurreko bisitekin izaten ari diren arazoak konpondu arte luzatuko dute.
Amnistiaren aldeko mugimenduak Gobernu espainolak Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin amaitzeko duen estrategiaren barnean kokatu du azken asteotan senideak jasaten ari diren jazarpena. Azken 30 urteotan Kolektiboaren aurkako neurriak etengabeak izan direla, eta «aurrez erabili dituzten neurrien porrotak» eraman dituela «neurri berriak pentsatzera eta martxan jartzera» salatu du.
Senideak, beti jomugan
Euskal presoen senideak beti «jomugan» izan direla ekarri zuen gogora eta horren adibide argiena sakabanaketa politikoa dela ohartarazi du amnistiaren aldeko mugimenduak. Dispertsioa «azken urte hauetan 16 senideren heriotzaren erantzulea» izan dela ere nabarmendu zuen, eta ostiralean bertan Soraluzeko Peio Etxeberria presoaren bi lagunek izandako istripua ekarri zuen gogora.
Aipatu neurriek zein preso politikoekiko elkartasuna zigortzeak min handia egin duela onartu du amnistiaren aldeko mugimenduak, baina neurri denek porrot egin dutela nabarmendu du: «Bai Kolektiboak erakutsi duen jarrerak, bai Euskal Herrian sortu eta garatu den elkartasun guztiak, indarrik gabe utzi dute espetxe politika anker hau». Hala, aurrerantzean ere bide horretan lanean jarraitzeko deia egin du.
Curtiseko espetxean Mikel Lizarribar eta Josu Lezamaren neskalagunei ez zieten aurrez aurreko bisita egiten utzi. Jose Mari Sagarduiren alabari ere aita ikustea galarazi zioten Jaenen. Hiru kasuetan, senideek salaketa jarri dute.