«Nire gogoa Euskal Herrian jotzea da; hemendik kanpo gehiago jotzen dut»
KANTARIA
Xabaltx zuraidarra, lapurtarra, da, baina urteak dira Nafarroan bizi dela. Azken urteotan, Zugarramurdiko leizeetatik hurbil du bizitokia. «Cymeus» abeslariaren bosgarren diskoa da. Musikaria izateaz gain, irratian ere lan egiten du Xabaltxek. Garai batean Gure Irratian aritu zen eta orain Euskadi Irratiko kolaboratzailea da; «Faktoria» saioan aritzen da.
Idoia ERASO | ZUGARRAMURDI
Xabaltxek aurkeztu duen azken diskoak «Cymeus» du izena; Galesek galestarrez duen izena, Cymru, eta Euskadi hitzak elkartuta jaio da izenburua. Galesekin duen lotura handiaren ispilu da izenburua eta galestarrez diskoa argitaratzeko dagoen egitasmoari bidea irekitzen dio. Oraingoz, euskaraz dago entzungai, bai dendatan diskoa erosita, bai Internetera jota: myspace.com/xabaltx.
Lau urte pasa dira azken diskoa argitaratu zenuenetik, zertan aritu zara ordutik?
Denbora hartu dut nire buruaz okupatzeko, beharra nuen; nire burua zaindu eta beste eskema batzuetatik atera behar nuen. Ez dut baitezpada presarik gauzak egiteko. Gogoa hor da, baina gero gauzak ez ditut tarrapataka egiten: lau urte hartzen dituzularik disko baten egiteko gauza asko pasatzen dira.
Orotarat diskorako 30 kantu sortu ditut, eta hiru familia izaten ahal dira. Alde batetik, diskoan atera direnak, pixka bat pop kutsu batekin; baziren beste hamar kantu arras intimistak, ilun eta tristeak, baita beste hamar kanta esperimental ere.
Beste hogei kantuekin zer egingo duzu?
Beste gauza batzuk eginen ditut segur aski, baina ez nik kantatuz, beste proiektu bat badut horren inguruan. Ez ditut nik kantatuko, zeren eta beti aitzina joan behar duzu; beste bizi bat emanen diet, beharbada neska batzuei esker.
Disko honetako hamar kantuek zer eskaintzen dute?
Diskoa Xabaltxena izan arren, bi bururekin egina izan da; ni neu eta Pascal Garmendia. Uste dut nolabait nire eremu artistikoa jorratzen ari naizela geroz eta gehiago, bai idazteko moduan bai sorkuntzan bai soinuan ene izadia aurkitzen ari naiz. Gauza sakon, arras pertsonala da; eskemetatik kanpo dena beharbada. Ez da sistema komertzialaren barruan sartzen den zerbait; ezberdintasun bat sentitzen dut.
Lau urte hauetan Maialen Errotabehere eta Mixurekin MMX egitasmoan ere aritu zara.
Proiektu hori niretzat arras erakargarria izan da; nolaz lau urte pasatu diren, Maialen eta Mixuk kantatzeko gogoa eskaini zidaten MMX proiektuari esker. Ez nuen gehiago kontzerturik egiten, hemen nintzen itxia, beste gauza batzuekin: mendian zaldiz ibiltzen... Eskema pertsonal batean, nire buruarekin berriz nolabait indarra eta konfiantza hartzen, sendatzen. Proiektu honi esker berriz taula gainera itzultzeko aukera ukan dut, plazer handiz. Lanari gehiago uztartu naiz eta emaitza horren ondorioa da; «Cymeus» MMXren ondorioa da nolabait.
Entzuleek zer Xalbaltx atzemanen dute orain?
Nire izadia aurkitzen ari naiz eta sorkuntzan ari zarelarik gauza inportantea da zure burua aurkeztea zaren bezalakoa, konpromisorik gabe. Ez ditut gauzak egiten komertzial formatu batentzat; bilatzen ditut.
