Orain arteko egoerarekin amaituz, Zaldibiak alkatea izango du berriro
Ezohiko egoera bizi izan dute Zaldibian azken hilabeteotan. Izan ere, «bakarrik» geratu zirela argudiatuz, Udalean ardurak zituzten Aralar alderdiko kideek beren karguei uko egin zieten. Ezker abertzaleak erabaki horren helburua Aralarren «kudeaketa txarra ezkutatzea» dela salatu zuen. Egun gutxitan, alkate eta udalbatza berria izango dute Zaldibian.
Janire Arrondo
Udalbatza uzteko zuten asmoa ekainaren amaieran iragarri bazuten ere, azkenean, irailaren 23an egin zioten uko karguei Zaldibiako Udaleko Aralarreko zinegotziek. «Bakarrik» geratu zirela argudiatu zuten karguak utziko zituztela iragartzerakoan. Baina, udalbatza osatzen zuten alderdi bakarra zirela kontuan izanda, «umezurtz» utzi zuten Zaldibiako Udala. Une horretatik aurrera, kudeaketa batzordearen osaketa nolakoa izango zen erabaki zezaketen legez, baina ardura hori Gipuzkoako Aldundiaren esku utzi zuten.
Egoera horretan, udalbatza berrezarriko zuten kideak hautatzeko izena emateko hogei eguneko epea ireki zuen Gipuzkoako Aldundiak; beste hainbat baldintzen artean, Zaldibian erroldatua eta errotua izatea ezarri zuten izena eman ahal izateko kondizio gisa. Gaur amaitzen da herritarrek izena emateko duten epea. Ondoren, Aldundiak bederatzi hautagai aukeratu beharko ditu hiru eguneko epean, eta horiek ezohiko batzar batean bozketaz hautatuko dute batzorde horretako nork beteko duen alkate papera.
Hauteskundeetan, berdinketa
2007ko udal hauteskundeetan 435na boto jaso zituzten Aralarrek eta EAE-ANVk, baina, azken hautagaitza hori epaitegi espainolek legez kanporatua zuten. Egoera horren aurrean, herritarrek erabakitakoa udalera eramate aldera, akordio batetara iritsi ziren bi taldeak. Hala, boto kutxetatik jasotako emaitza berdinketa izan zenez, hartu beharreko neurri guztiak bi taldeen artean adosturikoak izatea erabaki eta sinatu zuten. Horrenbestez, Zaldibiako Udala osatu beharko luketen bederatzi zinegotzietatik lau Aralarren esku geratu ziren eta beste lau ANVren esku.
Alkate kargua hartu zuen Patxi Aierbek, Aralar «demokrazia ikasgaia» ematen ari zela azpimarratu zuen eta ituna «irtenbiderik onena» zela defendatu zuen. Praktikan, ordea, urtebete baino lehenago, bestelako jokaerak nagusitzen ari zirela salatu zuten Zaldibiako ezker abertzaleko kideek.
Udal hauteskundeetan zerrenda independentistako buru aurkeztu zen Amaia Etxabek GARAri adierazi zionez, «Udalean beraiek bakarrik baleude bezala jokatzen zuten». Esaterako, bi taldeen arteko batzarretan Aralarrentzat positiboak ziren informazioak soilik aztertzen zirela ohartu ziren ezker abertzaleko kideak. Horregatik, herriko edozein arazo kudeatzeko udal teknikoekin edo ordezkari publikoekin bilerak egiten zirenean ezker abertzaleko kideak ere presente egotea eskatu zuten behin eta berriz EAE-ANVko kideek.
Azkenean, gainera, hainbat proiektu eztabaidatzerakoan bi aldeak adostasunera iristen ez zirela ikusita, Aralarrek bosgarren zinegotziari zegozkion eskumenak erabiltzea erabaki zuen; horri esker, bere iritzia nagusitzea lortu zuen. Hortik aurrera, Aralarrek hartu zuen Zaldibiako Udalaren ardura osoa.
Ekainetik irailera
Urtebete pasatxo Udalean egin ondoren, ekainean iragarri zuten Aralarrekoek karguak utziko zituztela. Iragarpenaren ondoren, aldiz, esku artean zituzten pare bat proiektu martxan jarri arte jarraitu zuten Udalean; azkenean, irailean utzi zituzten karguak.
Aralarrek herrian zabaldu zuen agiriak zionez, «egoera honetan ezingo dugu herritarren erdiak agindu zigun eginkizuna burutu». Erabakia azken hilabeteotan Udaleko giroa gaiztotu zelako hartu zutela argudiatu zuten Aralarrekoek. Irailean, ordea, Foru Aldundiak kudeaketa batzorderako deialdia egin ondoren, Aierbek «istorio honetatik bereiztu» nahi duela adierazi zion GARA egunkariari, eta kudeaketa batzorde berria eratu eta «denbora pixka bat» igarotakoan hitz egingo duela.
Etxabek, bestalde, ezker abertzaleko kideek mahai gainean jarritako proposamen guztiak albo batera utzi zituztela salatu zuen eta arazoa Aralarren «kudeaketa txarra» izan zela berretsi zuen. Arazoak arazo, laster martxan jarriko da Zaldibiako Udalean kudeaketa batzordea. Horrela, azken hilabeteetan geldirik egon diren proiektu guztiekin jarraitu ahal izango dute.
2007ko maiatzak 27
Udal hauteskundeetan 435na boto jaso zituzten EAE-ANV legez kanporatuak eta Aralarrek.
2007ko ekainak 18
Udalbatzaren banaketaren gaineko adostasuna sinatu zuten bi alderdiek.
2008ko otsailak 13
Ituna apurtu zuten. Hainbat proiektutan adostasunik lortu ez eta Aralarrek egitasmoak bere kabuz aurrera eramatea izan zen arrazoia.
2009ko ekainak 24
Karguei uko egingo zietela iragarri zuten Aralarreko zinegotziek.
2009ko irailak 23
Aralarreko kideek dimisioak ofizialki aurkeztu zituzten Zaldibiako Udalean.
2009ko irailak 30
Udalean erregistratutako idatzi baten bidez, Aralarrek uko egin zion kudeaketa batzordea osatzeko izendapenak egiteari.
2009ko urriak 16
Gipuzkoako Agerkari Ofizialean (GAO) kudeaketa batzordea eratzeko izen emate deialdia publikatu zen.
2009ko azaroak 9
Herritarrek kudeaketa batzordean parte hartzeko izena emateko epearen amaiera.
2009ko azaroak 12
Gipuzkoako Aldundiak batzordeko partaideak hautatzeko epea amaituko da. Horiek erabakiko dute nork beteko duen alkate kargua.