Gauza arras bitxia da, diskoa entzutean uste dut nire nortasuna gibelerat joan dela. Bi buruk egin dute lan hori: Pascal Garmendiak eta nik. Hala, soinu bat atzeman dugu. Bigarren lana da elkarrekin egiten duguna. Diskoa entzuterakoan, Niko Etxartek honakoa erran dit: «Uste dut zure pertsonalitatea gibelerat ezarria izan dela». Uste dut horrela baldin bada zerbaiten zerbitzurako dela; hau da, artearen, sorkuntzaren zerbitzurako izan dela.
Zer berritasun eskaini dizkizu Garmendiak?
Urte bat pasatu dut berarekin solas egin gabe, ene kantuak arras hartu ditu, bihurtu ditu, ez nituen horrela ikusten, eta hor borroka eta tirabira asko ukan ditugu. Berak soinuaren aldetik eta ekoizpenaren aldetik ideiak bazituen eta ez nuen baitezpada hori maitatu.
Egun batez hona etorri da eta solas egin dugu, musika entzun dugu bi egunez, konbentzitzeko, eta bi egunez ulertu dut bere ikuspuntua: ez zela behar gauza bera proposatzea jendeari, beharbada jendeak hori entzuten du, baina zu sortzailea baldin bazara, urrunago joan behar duzu, behar duzu zure burua arriskutan ezarri artistikoki. Idazteko mailan hori izan da: bortxatu nau, bortxaketa bat izan da eta, hori ulertzen duzularik, plazer handi bat da. Jasan egin behar da, baina plazera ere bada aldi berean.
Beraz, disko berritzailea dela esan daiteke.
Niretzat bai, nire bide pertsonalean eta bikote lanean. Arrisku artistikoa da eta desberdintasun hori defenditzen dut.
Kontzertuak eskainiko dituzu disko honekin?
Argentinara eta Uruguaira noa; zortzi kontzertu ditut han. Gero, Durangoko Azokan Plateruena kafe antzokian joko dut eta, ondotik, hemen, Zugarramurdin, kontzertu aurkezpen bat egingo dugu abenduaren 18an.
Euskal Herritik kanpo kontzertu asko eskaintzen dituzu.
Lotura horiek oso inportanteak dira. Nire xedea eta gogoa Euskal Herrian jotzea da; izan ere, azkenean hemen baino gehiago jotzen dut kanpoan. Ez dakit berezitasun hori nondik heldu den, ez dakit nire publikoa badudan Euskal Herrian. Ingalaterran, Eskozian, Irlandan, Galesen... bai, badut. Urtero Belgikan eta Alemanian izaten naiz eta euskaraz kantatuz, baina nire herrian ez dut jotzen.
Beharbada formatu batzuetatik aparte naizelako da, musika mailan, jendeak ez du ohiturarik horrelako musikarik entzuteko. Arras middle tempo da niri musika; ez da album rockeroa, kantu herrikoiarekin ez du deus ikustekorik... Denbora berean kantautore lana ere bada, baina ez hain markatua, herria kantatzen duena. Zerbait bada, bestela gehiago joko nuke nire herrian.
Maialen Errotabehererekin egitasmorik ba al duzue?
Ez dut uste, oso hunkituak gira gure baitan Mixuren desagertzearekin, eta MMXk zentzu bat bazuen hirurak izateagatik. Nik ez nuke nahi, proposamenak izan ditugu gauzak egiteko, baina zintzo eta fidela izan behar da. eta nik ez dut gogorik.
Mixuri omenaldiren bat egiteko asmorik ba al duzue?
Mixuren heriotza oso gogorra izan da. Orain Baionako Avironen zelaian zerbait egitea aipatzen dugu, baina une batean omentzea nola da? Nik egunero omentzen dut, egunero dut gogoan. Diskoan ere agertzen da; ordenagailuaren txoko batean atzeman nituen bere boz batzuk eta diskoan sartu ditut. Gertatutakoak arras hunkitu nau eta gauza anitz aldatu ditu nire izateko eran.
«Gauza sakona eta arras pertsonala da; eskemetatik kanpo dena. Ez da sistema komertzialaren barruan sartzen den zerbait; ezberdintasun bat sentitzen dut»
«Mixuren heriotza oso gogorra izan da. Arras hunkitu nau, gauza anitz aldatu ditu nire izateko eran. Baionako Avironen zelaian omenaldia egitea aipatzen dugu»